Hiri Antolamenduko Plan Orokorra. Izapidetzen ari diren txostenak

Zubigarain, Eraztun Berdeari loturik, Idiazabal gaztaren espazioaren eremua sortzeko HAPOan egin nahi den egiturazko aldakuntzari buruzko aldez aurreko kontsulta publikoa

Noiz: 2022ko maiatzaren 25etik ekainaren 27ra

Nola: Posta elektronikoz: mailto:gestionadm2.0201@vitoria-gasteiz.org

Herritarren partaidetzarako programan (ALHAO) pdf aurreikusitakoarekin bat etorriz, kontsulta publikoa irekitzen da, hala nahi duten pertsonek, antolakundeek eta elkarteek haien iritziak eta ekarpenak azal ditzaten agiri honetan jasotzen diren alderdiei buruz.

Sarrera eta eremuaren eta proposatzen den ekimenaren deskribapena

Gasteizko Udalak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak gaztaren kulturaren inguruko dibulgazio- eta esperientzia-proiektu bat sustatu eta garatu nahi dute, Idiazabal jatorri-deituraren kontseilu arautzailerekin batera. Proiektu horren arabera, Eraztun Berdearen inguruko zelaietan ardi latx talde bat, gaztandegi bat eta zabalkunde- eta turismo-espazio bat ezarriko da, eta bertan izango du egoitza Idiazabal jatorri-deituraren kontseilu arautzaileak.

Deskribatutako proiektuaren interes publikoa kontuan hartuta, indarreko plan orokorrean, hirigintza-estaldura emateko aldaketa egitea proposatzen da.

Aurretiko kontsulta publiko hau Idiazabalgo gazta sustatzearekin lotutako nekazaritzako elikagaien espazioa hartzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketa idazten hasi aurrekoa da.

Proposatzen den aldaketaren bidez eremua behar bezala ezaugarritu eta mugatu nahi da, lurzoruaren kalifikazioaren eta beharrezko hirigintza-parametro espezifikoen bidez, nekazaritzako elikagaien espazioa barne hartzen duten proiektuak hartu ahal izateko, ezinbestekoak diren jarduerak integratuta; nekazaritza-, abeltzaintza-, ekoizpen, kultura- eta aisialdi-jarduerak: horretarako, funtzionamendu egokirako behar diren inguruko espazio libreak antolatuko dira.

Proposatutako eremuari buruzko datuak: Zubigarain dago, Salburuko 14. sektorearen hegoaldean, Nebera gainaren inguruan; Ansoleta 52.katastro-poligonoko 13., 14., eta 15. partzela industrialek, eta 16. partzelak osatzen dute –azken hau trenbide-sarearen garraioen eta komunikazioen sistema orokor gisa kalifikatua dago–. Eragindako partzela industrialetan hainbat eraikin daude, eta ingurumen-balioak dituen siloa da inguruko eraikin esanguratsunena. Horretaz gain, nekazaritzako pabilioi txiki batzuk eta erabiltzen ez den bizitegi-eraikin bat daude bertan. 16. partzela, berriz, urbanizatu gabeko eremu berde handi bat da. Indarrean dagoen plan orokorraren arabera, 2003an onetsia, hego-ekialdetik sartzeko gaitasun handiko bidea izan behar zuen, baina, egun, ez da horrelako bide handirik gauzatzeko beharrik, Gasteizek izandako bilakaerak eta hiri antolakuntzarako plangintza orokor berriaren aldez aurreko azterlan eta aurrerapenak aintzat hartuta. Horretaz gain, 16. partzela horretan garai bateko Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen geltoki baten aurriak daude, eta bertatik igarotzen da izen bereko bide berdea.

Beraz, kontsulta honen bitartez alderdi hauei buruzko iritzia jaso nahi da:

a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak

Eremu horretarako proposatutako antolamenduak barne hartu nahi du Otazutik Gasteizerako sarbidea – A-2130 errepidetik– berritu eta biziberritzeko proiektua. Izan ere, gaur egun ez du ez hiri-bizitzarik ez erabilerarik, izaera periferikoa duelako eta bertako elementuak ez daudelako egoki zainduta: partzela hutsak edo erabilerarik gabeak, kontserbazio-egoera egokian ez dauden eraikinak, Anglo-Vasco Navarro trenbidearen geltokiaren aurriak (birgaitu daiteke eta birgaitu behar da). Era berean, hirigintza-antolamenduan bertan berraztertu egingo da indarrean dagoen plangintzan aurreikusita eta gauzatu gabe dauden bideen antolamendua, izan ere, agerian geratu da ez direla hiria garatzeko beharrezko.

b) Planaren aldaketaren premia eta egokitasuna

Gasteizko Udala – bizi-kalitateari eustea eta hiria eta haren ingurunea bizitzeko espazio egoki bihurtuko duen garapen iraunkorrarekiko duen konpromisoaren haritik– “Hiriko Elikadurari buruzko Milango Ituna” delakoari atxiki zitzaion 2017an, eta, 2021ean, berriz, “Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Deklarazioari”.

Gaur egun, nekazaritzako elikagaien tokiko estrategia bat garatzen ari da, elikadura-sistema jasangarriago bat sortzeko.

Mota horretako jarduerak oso urriak dira udalerrian, eta potentzial handia dute elikagaiak hornitzeaz, landaretza garbitzeaz eta landa-lurzoru naturalak egoera onean mantentzeaz haratago. Lagundu egiten dute gizartea elikadura iraunkorraren arloan sentsibilizatzen, aisialdiko jardueren bitartez, eta nekazaritzako elikagaien katearen balio erantsia areagotzen, jarduera turistikoak sortuta.

Proiektu honen bidez, era berean, hiriaren inguruko lurzoruak berpiztu eta birkualifikatu nahi dira. Bertan ditugu Ansoletako industria garbiaren jarduera, Gasteizek bizi izandako industrializazio garaiko eraikinak (Anglo-Vasco- Navarro trenbidearen bide berdea eta geltokietako bat) eta, horiekin batera, Arabako lautadako paisaia bereizgarria Eraztun Berdean (Olarizutik Nebera gainera).

c) Planaren aldaketaren helburuak

Aldakuntzaren helburua da nekazaritza-, abeltzaintza-, ekoizpen-, kultura- eta aisialdi- jarduerak ezartzeko aukera ematea, horiek, nahitaez, modu integratuan garatu behar baitira, dibulgazio eta esperientzia-proiektuaren arrakasta bermatzeko, non nekazaritzako elikagaien eta turismoaren espazioko proiektuak behar dituen beharren programari erantzungo baitzaion. Era berean, Zubigaraiko eremu hori berpiztu eta birkualifikatu nahi da –Otazutik, hego-ekialdetik, A-2130 errepidetik Gasteizera sartzeko atea, Nebera gainaren inguruan–. Horretarako, aldatu egingo dira 52. katastro-poligonoko 13., 14., 15. eta 16. partzelen kalifikazioak eta hirigintza-parametroak.

d) Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak

Ez dago oso garatuta aurkeztutako proiektua plan orokorraren aldaketaren barruan sar dadin idatzi beharreko araudia, eta hori dela eta, alternatibak gerorako utzi dira. Horrenbestez, planeamendu-dokumentazioa antolatzeko eta izapidetzeko orduan jasoko dira alternatiba horiek, eta orduan aukeratuko da Idiazabal nekazaritzako elikagaien espaziorako proiektua gauzatzeko antolamendu- eta kudeaketa-aukeretako bat.

Alternatiba horiek aipatutako partzela horietako eremuen erabilerak, espazio libreak eta bideak antolatzeko hainbat irtenbide aztertu ahal izango dituzte, bai eta hainbat jarduketa-aukera ere, lehendik bertan daudenak integratzeko (siloa, biltegiak, Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen geltokiaren aurria), haien balioen eta beharren arabera.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.