Armentia, menpeko toki-erakundea

Gasteiz hiriaren hego-mendebaldean dago Armentiako kontzejua, Mendizorrotza auzoaren barruan, hiriaren erdialdetik 3 bat kilometrora, lerro zuzenean. Gasteizko hego-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.

Armentia

Historia

Tradizioaren arabera, bertan jaio zen San Prudentzio, Arabako zaindaria, "bakearen aingeru" izendatua.

Gaur egun, apirilaren 28an -San Prudentzio- ospatzen da bertako jaia, eta milaka arabar bildu ohi dira basilikaren inguruko zelaietan, haren omenez. Erromeria egin ohi da bertan egun horretan, aspaldidanik. Perretxikoak eta barraskiloak jatea da tradizioa.

Monumentuak

Armentiako basilika erromanikoa -San Prudentzioren basilika- XII. mendean eraiki zen, VII. mendeko tenplu baten hondarren gainean. 1773tik 1776ra bitartean egundoko eraberritze-lanak egin ziren, eta klaustroa desagertu egin zen, eta orobat eraitsi zen jatorrizko egituraren parte bat. Arabako santutegi gurtuenetako bat da.

Gurutze latindarreko oinplanoa du. Kapiteletako apaingarrietan, landareak eta animaliak ageri dira, eta zaldun eta zentauroen arteko batailen irudiak. Jatorrizko portadaren aztarnarik geratzen da oraindik.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.