Jungitu, menpeko toki-erakundea

Udalerriaren ekialdean dago, hiriaren erdigunetik 7 kilometrora, Alegria ibaiaren bi adarren artean. Uribarri Arratzua du mugakide iparraldean, Ania ekialdean, Ilarratza hegoaldean eta Zurbano mendebaldean.

Gasteizko ekialdeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.

'Capa Chivo' goitizena eman ohi zitzaien bertako bizilagunei.

Jungitu

Historia

1332an Gasteizi atxiki zitzaizkion herrietako bat izan zen Jungitu. Herriko hamarrenak txandaka jasotzen zituzten Jungituko, Mataukuko, Arbuluko eta Lubianoko elizek. Jungitun lursailen bat saltzen zelarik, Infantadoko dukeak kobratzen zuen zerga, bere jaurerrikoak izaki lur horiek.

Monumentuak

San Millan eliza. Erretaula nagusia estilo neoklasikokoa da. Pinturak ditu gurutzaduraren erdiko bobedetan.

Landazuritarren jauregia, elizaren ondoan kokatua, XVI. mendekoa da.

Ilarratzatarren jauregian sarrerako arkua nabarmentzen da, eta armarria.

San Antonio ermita 1751n berreraiki zen. Orduko erretaula zakar bat du.

Antzako San Martinen ermita garai bateko Ania herri hustuaren ondoan dago, herritik gertu.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.