Estarroa, menpeko toki-erakundea
Gasteiz hiritik 6 kilometrora dago, muino baten gainean, eta Gasteizko ipar-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da. Aztegieta du mugakide ekialdean, Lermanda eta Margarita hegoaldean eta Martioda mendebaldean. Zalla ibaiak mugatzen du herria mendebaldean, eta Zadorra ibaiak hegoaldean.
'Lentejero' izengoitia hartzen dute bertako bizilagunek.
Historia
Herriari buruzko lehenengo erreferentzia idatzia 1025ekoa da, Donemiliaga Kukulako kartularioan ageri baita aipatua, 'Eztarrona' idatzita. Gerora, Erdi Aroko beste agiri batzuetan, 'Heztarrona' eta 'Ezcarrona' formak ikusten dira.
Hiribildu tituluarekin ageri da Valladolideko Chancillería-ko erregearen nobletasun-agiri batean. Mendozarekin batera, prokuradore bat izendatzen zuen, Arabako Batzar Nagusietan ordezka zitzan. 1975era arte Mendozako udalerrikoa izan zen.
Monumentuak
San Andres eliza da herriko eraikin nagusia, XVI. mendeko tenplua. Portada errenazentista du -aldiz, ez du erretaularik-, Iñigo López de Zárragaren zuzendaritzapean egina, Trinitatearen eta Haragitzearen inguruko ikonografiarekin. Nabarmentzekoa da korua.
Elizaren ondoan XIV. mendeko dorre bat zegoen, gaur egun desagertua. San Mamesi eta San Mikeli eskainitako elizak ere izan ziren bertan. XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako hainbat jauretxe bikain daude. Horietako batean Lazarragatarren armarria ikus daiteke.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.