Gardelegi, menpeko toki-erakundea
Gasteiz hiritik 3,5 kilometrora dago, hegoaldera, Gasteizko Mendien iparraldean, Zapardiel ibaiaren eskuinaldean, eta Gasteizko hego-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.
'Raposero' izengoitia hartzen dute bertako bizilagunek.
Historia
Herriari buruzko lehenengo erreferentzia idatzia 1025ekoa da, Donemiliaga Kukulako kartularioan ageri baita aipatua, 'Gardellihi' idatzita. 1258an Gasteizko hiribilduaren jurisdikzioan sartu zen, Alfontso X.a Jakitunak dohaintzan eman zizkiolarik. Gasteizko herririk zaharrenetako bat da, hortaz.
Monumentuak
San Petri eliza da herriko eraikin nagusia. XIII. mendeko portada du, apaingarririk gabea. Erretaula nagusia XVIII. mendekoa da. Alboetan, San Isidroren eta Arrosarioko Andre Mariaren erretaulak ditu. Eliza eraberritzean, hainbat pintura aurkitu ziren tenpluko erretaula nagusiaren atzean. Itxuratutako erretaula bat da, Baratzeko Otoitzaldiaren eta Azotaldiaren irudiekin, Juan de Bustillo pintorearena (1579). XVII. mendearen hasierako gurutze-bide margotu bat ere aurkitu zen, egile ezezagunarena. 2001ean eraberritu ziren horma-irudiak.
Bi ermita izan ziren herrian, baina galduak dira.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.