Hirigune Historikoak gazteei alokatzeko etxebizitzak izango ditu Barnekale Berrian eraikiko den etxean

2024ko urriaren 30ean argitaratua

21 Zabalguneak 8 etxebizitza eraikiko ditu Barnekale Berria kaleko 21.-23. zenbakietan hutsik dagoen orubean, EH Bilduren, PSEren eta EAJren artean lortutako aurrekontu-akordioari esker.

Gasteizko Hirigune Historikoak etxebizitza kolektiborako eraikin berria izango du orain Barnekale Berria kaleko 21. eta 23. zenbakietan hutsik dagoen orubean. Etxebizitzak alokairu-erregimenean aterako dira merkatura, eta etxebizitzarako eskubidea bete ahal izateko higiezinen merkatuan sartu ezin diren gazteen eskariari erantzuteko erabiliko dira.

 Halaxe iragarri dute prentsaurrekoan Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi eta 21 Zabalguneko presidente Borja Rodríguezek, eta EH Bilduren bozeramaile Rocío Viterok. Proiektu hori EH Bilduk, PSEk eta EAJk ekitaldi honetarako adostutako 850.000 euroko aurrekontu-partidari esker gauzatuko da.

8 etxebizitza berri horiek eraikita, 21 Zabalgunea udal hirigintza-sozietateak Erdi Aroko Hirigunea berroneratzearen eta birgaitzearen aldeko konpromisoa berretsi du, Gasteizerako oso leku berezia baita. Orain beste urrats bat emango dugu lan horretan, etxebizitzak eraikiz, gazteenei zuzenduta, gainera, beren kabuz bizitzeko proiektuei ekin ahal izan diezaieten, etxebizitza bat lortuz, funtsezko alderdia baita”, azaldu du Borja Rodríguezek.

Etxebizitza-politikak lehentasunezkoak dira guretzat. Pertsona guztiei aitortu behar zaie etxebizitza duina eta egokia izateko aukera, eta EH Bildurentzat lehentasunezkoa da biztanle zaurgarrienei edo baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenei etxebizitza bermatzea. Bide beretik, botere publikooi dagokigu esku hartzea eskubide hori lortu ahal izatea bermatzeko, gure esku dauden tresna guztien bitartez”, azaldu du Rocío Viterok.

Horrela, 21 Zabalguneak gazteen alokairurako etxebizitzen parkea handitzeko egin duen apustua betetzen du, formatu txikiko etxebizitzak —logela bat edo bikoak— eraikiz; horrek Hirigune Historikoko biztanleria gaztetzen eta hiri-bilbea eraikitzen eta finkatzen lagunduko du.

21 Zabalguneko arduradun gorenarentzat, 8 etxebizitza horiek biztanleriaren sektore gazteenari zuzenduta baitaude, “auzoa garatzen lagunduko duten beste zerbitzu batzuei balioa eman ahal izango zaie”. Bestetik, Hirigune Historikoko bizilagunen eskaerak betetzen jarraitzeko konpromisoa ere nabarmendu du, inbertsioari, etxebizitza berriak eraikitzeari eta hirigintza-ondarea sendotzeari dagokienez.

Barnekale Berriko 21.-23. zenbakietako higiezina energetikoki efizientea eta jasangarria izango da, eta aztarna ekologiko txikia duten materialak erabiliko dira, bizilagunen konforta helburu.

Ezaugarriak

Elkarren ondoko bi lursailek osatzen dute orubea. Gaur egun ez dago eraikuntzarik bertan, duela urte batzuk eraitsi baitziren han zeuden etxebizitzak, egoera txarrean zeudelako.

Orain, aldiz, 21 Zabalguneak mehelinen artean eraikin berri bat egiteko proiektua landuko du, bi lurzatiak elkartuz, etxebizitzen azalera erabilgarria optimizatzeko.

Lanak gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango dela kalkulatu da, eta aurrekontua 1.326.779,01 euro da, BEZa barne.

Eraikina etxebizitza kolektiborako erabiliko da, eta hiru solairu izango ditu, teilatupeaz eta beheko solairuaz gain. Azken espazio horretan ataria eta merkataritza-lokal bat joango dira, baita bizikletak eta bestelako tresnak gordetzeko gune komun bat eta garbiketa-gela ere.

Goiko solairuetako bakoitzean bi etxebizitza egingo dira: ipar-ekialdera ematen dutenek bi logela izango dituzte, eta hego-mendebaldera ematen dutenek, bat.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.