Gamarra, menpeko toki-erakundea

Zadorra ibaiaren eskuineko ertzean dago, eta Gasteizko ipar-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da. Gasteiz hiriari lotua dago ia. Izan ere, hiriaren eta herriaren arteko espazio guztia Gamarrako industrialdeak hartzen du.

'Borreguino' izengoitia hartzen dute bertako bizilagunek.

Gamarra

Historia

1332an atxiki zitzaion Gasteizko hiribilduari, Gaztelako Alfontso XI.a erregeak dohaintzan eman ziolarik. Hainbat bataila izan dira bertan, Komunitateen Gerran, Independentzia Gerran eta lehen karlistaldian.

Monumentuak

Jasokundearen parrokia da herriko eraikin nagusia. Nagusiki XVIII. mendean eraikia da, eta lau arkuko portikoa du, arrosa-leiho eta erliebeekin. Erretaula nagusia XVIII. mendearen bigarren erdikoa da.

Elizaren ondoan, Gamarrako jauregia zegoen garai batean. Eraikin horren fundatzailea Francisco de Gamarra izan zela uste da, munta handiko kargu eklesiastikoak izan zituen arabarra; besteak beste, Cartagena eta Ávilako apezpikua izan baitzen, baita Felipe III.aren kaperaua ere.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.