Ihurre, menpeko toki-erakundea
Andetxa eta Arangiz ditu mugakide iparraldean, N-622 errepidea eta Abetxuku ekialdean, Ehari hegoaldean eta N-1 errepidea eta aireportua mendebaldean.
Gasteizko ipar-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.
Historia
Forondako udalerrikoa izan zen, Gasteizkoak barne hartu zuen arte, 1974an.
Iturrizabaleta ibaia -errota zaharra mugitzen zuena- eta Mendiguren ibaia igarotzen dira herritik. Herri-mendien parte bat ustiatzeko eskubidea dute bertako biztanleek. Garai batean itsasontziak eraikitzeko baliatu izan zen harizti horietako egurra.
'Anegau' edo 'Abillurri' izengoitiak ematen zitzaizkien bertakoei.
Monumentuak
XIV. mendeko erretaula bikaina ikus daiteke Santiago elizan, Euskal Herriko zaharrena, nahiz eta hasiera batean osatzen zuten bost ataletatik lau bakarrik geratzen diren. Ama Birjinaren poliptikoak -XV. mendean urre-orriz margotua- Ama Birjinaren irudia du erdian; berekin zuen Haurra desagertua dago.
Nabarmentzekoak dira, era berean, XVI. mendeko bideko gurutzea, Pietatearen irudiarekin, eta harrizko zubi bat, partez desegina, Mendiguren edo Iturrizabaleta ibaiaren gainean.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.