BIZANek hilaren 14an Foru plazan adin guztietako ehunka pertsona kantari bilduko dituen kontzertua antolatu du

2024ko ekainaren 11n argitaratua

Abestea gustuko duten guztientzat zabalik egongo den Kanta Choir Gasteiz ekimenean parte hartzeko deialdiak bostehun lagun baino gehiago bildu ditu entseguetan.

KARTELA A3 KCG DEF V4

BIZAN sareak Kanta Choir Gasteiz izeneko komunitate-jarduera berria prestatu du. Bertan, adin guztietako ahalik eta pertsona gehien bildu nahi ditu ekainaren 14an, 19:00etan, Foru plazan kanta dezaten. Entseguetan parte hartzeko deialdia abestea gustuko duen edonorentzat egon da zabalik eta ostiraleko kontzertura aukeratutako errepertorioko abestiak entzun eta haien koru-musika egin nahi dituzten guztiak daude gonbidatuta.

Kanta Choir Gasteiz ‘Choir! Choir! Choir!’, egitasmoan oinarrituta dago. Toronton egoitza duen Kanadako abesbatza bat da eta, antolaketa-eredu tradizionala izan beharrean, partaidetza irekiko talde gisa egituratuta dago. Hala, abesbatzak antolatzen dituen ekitaldietara joan nahi dutenek ateak irekita izaten dituzte eta emanaldian parte har dezakete.

Eredu horri jarraituta eta lehen kontzertu hau antolatzeko, BIZANek orain bi hilabete deialdia egin zuen abestea gustuko zuten pertsonak bilatu nahian. Ordutik, bi bloke paralelotan egin ditu entseguak.

Alde batetik, Kanta Choir Gasteizen abesbatza eragilea izenekoarekin egin dute lan. Taldea abesten badakiten edo ezagutza musikal jakin batzuk dituzten pertsonek osatzen dute. Haiek zuzenduko dituzte jarduerarekin bat egitera animatzen diren gainerako herritarrak. Entseguak Aldabe gizarte-etxean egin dituzte maiatzean zehar. Bestalde, kantugintzako noziorik ez dutenek (baina zaletuak direnek) entseguak egin dituzte denbora-tarte berean abesbatza herrikoi txiki batzuekin batera auzo hauetan: Judimendi, Ariznabarra, Txagorritxu, Zaramaga, Arana, Lakua-Arriaga, San Prudentzio ALZI, Los Angeles eliza eta Iparraldeko parkea. Guztira, hamalau entsegu egin dituzte eta Udalak abestiak (hitzekin eta ahotsekin) eta partiturak eskaini ditu. Entsegu horietan guztietan, ia bostehun lagunek hartu dute parte.

Ostiralean eskainiko dituzten abestiak honako hauek dira (bi euskaraz eta bi gaztelaniaz): Hertzainaken  Aitormena, Eganen Behin batean Loiolan, Abbaren Chiquitita, eta Nil Molinerren Libertad. Abesti horiek guztiak hiru ahotsetara egokitu ditu Estibaliz Urkizak, hainbat abesbatzatako zuzendari, Kantugintza Lirikoan graduatu eta Jazz Kantuan lizentziatuak. Gainera, bera izango da emanaldiaren zuzendaria. Ekimenarekin bat egin eta hitzak eskura izan nahi dituztenen kasuan, Udalak kopia batzuk paperean banatu eta QR kodea emango du telefono mugikorretik jarraitu ahal izateko.

Gizarte Politiken zinegotziak Raimundo Ruiz de Escuderok, ekimen berri honen inguruko oso balorazio positiboa egin du. “Euskadin zaletasun koral handia dago eta, gainera, edozein jaitan edo lagunen edo familiarekin egindako edozein topaketatan abesteko joera dugu. Entseguetan 500 lagunek baino gehiagok parte hartu dutela ikusita eta entzule gisa jende asko bertaratuko dela espero dugunez, emaitza ikusgarria izan daiteke. Arrakastatsua izango da, ziur”, gehitu du. Horregatik, adin guztietako jendea animatu nahi izan du bertaratzera. “Ekimenera joatea mereziko du eta seguru nago ikusleok ere gure ahotsekin laguntzen animatuko garela”, adierazi du.

 

Helburuak 

Vitoria-Gasteizen aurrekaririk ez duen jarduera hau BIZANen komunitate-programan txertatuta dago. Horren helburua da izaera ludikoarekin eta dibertsioa oinarri izanda harreman sozialak eta elkartasuna lantzea.

Hauek dira Kanta Choir Gasteiz egitasmoaren helburuak:

  • Herritarren artean BIZAN ikusgai jartzea interes orokorreko jarduera baten bidez.
  • Adin guztietako pertsonentzako topagunea izango den belaunaldien arteko ekitaldi bat egitea.
  • BIZAN zentroen jarduerak herritarrei zabaltzea.
  • Gizarte-harremanak sustatzea, bat-bateko topaketaren eta dibertimenduaren bidez.
  • Musika-kultura eta horren onura positiboak sustatzea.
  • Mugarik gabeko musikariak taldearen zabalkundean laguntzea.

Izan ere, Mugarik Gabeko Musikariek “Un violín por un fusil” proiektu solidariorako musika-tresnak eta funtsak bilduko dituzte ekitaldian. Horretarako sortutako koru handiaz gain, beste emanaldi batzuk ere izango dira: Inma Serrano kantautorearena, adibidez, Álvaro Gonzalez de Langarikak Sebastian Iradierren “La paloma”-ri buruz emandako azalpenen ondoren, konposizio hori abestuko baitu. Gainera, Juan Bordés, Músicos sin fronteras taldeko kidea, ere arituko da, eta pieza bat eskainiko du; eta Kalimba, familia migratzaileak musikaren bidez integratzen lan egiten duen haurrentzako musika-elkartea.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.