Mendiola, menpeko toki-erakundea
Bi haranen irteeran dago kokatua. Arkatxa mendia du ekialdean, eta Krutzemendi mendebaldean -gaur egun Olarizu esaten zaion mendia-, zeinen gailurrean hormigoizko gurutze handi bat eraiki baitzen 1951n.
Gasteizko hego-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.
Historia
Gritaderako sukarri-lantegiak eta Fuente la Minakoak gizakiaren presentzia erakusten dute, Eneolitikotik -2500 urte Kristo aurretik- eta Brontzezko Arotik -1500 urte Kristo aurretik-. Hainbat lekutan agertu dira horrelako aztarnategiak Gasteizko Mendietan, azken urteetan.
Gerora, modu masiboan kolonizatu zen lurralde hori Erdi Aroan, eta hainbat herrixka sortu ziren, hala nola Mendiola bera. XV. mendeaz geroztik, gorabehera historikoen haritik, desagertzen joango ziren horietako asko, goseteek eta izurriek Erdi Aro berantiarrean sortutako nekazaritza- eta demografia-krisien ondorioz.
XII. mendearen bukaeran Gasteiz hiribildua fundatu zelarik, inguruko herritako biztanle ugari aldatu ziren hara. Hartara, jauntxoei ordaindu beharrekoak ordaintzetik libratuko ziren. Hainbat herri txiki hustu ziren inguru horretan, ez ordea Mendiola.
Arabako zaldunek emanik Gasteizi atxiki zitzaizkion bederatzi herri zaharretako bat izan zen.
Monumentuak
Andre Mariaren Jasokundearen parrokia-eliza XVI. mendean eraikia da, estilo gotiko berantiarrekoa.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.