Lasarte, menpeko toki-erakundea
Gardelegi du mugakide iparraldean, Berroztegieta hegoaldean, Gasteizko Mendiak ekialdean eta Armentia mendebaldean.
Gasteizko hego-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.
Eraztun Berdean barrena 5,5 kilometroko ibilaldia eginez Olarizuko etxaldetik Armentiaraino irits daiteke, Lasartetik igaroz, ordu eta erdi inguruan.
Historia
1135eko uztailaren 1ean, Naiarako apezpiku Sancho de Funesek Armentiako artxidiakono Pedro Maisuari eman zion dohaintzan Lasarte, bertako elizgizonen mantenurako. Mahastiak izan ziren garai batean barruti horretan; hala dago jasota Arabako jauntxoek herrixka zaharrak Alfontso X.a Jakitunari eman zizkioteneko 1258ko agirian. Burgosen sinatutako 1286ko maiatzaren 13ko xedapen batean ageri denez, Gaztelako errege Antso IV.ak Gasteizi eman zion dohaintzan. Arriagako Kofradia desegin eta Araba Gaztelara bildu zelarik, 1332an, herrian egiten ziren Arabako herritarren biltzarrak, Gasteizko jurisdikzioko gizon onek "Junta de Francos Infanzones" eratu baitzuten Lasarten.
Monumentuak
Jasokundearen Ama Birjinaren eliza XII. mendearen bukaeran edo XIII.aren hasieran eraiki zen jatorriz, estilo erromanikoan; garai hartakoak dira portada eta bi leihate. Nolanahi ere, gaur egungo elizaren parterik handiena gotikoa da, XVI. mendekoa. Eliza estaltzen duten bobedek izar-itxurako gurutzeria dute, giltzarri ederrez apainduta. 1511. urtea baino lehenagokoak dira, hizki gotikoz egindako idazkun batean ageri denez.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.