Gobeu, menpeko toki-erakundea

Gasteiz erdialdetik 6 kilometrora dago herria, ia bertaraino hazi den hiriaren mugan, Zadorra ibaiaren ezkerreko bazterrean, eta Gasteizko ipar-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.

'Rebelde' izengoitia hartzen dute bertako bizilagunek.

Gobeu

Historia

Herriari buruzko lehenengo erreferentzia idatzia 1025ekoa da, Donemiliaga Kukulako kartularioan ageri baita aipatua, 'Gobeio' idatzita. Gerora, Erdi Aroko beste agiri batzuetan, 'Gobeo', 'Gobeyo' eta 'Goveyu' formak ikusten dira.

XI. mendean Sangraresgo merindadekoa zen. Gaztelako Alfontso XI.a erregeak 1332an Gasteizi atxiki zizkion herrietako bat izan zen. Kontzejuaren lurretan Ehari-Gobeuko industrialdea eraiki zen XX. mendean.

Monumentuak

Herriko eraikin nagusia San Petri eliza da. XVI. mendeko portada du, apaingarririk gabea, eta XVII. mendeko dorrea. Erretaula nagusia rokokoaren eta neoklasikoaren artekoa da. Bada herrian XVI. mendeko bideko gurutze bat, jauregi bat -Landazuri historialariarena- eta zubi bat ere, Zadorra ibaiaren gainean.

San Mikel Atxakoaren ermita bat izan zen garai batean.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.