Kontratazioa - Gasteizko Udalarekin kontratatzeko betekizunak

Administrazioarekin kontratatzeko gaitasun baldintzak:

  • Jarduteko erabateko gaitasuna duten pertsona natural edo juridikoak izatea, espainiarrak nahiz atzerritarrak.
  • Pertsona juridikoek gaitasuna izango dute beren estatutu eta fundazio arauetan jasotako xedeekin, helburuarekin edo jarduera-eremuarekin bat datozen prestazioak emateko kontratuetarako. Ondasun-erkidegoek EZ dute administrazioarekin kontratatzeko gaitasunik.
  • Kontratatzeko debekupean ez egotea.
  • Kontratu bakoitzerako eskatzen den kaudimen ekonomiko, finantzario eta tekniko edo profesionala egiaztatzea; legeak agintzen duen kasuetan, baita enpresaren sailkapena ere, indarrean.
  • Kontratuaren xedea den jarduera egiteko edo prestazioa emateko eska daitekeen enpresa edo lanbide gaikuntza.
  • Enpresaburu-elkarteak: aldi baterako -propio horretarako- eratzen diren enpresaburu-elkarteak kontratatu ahalko ditu administrazioak. Halakoetan, kontratua esleitu arte ez da beharrezkoa izango elkarte horiek eskritura publikoan formalizatzea.

Aurkeztu beharreko agiriak

Kontratu bakoitzaren baldintza-agirietan agindutako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Oro har, agiri hauek, dokumentazio osagarria ere eska daitekeen arren:

Prozedura ireki, murriztu eta negoziatuetan
"1" gutun-azala. Erantzukizunpeko adierazpena

Erantzukizunpeko adierazpena, Europako kontratazio-agiri bakarra (EKAB) izeneko agiriaren ereduari jarraituz, zeina administrazio-baldintzen agirietan I. eranskin gisa agertzen baita. Horren bidez, lizitatzaileak adierazten du betetzen dituela administrazioarekin kontratatu ahal izateko eskatzen diren baldintzak, berariaz baldintza-agirian zehaztutakoak, eta badituela hori egiaztatzen duten agiriak; orobat, hitz ematen du kontratazio-organoak eskatuz gero aurkeztu egingo dituela. Edonola ere, esleitzeko proposamena haren aldekoa bada esleitu aurretik aurkeztuko ditu agiriak.

"2" gutun-azala. Formula bidez zenbatetsi ezin diren irizpideekin lotutako dokumentazioa

Formula bidez automatikoki zenbatestekoak ez diren irizpideekin loturik baldintza partikularren agirietan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute lizitatzaileek, eskaintzak bereiz ebaluatu ahal izateko.

"3" gutun-azala. Formula bidez zenbatetsi daitezkeen irizpideekin lotutako dokumentazioa

Eskaintza ekonomikoa: proposamen bakarra, makinaz idatzia, administrazio-klausula partikularren agiriaren X. eranskin gisa ageri den ereduari jarraituz, eta lizitatzaileak edo haren ordezkariak sinatua. Eskaintza ekonomikoan aparteko kopuru gisa adierazi beharko da aplikatu beharreko BEZa. Halakorik aurreikusten bada, proposamen ekonomikoaren ereduari dagozkion eranskinak ere sartuko dira "3" gutun-azalean.

Ez dira onartuko proposamenak baldin eta:

  • Kontraesanak, hutsuneak, akatsak edo urratuak direla eta, administrazioak eskaintza aintzat hartzeko ezinbestekotzat daukana argi ikustea galarazten bada.
  • Aztertu eta onartzen den dokumentazioarekin bat ez badatoz.
  • Gehienezko aurrekontua edo lizitazio saria gainditzen badute.
  • Proposamenaren zenbatekoan akats nabarmena ageri bada.
  • Agiriaren X. eranskin gisa ageri den proposamen-eredua nabarmenki aldatzen bada.
  • Lizitatzaileak onartzen badu eskaintzak bideraezin egiten duen oker edo ahulguneren bat duela.
  • Hizkiz idatzitako kopurua eta zenbakiz idatzitakoa bat ez badatoz, hizkiz idatzitakoak izango du balioa, Kontratazio Mahaiak bestelakorik erabaki ezean, dokumentazioaren azterketatik ondorioztatutako arrazoizko irizpideetan oinarrituz.
  • Lizitatzaile berak ezingo du proposamen bat baino gehiago aurkeztu. Bakarrik baldintza-agirian baimentzen bada aurkeztu ahalko dira aukerako irtenbideak eta, beraz, aldaerak eskaintza ekonomikoetan.

Baldintza-agiriaren karatulan zerrendatutako dokumentuak, formula bidez zenbatetsi daitezkeen irizpideak balioesteko beharrezko badira.

Prozedura ireki erraztuaren kasuan
  • "Gutun-azal bakarra" edo "1-2" gutun-azala eta "3" gutun-azala, dena delako kontratuaren administrazio-baldintzen agiriaren berariazko betekizunak kontuan hartuz.
  • Erantzukizunpeko adierazpena, dagokion administrazio-baldintzen agiriaren I. eranskin gisa ageri den ereduari jarraituz.
  • Baldintza-agiriaren karatulan zerrendatutako dokumentuak, karatulan bertan ezarritako irizpideen bidez eskaintza balioesteko beharrezko direnak.

Esleipendunak aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko argibideak

  • Pertsona naturala bada: NAN edo pasaportea.
  • Pertsona juridikoa bada: (*) Eratze eskritura edo agiria, estatutuak edo eratze akta, dagokion erregistro ofizialean behar bezala inskribatuta.
  • Eskatutako enpresa gaikuntza egiaztatzeko dokumentazioa, beharrezkoa bada. (*)
  • Administrazioarekin kontratatzeko ahalmena justifikatzeko eskritura edo agiria, proposamena sinatzen duenaren aldekoa. (*)
  • Kaudimen tekniko edo profesionala (baldintza-agirian ezarritako ereduari jarraituz), eskatutako agiri eta bitartekoen bidez behar bezala egiaztatuta.
  • Kaudimen ekonomiko eta finantzarioa (baldintza-agirian ezarritako ereduari jarraituz), eskatutako agiri eta bitartekoen bidez behar bezala egiaztatuta.
  • Enpresaren sailkapenaren ziurtagiria, indarrean, halakorik eskatzen bada.
  • Dagokion erregistroan izena emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria, indarrean.
  • Zinpeko aitorpena, ziurtagirian ageri diren datu eta inguruabarrek balio osoa dutela eta indarrean daudela adieraziz ((baldintza-agirian ezarritako ereduari jarraituz).

Agiriak aurkezteari buruzko argibideak

  • Aurkezten diren agiriak originalak izan daitezke, kopia autentifikatuak, edo Kontratazio Zerbitzuaren udal bulegoetan erkatutako kopiak.
  • Errekurtsoak aurkezteko epeak errekurtsorik aurkeztu gabe igarotzen direlarik, dokumentazioa interesdunen esku geratuko da. Nolanahi ere, kontratua esleitzen denetik hiru hilabeteko epea igarotzen delarik, aurkeztutako dokumentazioa suntsitzea erabaki ahalko du administrazioak, lizitatzaileek ordurako jaso ez badute.

(*) Eusko Jaurlaritzaren Kontratisten Erregistro Ofizialean edo Estatuko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean izena emanda egonez gero, ez da beharrezkoa izango aipatutako agiriak aurkeztea, baina hauek aurkeztu beharko dira:

  • Dagokion erregistroan izena emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria, indarrean.
  • Zinpeko aitorpena, ziurtagirian ageri diren datu eta inguruabarrek balio osoa dutela eta indarrean daudela adieraziz ((baldintza-agirian ezarritako ereduari jarraituz).

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.