Ondasun Higiezinen gaineko Zerga – Errekargua, urtarrilaren 1eko dataz inor erroldaturik ez duten etxebizitzei aplikatzekoa

1. Deskribapena

% 50eko errekargua aplikatuko zaie Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), zerga ordaindu beharreko urtearen urtarrilaren 1ean inor erroldaturik ez duten etxebizitzei. Errekargua urtero likidatuko da, zergaren kuotarekin batera.

Udalak jakinarazpena helaraziko die errekargua ordaindu beharra izan dezaketen etxebizitzen titularrei, informazioa izan dezaten, eta —hala behar izatera— beharrezko dokumentazioa edo alegazioak aurkezterik izan dezaten. Eskatutako baldintzak urtarrilaren 1erako beteta egon behar dira.

2. Errekargua aplikatzetik salbuetsitako kasuak

Ez zaio errekargua aplikatuko kasu hauetako edozeinetan dagoenari, baldin eta zergadunak aldez aurretik hala eskatzen badu, edo Udalak bere datu-baseetan ofizioz egiaztatzen badu:

  1. Errentan emandako etxebizitza. Bizitegi-erabilerarako errentan eman diren higiezinak. Alokairuak 6 hilabetekoa izan behar du, gutxienez, aplikatzen den urtearen aurreko zerga-ekitaldian. Urtarrilaren 1ean alokatuta dauden etxebizitzak ere salbuetsita egongo dira, betiere alokairu-kontratua mugagabea bada, edo, gutxienez, sei hilabeteko epea badu aurreikusia. Higiezinaren jabe den pertsona edo entitateak (errentatzaileak) Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Kontratuen Erregistroan jarritako fidantzaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, edo, izapide hori egin gabe badu, errentamendu-kontratuaren kopia.
  2. Erreforma-lana. Zergaren sortzapen-datan erreforma-lanetan dauden higiezinak. Ofizioz aplikatuko da salbuespena, baldin eta udal-administrazioaren datu-baseetan informazio hori ageri bada.
  3. Heriotza azken urtean. Azken urtean hil diren pertsonen titulartasuneko ondasunak. Ofizioz aplikatuko da salbuespena.
  4. Jaraunspena. Jaraunspen baten parte diren etxebizitzak, titularra hil denetik 2 urteko epean. Ofizioz aplikatuko da salbuespena, baldin eta aurretiaz udal-gainbalioaren ondorioetarako dagokion aitorpena aurkeztu izan bada.
  5. Berriki eskualdatutako higiezina. Aurreko urteko irailetik abendura bitartean edo aurtengo urtarrilean edo otsailean eskualdatutako etxebizitzak. Ofizioz aplikatuko da salbuespena, baldin eta aurretiaz udal-gainbalioaren ondorioetarako dagokion aitorpena aurkeztu izan bada.
  6. Egoitzaren batean erroldatutako egoiliarra. Pertsona nagusientzako egoitzetan erroldatutako pertsonenak diren etxebizitzak, baldin eta pertsona horien ohiko etxebizitza izan badira.
    • Gasteizko egoitzaren batean bizi diren etxe-jabeei ofizioz aplikatuko zaie salbuespena.
    • Gasteiztik kanpoko egoitzaren batean bizi diren jabeek dena delako egoitzan erroldatuta egotearen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
  7. Mendekotasun-egoera. Mendekotasun-egoeran dagoen senide bat zaintzeko asmoz, senide horren etxean erroldatuta dauden pertsonen titulartasuneko etxebizitzak. Interesdunaren familia-erroldatzearen (bizikidetza-agiria) eta mendekotasunaren justifikazioa aurkeztu beharko dira.
  8. Zaintza-egoera. Kalteberatasun- edo arrisku-egoera berezian dauden beste norbait zaindu edo artatzen dituzten pertsonen titulartasuneko etxebizitzak. Familia-erroldatzearen (bizikidetza-agiria) eta egoera horretan dauden pertsonak zaintzeko edo artatzeko egoeraren (gizarte-laguntza...) justifikazioa aurkeztuko dira.
  9. Ostalaritza- zein ostatu-jarduera. Udal-lizentzia duten ostalaritza- eta ostatu-jarduereretara bideratutako etxebizitzak, bai eta erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak ere.
    • Ofizioz aplikatuko da salbuespena, Ekonomia Jardueren gaineko Zergatik (EJZ) jasotako informazioaren bidez, baldin eta bertan halako informaziorik ageri bada.
    • Erabilera turistikoko etxebizitza eta logelen titularrek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (EJZ) "estatu-kuotagatiko" alta-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, edo, bestela, higiezinaren alokairua egiaztatu beharko dute.
  10. Jarduera profesionala. Udal-lizentzia izanik, jarduera profesional edo komertzial jarraituetara bideratutako etxebizitzak. Ofizioz aplikatuko da salbuespena, Ekonomia Jardueren gaineko Zergatik jasotako informazioaren bidez, baldin eta bertan halako informaziorik ageri bada.
  11. Fisikoki elkarri lotutako higiezinak. Fisikoki elkarri lotuta dauden ondasun higiezinak, baldin eta erregistroan bi finka gisa agertzen badira eta bi ordainagiri desberdinak badituzte. Ondasunen titularra pertsona bat eta bakarra izan behar da. Ofizioz aplikatuko da salbuespena, baldin eta udal-administrazioaren datu-baseetan informazio hori ageri bada.
  12. Aurri-egoera. Aurri-deklarazioa jaso duten etxebizitzak. Ofizioz aplikatuko da salbuespena, baldin eta udal-administrazioaren datu-baseetan informazio hori ageri bada.
  13. Etxebizitza-eskaintza publikoa. Administrazio publikoen eta haien erakunde instrumentalen jabetzako higiezinak, alokairu eskuragarriko etxebizitzen eskaintza publikoan sartuta daudenak, bai eta hirugarrenek haiei lagatakoak ere, baldin eta etxebizitza libreen alokairu-merkatuko bitartekaritza-programa publikoak gauzatzeko laga badira. Ofizioz aplikatuko da salbuespena, baldin eta udal-administrazioaren datu-baseetan informazio hori ageri bada.
  14. Errekargua aplikatzen ari den urtearen aurreko zerga-ekitaldian gutxienez 750 kWh argindar kontsumitu izana edo etxebizitza bakoitzeko 30 m3 ur kontsumitu izana egiaztatzen duten etxebizitzak. Enpresa hornitzailearen ziurtagiri bat aurkeztuko da, errekargua aplikatu aurreko urteko argindar- edo ur-kontsumoa jasotzen duena.
  15. Etxebizitzak, haien titularrak edo titularraren ezkontidea edo izatezko bikotekidea haien enpresek lekualdatu badituzte lan-arrazoiengatik Arabako lurralde historikotik kanpoko beste udalerri batera. Lan-kontratuaren datatik zenbatzen hasita, gehienez ere 3 urteko epean aplikatu ahal izango da salbuespena. Ugazabak urtarrilaren 1ean bere egungo etxebizitzan erroldatuta dagoela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko du, bai eta lan egiten duen enpresak emandako ziurtagiria ere.
  16. Etxebizitzak, gizarte-, politika-, sindikatu- edo enpresa-elkarte baten egoitza direnak edo haietan irabazi asmorik gabeko entitateak badaude kokatuta.
  17. Etxebizitzak, haien erabilera edo xedapena eragozten duen auziaren gai direnak edo ebazpen judizial edo administratiboaren zain daudenak. Justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dira.

3. Araudia

Ordenantza fiskalak: 1. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskala. 16 bis artikulua.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.