Ilarratza, menpeko toki-erakundea
Jungitu du mugakide iparraldean, Otazu hegoaldean, Zerio ekialdean eta Arkauti mendebaldean. Alegria ibaiaren adar Zerio ibaiaren ezkerraldean dago kokatua. Harizti bat dago herritik gertu, baita Maumea istilak ere, herriaren hegoaldean. Gasteizko ekialdeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.
'Charquillero' edo 'Piti' izengoitiak ematen zitzaizkien bertakoei.
Historia
1332an Gasteizi atxiki zitzaizkion herrietako bat izan zen Ilarratza. 1135ean, Naiarako apezpiku Sancho de Funesek Pedro Maisuaren esku utzi zituen Armentiako etxea eta inguruko hogei herritako apezpikuaren laurdenak; besteak beste, Ilarratzakoak, Armentiako San Andreseko elizgizonen mantenurako. Donemiliagako katalogoan 'Hillarazaha' izenarekin ageri da, garai bateko 'Harhazua' merindadearen barruan.
Monumentuak
Santa Eulalia eliza. XVI. mendean eraikia da. Erretaula nagusia barrokoa da, eta alboetako erretaulak rokokoak. Elizaren dorrea XIX. mendekoa da. Erdi Aroko bataiarria du elizak. Elizaren barruan iturri bat dago, eta bertatik hornitzen ziren bizilagunak garai batean.
- 1 errepidearen ertzean, jauretxe edo jauregi bat dago, Eskibeldarren eta Garibaitarren armarriekin. Nabarmentzekoa da izkina batean egindakoa.
Santa Eulaliaren elizaren ondoan oinetxe bat dago. Ate nagusiaren ondoan duen armarria nabarmentzen da.
Herriaren sarrerako plazan XIX mendeko bideko gurutze bat dago, harrizkoa, eta harrizko iturria ere gordetzen da. Garai batean irina egin zen errota bat zegoen, Jungiturekin partekatzen zena, eta bi ehungailu.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.