Urban Commerce 2019 - Hizlariak

Urban Commerce 2019

Pablo Foncillas

Urban Commerce 2019 - Pablo Foncillas Pablo Foncillas zuzenbidean eta MBAn lizentziaduna da IESE Business Schoolen. Zeregin akademikoan dihardu batetik, eta zuzendaritza- eta aholkularitza-lanetan bestetik, hainbat enpresatan. 25 herrialde baino gehiagotan 175 markatik gora merkaturatzen lagundu du, eta gaur egun egiten duen lanak ingurune digitalarekin zerikusi handia du neurri handi batean. Ildo horretan, ingurune digitalak konpainien merkataritza-ereduak eta prozesua nola aberasten dituen aztertzen du, baita emaitza-kontuetan nola eragiten duen ere.

Ibilbide eta esperientzia luzea dauka eta horregatik hainbat herrialdetako foroetara gonbidatu dute, besteak beste, honako gai hauei buruz gogoeta egiteko: merkataritza elektronikoa, omnikanalitatea, sare sozialak, marketin digitala, joerak, salmentak, route to market, komunikazio komertziala eta marketina oro har.

Zenbait EFI sari irabazi ditu, eta Espainian marketin sektoreko sari nagusia den Efikazia Sarien epaimahaiko kidea izan da. El Sol festibalaren epaimahaiko kidea ere izan da.

Hitzaldiaren laburpena

Zer egin dezake digitalak nire merkataritza-prozesua errazteko eta nire bezeroekin konektatzen laguntzeko?

Winners-ek galdera horri erantzuten dio —«aktualitatearen benetako trending topic bat da B2B y B2C negozioetan»—, eta teknologiaren tresna erabiliz egungo eta etorkizuneko zure bezeroekin berriz ere konektatzeko sekretuak zein diren ematen dizu aditzera.

Izan ere, Amazonek edo Alibabak itxuraz dena berenganatu duten sasoi honetan bizirautea ez da lan erraza. Alabaina, bizitzako beste hainbat gauzatan bezalaxe, bezeroak irabaztea metodo-kontua ere bada, atzo gaur eta beti. Eta gaur eta beti saltzeko sortu den Winner metodoak mugitzen laguntzen dizu, zirraragarri bezain mehatxagarri den etorkizun horretan.

Delia Tobías Lobato

Urban Commerce 2019 - Delia Tobías

Kazetaritzan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun erredaktore gisa lan egiten du Cadena SER Vitorian, eta lehendik irrati horretan Hoy por hoy Vitoria irratsaioa zuzendu zuen.

Aldez aurretik honako hauetan lan egin zuen: Herri Irratiaren informazio-zerbitzuetan, Radio Nacional de Españaren Euskal Herriko erredakzioan, eta Canal Gasteiz Televisión izeneko telebistan, bertan informazio- eta erreportari-zereginak betez, eta programen gidari eta zuzendari izanik.

Ramón López de Lucio

Urban Commerce 2019 - Ramón López de Lucio

Arkitekturan doktorea Madrilgo Arkitekturako Goi-mailako Eskola Teknikoan, 1977. Teknikari hirigilea IEAL Toki Administrazioko Azterlanen Institutuan, Madril, 1970. Master in Urban Affairs, UWM, University of Milwaukee, Wisconsin, 1971. Hirigintza Plangintzan katedraduna, Madrilgo Goi-mailako Eskola Teknikoa/UPM, 2000. UPM Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko katedradun emeritua, 2014. Esperientzia profesionala lurralde- eta hiri-plangintzan eta hiri-diseinuan, Madrilen, Galizian, Kantabrian eta Euskadin.

Hainbat argitalpenen egilea, besteak beste:

Construir Ciudad en la Periferia. Criterios de diseño para áreas residenciales sostenibles” (Mairea, Madril, 2007), “La explosión de la Ciudad/ The explosion of the City. Transformaciones territoriales en las regiones urbanas de la Europa Meridional” (Etxebizitzaren Ministerioa/ Collegi d’Arquitectes de Catalunya, Madril, 2007), “Ordenar el Territorio, Proyectar la Ciudad, Rehabilitar los Tejidos existentes” (Etxebizitzaren Ministerioa, Madril, 2009), “Vivienda colectiva, espacio público y ciudad. Evolución y crisis en el diseño de tejidos residenciales, 1860-2010” (Nobuko, Buenos Aires, 2013), “Madrid 1900-2010. Guía de Urbanismo y Diseño Urbano/ Urbanism and Urban Design Guide” (Madrilgo Udala, 2017, 2 liburuki).

Hitzaldiaren laburpena

Begi-bistakoa da hurbileko merkataritza oso onuragarria dela, bai aldirietako azalera handietara iristeko automobilaren gehiegizko erabilera murrizteko estrategia gisa, bai eremu publikoan dinamizazioa eta segurtasuna sortzeko eragile gisa. Gainera, gizarteratzea eta eguneroko bizitza errazten die adinagatik, muga fisikoengatik, arrazoi ekonomikoengatik edo informatika-tresnak erabiltzeko mugengatik (zaharrak, errenta txikiak dituzten pertsonak, etab.) mugitzeko mugatuta dauden pertsonei.

Nolanahi ere, hirigintza-plangintza egitean hiri-egoera desberdinak bereizi beharko dira: erdiguneak, aldirietako auzo trinkoak, hiri-inguruetako urbanizazioak. Baita oso inpaktu desberdinak dauzkaten merkataritza-jarduera mota desberdinak bereizi ere. Kosta ahala kostako digitalizazioarekiko edo lehiakortasunarekiko —aurrean duen guztia daramala ere— obsesioa kritikaren eraginpean jarriz.

Mateus Porto

Urban Commerce 2019 - Mateus Porto Mateus Porto Schettino, arkitekto hirigilea Brasiliako Unibertsitatean eta Azterlan Aurreratuen Diploma Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren Lurralde eta Hirigintza Departamentuko doktorego-programan. 2008az geroztik Hirigintzako irakaslea da Madrilgo Europako Unibertsitateko Arkitektura, Ingeniaritza eta Diseinuko Eskolan.

Espazio publikoaren kalitatearekin eta hiri-mugikortasunarekin lotutako aholkularitza eta plangintza garatzen du. Hiri Mugikortasun Jasangarriko hainbat Plan eta lotutako azterlanak idazteko lanetan lagundu zuen. Gainera, udal-teknikariak trebatzeko programak diseinatu eta eman ditu, eta parte hartzeko prozesuak koordinatu ditu espazio publikoaren mugikortasun eta diseinuaren plangintzari loturik, Espainian, Brasilen eta Tanzanian.

Honako lan hauen koegilea da: CIUR 59, Los espacios compartidos - "Shared Space" (2008), Nuevas Formas de Acondicionamiento Litoral (2009), La Ciudad Paseable (2010), Architecture and pedestrians (2014), Urban planning, public space & mobility, ECTP -CEU (2016).

Hitzaldiaren laburpena

Reflexiones sobre el impacto del comercio electrónico en la movilidad urbana Pdf

Hurbileko merkataritza da oinezko mugikortasunaren eta, horrenbestez, kaleen bizitasunaren, eragile nagusietako bat. Jarduera horrek azalera handiei egin behar izan die aurre, eta batez ere, azalera handiek salgai eta herritarren lekualdatzean eta kontsumo-ohituretan eragindako inpaktuari. Orain, berriz, internet bidezko erosketaren fenomenoari egin behar zaio aurre. Erosketa modu horrek abantailak ekar ditzake ohiko merkataritza moduen aurrean, baina zenbait kontraesanen sorburua ere bada. Nola eragin dezake jarduera berri horrek toki-mugikortasunean, espazio publikoaren erabileran edo energia-kontsumoan? Zenbateraino izan daiteke prozesu barne-hartzaile bat, eta zein dira baztertuak? Zer saltoki eta lekualdatze dira kaltetuenak edo onuradunenak?…

Mario Yoldi

Urban Commerce 2019 - Mario Yoldi

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean, Masterra Ekonomia Publikoan eta Higiezinen Kudeaketan, Funcas-en.

Gaur egun Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria da, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Etxebide Etxebizitza Euskal Zerbitzuaren eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren arduraduna ere.

2012an Nazio Batuen UNPSA Zerbitzu Publikoaren Saria irabazi zuen, etxebizitza-politika publikoen diseinurako herritarren parte-hartzerako proiektu berritzaile batekin, eta herritarren parte-hartzerako abian jarri dituen proiektuak administrazioaren kalitateko jardunbiderik onenak dira Europan, Europako Batzordearen ustetan.

ENHR European Network for Housing Research ikertzaile-sareko kidea eta berritzaile publikoa.

Herritarren parte-hartzeari, politika publikoen ebaluazioari eta birgaitze-politikei buruzko hainbat argitalpenen koegilea da. Eta Kataluniako Arkitektoen Elkargoko Politika Publikoen graduondoko ikastaroaren ponentea ere bai.

Sébastien Rouyet

Urban Commerce 2019 - Sebastien Rouyet

Belgikan kazetari eta komunikabideetako hezkuntzako irakasle jardun ondoren, 2012. urtean Sébastien Rouyetek (39) Bruselako jaioterria atzean utzi eta Madrilerako bidea hartu zuen.

Espainiako krisi ekonomikoari buruzko blog bat egin du frantsesez, eta Los Artistas del Barrio arte garaikideko festibalaren (Madrilgo erdiguneko artista-etxe eta -tailerretako ate irekien jardunaldiak) antolatzaileetako bat da. Horrez gain, opari artistikoen denda-galeria bat ireki du, Madrilgo artistek egindako kreazio-lanak erakusgai jartzeko. Dendan jostailuetarako tokia ere egin du; egurrezko jostailuak ditu, zentzumen eta sormenezkoak. Rastro / Embajadores eremuan kokatua dago.

Hitzaldiaren laburpena

2019ko ekainean, Madrid Central ekimenaren aldeko saltoki-plataforma bat sortu zen, alkateak trafiko murriztuko eremu hori indargabetzeko asmoa zeukala ikusirik. Oinarri sendoa zuten argudio ekologikoez haratago, Madrilgo erdiguneko saltzaile eta enpresari horiek azpimarratu zuten trafikoaren beherakadak mesede egiten ziela eremu horretako saltokiei, eta ez alderantziz. Europako hiriburu ekonomiko garrantzitsuenetan ere trafikoa murriztu da, Berlinen, Amsterdamen eta Londresen, besteak beste, eta, azterlanen arabera, saltoki gehien-gehienentzat mesedegarri izan da murrizketa hori.

Rosa Ugalde

Urban Commerce 2019 - Ekobizi - Rosa Ugalde

Bergaran jaio nintzen. Administrazioko goi-mailako teknikaria eta Eduki grafikoen diseinuko teknikaria. Administrari gisa lan egin dut, baita diseinu grafikoaren eta argazkilaritzaren alorrean ere.

2016ko abenduan Ekobizi online denda ekologikoa jarri nuen martxan, alternatiba ekologiko, osasungarri eta jasangarriak eskaintzeko helburuarekin. 2018ko abenduan denda fisikoa ere ireki nuen, Gasteizen.

Hitzaldiaren laburpena

Lehenbizi online denda eta gero denda fisikoa ere irekitzera eraman ninduten motibazioen errepasoa. Bezero motak eta haien motibazioak. Produktu ekologikoen benetako eskaria.Garraioari lotutako CO2 emisioak bateragarri egiteko moduak.

Verónika Drazdova

Urban Commerce 2019 - Verónica Drazdova

Minsk-en (Bielorrusia) jaio zen, 1981. urtean. Dramaturgian lizentziaduna, Minsk-eko Estatuko Unibertsitatean. Estatuan bizi izan zen 1998az geroztik eta Euskadin bizi da 2009az geroztik. 20 urte baino gehiago merkataritzan jardunez. Enplegatu eta erdi-mailako kargudun gisa lan egin du hainbat arropa-markarentzat, hala nola: G-Star, Bimba y Lola, Max Mara, eta abar.

2016az geroztik bere negozio propioa zuzentzen du: MOIQUT.

Pilar Zorrilla

Urban Commerce 2019 - Pilar Zorrilla Merkaturatze eta Merkatu lkerketaren Arloko lrakasle Titularra Euskal Herriko Unibertsitatean.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea (marketing arloan) UPV-EHUn. lrakaskuntza eta ikerketa lanaz gain, hiri merkataritzaren dinamizazioan ere aritzen da, aholkularitza eta merkatarientzako prestakuntza eskaintzen eta hitzaldiak ematen.

Hainbat liburu publikatu ditu merkataritzaren inguruan, besteak beste, "Distribución Comercial en la era omnicanal" (2015) eta azkena, "100 comercios vascos con los que aprender" (2017), txikizkako merkataritzako hainbat negozio txikiren esperientzia inspiratzaileen bilduma. Azken hau 2016/2017 AGECU Ekimen Kulturalaren Saria jaso zuen.

2017ko ekainean Espazio Turistikoen eta Komertzialen Enpresa Kudeaketari buruzko Metropol-Parasol Catedra Saria jaso zuen ikerketa lan onenarengatik: "Merkataritzarengarapena hiri gune adierazgarri batean: Bilboko alde zaharra (1982-2014)".

2009tik 2012ra Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordea izan zen.

Alex Rayón

Urban Commerce 2019 - Alex Rayon

Alex Rayón (Bilbao, 1984) eraldaketa digitalaren eta Big Data Analytics-en arloko irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. Asmo orokorreko azken iraultza teknologikoaren (aro digitalaren) eta negozioetan aplikatzeko moduaren zale amorratua da, eta gaur egun Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen errektoreordea da, baita Deustuko BigData-ko zuzendaria ere. Informatikan eta Telekomunikazioetan doktorea da.

Ohiko kolaboratzailea zenbait komunikabidetan, baita bere blogean ere: www.alexrayon.es(Beste leiho batean irekiko da).

Hitzaldiaren laburpena

Gizartearen eraldaketa digitalak datuak sortu ditu hainbat eta hainbat testuingurutan. Horrek aukera berri bat suposatu du edozein enpresarentzat, datua demokratizatu egin delako. Soluzio jakin batzuek aukera ematen digute bezero-profil bat nondik nora dabilen, zer erosketa-ohitura dauzkan eta erosteko erabakiak nola hartzen dituen jakiteko. Horregatik, enpresaren tamaina kontuan hartzekoa bada ere, sormenari eman beharko diogu garrantzi handiagoa, sormenetik abiatuta datuei galdera egokiak egiteko, eta, horrela, datu horietatik ahalik eta baliorik handiena ateratzeko.

Oriol Elvira

Urban Commerce 2019 - Oriol Rodal Industria-ingeniaria, masterra Zuzendaritza Komertzialean eta Nazioarteko Negozioen Zuzendaritzan, 20 urtetik gorako esperientzia kontu handien kudeaketa eta fidelizazioan eta talde komertzialen zuzendaritzan, estatuan zein nazioartean. Retail eta Banaketa sektorerako Business Intelligence-ko soluzioetan espezializatua. TC Group Solutions-eko zuzendari komertziala 2009tik (enpresaren jatorrizko izena: T-Cuento Soluciones). TC GROUP liderra da Retaileko erakundeekin interakzionatzen duen SMART DATA biltzeko, biltegiratzeko, tratatzeko eta aztertzeko mota guztietako soluzioen garapenean, eta 4 kontinenteko 40 herrialde baino gehiagoan dihardu, 20.000 ekipo baino gehiago ezarri dituelarik.

Hitzaldiaren laburpena

BIG DATAk aukera-mundu bat jartzen du retailerren eskura, eta balio erantsi bat suposatzen du gainera: datuak aztertzeak aukera ematen du kontsumitzaileen portaeran jarraibide batzuk agerian jarri eta aurreikusteko, jarraian haietan oinarrituta jardun ahal izateko.

Alabaina, egituratu gabeko datu horiek ordenatu eta aukeratzeko erronkari heldu behar zaio, denbora errealean erabaki egokia hartzea bermatuko duen azterketa on bat egitearren. Datu asko edukitzeko ahalmenak gainezka ere egin diezaguke itotzeraino, balioa emateko moduan konbinatzeko eta ordenatzeko gauza ez bagara, retail sektoreko managerrei balioa dakarkioten adierazleak detektatuz eta BIG DATA hori SMART DATA bihurtuz.

Enrique Rodal

Urban Commerce 2019 - Enrique Rodal Enrique Rodal teknologia berrietan, berrikuntzan eta 4.0 Industrian espezializatutako kazetaria da. 25 urtetik gorako esperientzia profesionalarekin, hainbat komunikabidetan jardun eta kolaboratu du, hala nola Cadena SER, El Correo, El País, Expansión, Radio Euskadi, ETB edo SPRI. Euskadi Tecnología (www.euskaditecnologia.com(Beste leiho batean irekiko da)) eta Podcast Industria 4.0 (www.podcastindustria40.com(Beste leiho batean irekiko da)) atarien sortzailea eta arduraduna da. Eraldaketa digitalarekin lotutako ekitaldi eta hitzaldien aurkezpen eta antolamenduan ere parte hartu du.

Informazio gehiagorako eta harremanetarako: www.enriquerodal.com(Beste leiho batean irekiko da).

Zigor Aldama

Urban Commerce 2019 - Zigor Aldama

Zigor Aldama (Bilbao, 1980) Shangain bizi da, Vocento taldearen Asiako berriemailea da, eta estatuko zein nazioarteko hainbat komunikabideren —El País, South China Morning Post (Hong Kong) edo La Repubblica (Italia) egunkariak, garrantzitsuenak nabarmentzearren— kolaboratzailea. 1999tik gertu-gertutik bizi izan du Txinako eraldaketa sozioekonomikoa, eta horregatik, 2011. urtean, Diageo Kazetaritza Ekonomikoaren saria eman zioten. Herrialdeko iraultza teknologikoari buruz egin zuen erreportajea Asian Geographic aldizkarian argitaratu zen, 2018an Urteko Erreportajerik Onenaren Urrezko Dominaren saria eman zioten, eta 2019an Colombine Nazioarteko Kazetaritza Saria.

Hitzaldiaren laburpena

Txina historiako mirari ekonomikorik handienaren protagonista izan da. Lau hamarkadatan lortu du ia erabatekoa zen pobrezia atzean uztea munduko bigarren potentzia bihurtzeko, eta gorantz doan klase ertain bat sortu du, haren kontsumoa dagoeneko herrialdearen eragile ekonomiko nagusia delarik. I+Gn egundoko inbertsioa egin dute, eta sektore teknologikoaren buruan jartzeko anbizioa dute; horren guztiaren ondorioz, merkataritza eta herritarren kontsumo-ohiturak ere aldatu dira. Horrenbestez, Txinak jada bidea erakusten die munduko gainerako herrialdeei. Hitzaldian prozesu horren gakoak argitzen ahaleginduko da.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: