Askartza, menpeko toki-erakundea

Gasteiz hiritik bost kilometrora dago kokatua. Argandoña du mugakide ekialdean, Otazu hegoaldean eta Arkaia mendebaldean.

Gasteizko ekialdeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.

Askartza

Historia

Garai eta sasoi desberdinetan Gasteizi lotu zitzaizkion 43 herrietako bat da Askartza. 1840an, Añanako kuadrilla bereizi egin zelarik, Gasteizko kuadrillan geratu zen. 

San Román herrixka ere izan zen bertan garai batean.

Errekaberri errekaren ondoan kokatuta dago. Hala ere, Otazuko baltsatik hornitzen dira urez bertako bizilagunak.

Herriaren iparraldetik igarotzen da Madril-Irun trenbidea. Orobat igarotzen da herritik Donejakue bidea.

Monumentuak

San Mikel Arkanjeluaren parrokia-eliza nabarmentzen da herrian, bere dorre lerdenarekin. Arrosarioko Andre Mariaren irudi bat dago elizan, zurruna baina dotorea. Bataiarria garai bateko Urrialdo herritik dator; Aberasturiko elizari erosi zitzaion 1770ean. Kondairak dioenez, oilar baten arrautzatik sortutako basilisko baten eragin gaiztoz desagertu zen herri hura; iturri ondoan jarririk, begietara begiratzen omen zien Urrialdoko bizilagunei, uretara joaten zirenean, eta heriotza eragiten hartara. Apurka-apurka, bada, hustu egin omen zen herria.

San Sebastiani eskainitako ermita bat izan zen han. Herriko parrokia-elizan dago gaur egun santu horren irudia.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.