Udaltzaingoak salaketak online izapidetzeko sistema berria jarri du abian

2025eko otsailaren 4an argitaratua

Sistema horri esker, herritarrek denbora irabazi eta joan-etorriak ekidingo dituzte. Izan ere, etxetik egin ahal izango dituzte klik gutxi batzuekin, ordutegi mailako mugarik gabe.

 

Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoak salaketak online izapidetzeko sistema berria jarriko du abian otsailaren 10etik aurrera. Sistema berriari esker, hainbat delitu-gertaera salatu ahal izango dira:

  • dokumentazioa eta/edo gauzak dituen diru-zorroa galdu edo ebatsi izana.
  • dokumentazioa eta/edo gauzak galdu edo ebatsi izana.
  • lapurreta ibilgailu barrutik.
  • ibilgailuen ebasketa edo lapurreta.
  • kalteak.
  • bizikleta, patinetea eta/edo telefonoa ebastea.
  • iruzurra.
  • beste ebasketa mota batzuk.

Ezingo dira salatu indarkeria fisikoarekin edo larderiaz egindako gertaerak edo egilea identifikatuta dagoen jazoerak.

Onlineko salaketa izapidetzeko, nahikoa izango da Udalaren webgunean Udaltzaingoaren atalera sartzea edo nabigatzailean helbide hau sartzea: www.vitoria-gasteiz.org/udaltzaingoa. Sartutakoan, izapidetzeen eremura jo eta egin klik “Salaketa judiziala aurkeztu Gasteizko Udaltzaingoan” estekan. Atal honetan, salaketak egiteko bi bide daude: alde batetik, aurrez aurrekoa, eta bestetik, onlinekoa. Hor egin beharko dugu klik.

Sartutakoan, “Erregistro berria egin” botoia sakatu eta Udalaren egoitza elektroniko barruan tramite hori egiteko orrialde espezifikora iritsiko gara zuzenean. Horren aurretik, ziurtagiri digitalaren edo Herritarren Udal Txartelaren bidez identifikatu beharko gara. Egoitza elektronikora sartzean, gure datuak Udalaren sistema informatikoan jasota ez badaude, alta emateko eskatuko digu. Izapidetze hori egoitzan bertan edo 010 telefono-zenbakiaren bidez egin daiteke. Identifikatu ostean, salatzailearen datuak azalduko dira eta, ondoren, inprimaki editagarri bat deskargatzeko aukera emango digu. Inprimakia deskargatu eta bete beharko dugu.

Salaketaren inprimakia oso intuitiboa da. Lapurtutako efektu moten zerrenda bat proposatzen du, baita aurkez daitezkeen dokumentuak edo froga-elementuak ere. Era berean, salatzaileak, bere datu pertsonalez gain, gertakarien eta gertakarien lekuaren deskribapen laburra gehitzeko espazioa ere badago. Inprimakia betetakoan, egoitza elektronikora igo beharko da. Gainera, dokumentazio osagarria (irudiak, fakturak…) gehitu ahal izango dira eskura izanez gero. Azkenik, egoitzak sinatzeko prest dagoen salaketa aurkeztuko du. Ziurtagiri digitala beharko da dokumentu hori sinatzeko (ez du balio Herritarren Udal Txartelak).

Salaketa funtsezko tresna da delituen aurka borrokatzeko, eta salaketa jartzeko ematen ditugun erraztasun guztien ondorioz, eraginkorragoak gara borroka horretan. Datorren astean, onlineko salaketen zerbitzu berria izango dugu erabilgarri; herritarrentzat erosoagoa, irisgarriagoa eta arinagoa, itxaron beharrik  gabe eta 24 orduz operatibo dagoena. Gainera, zerbitzu horrek poliziaren lanaren kudeaketa optimizatzen du eta udaltzainak lan operatiboetan zentra daitezke”, adierazi du Segurtasuneko zinegotziak, César Fernández de Landak.

Onlineko salaketak egiteko modalitate berriak Agirrelandako polizia-etxeetan aurrez aurre eta, orain urtebetetik, Jose Erbina kalean eskaintzen duten arreta osatuko du. Bi egoitzetan, ezarritako ordu-tartean, aurretiazko hitzordua hartuta joandako pertsonek aurkeztutako salaketak jasotzen dituzte. Hitzordua aurrez eskatu ez dutenei ere ematen zaie arreta, baina baliteke, batzuetan, horretarako itxaron behar izatea. Kasu horietan, lehen aipatutako delituekin lotuta, izapidea online edo inprimaki bat (polizia-etxean bertan entregatuko zaie) beteta osatzeko aukera dutela jakinaraziko zaie. Era horretara egin ezin bada, salaketa-taldeak jakinaraziko die zenbat denbora itxaron beharko duten bertan arreta jaso ahal izateko.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.