Udal jarduera planifikatu eta programatzeko erreminta oinarrizkoa izateaz gain, udal aurrekontuak udal baliabideak behar bezala administratzen ote diren kontrolatzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko tresna bat dira aldi berean. Aurrekontuek, labur esanda, udalak herritarren ordezkari gisa kudeatzen duen diruaren nondikoak eta zertarakoak zehazten dituzte.
Aurrekontuak udal gobernuko taldeak lantzen ditu eta Udalbatzarrak aztertu, eztabaidatu eta onesten ditu.
Urtebete hartu ohi dute, eta finantza-orekaren, unibertsaltasunaren, atxikipen-ezaren eta integritatearen printzipioak aintzat harturik egiten dira.
Dena delako urtean eskuratzea espero den diru-sarreren eta gehienez izan daitezkeen gastuen aurreikuspena jasotzen da aurrekontu orokorretan, finantziazio-iturriak eta gastuen xedeak zehazten direlarik. Udal aurrekontuek bere baitan hartzen dituzte, propio udal administrazioarenak direnez gain, Udal Sozietate Publikoei dagozkienak ere (Tuvisa, Amvisa, Ensanche 21 Zabalgunea eta Gilsa) eta, halaber, administrazio izaera duten Erakunde autonomoen aurrekontuak (Musika Eskola, Dantza Eskola eta CEA). Denak osatzen dute udal aurrekontu orokorrak, Gasteizko Udalaren ekonomi dokumentu nagusia. Dokumentu honek haren jokabide ekonomikoa ezartzen du, aurrekontu horiek dagozkion aldirako.
Bestalde, aurrekontu finkatua da aurrekontu orokorra, barne transferentziak konpentsatu ondoren.
Honako hauek dira udalaren aurrekontu orokorrak osatzen diren dokumentuak:
Horiez gain, bai Udalaren aurrekontuetan, baita Erakunde autonomoen eta Sozietate publikoen aurrekontuetan ere, biltzen dira hauek:
Aurrekontu orokorren egiturak diru-sarrera eta gastuen izaera ekonomikoa hartzen du aintzat, eta lortu nahi diren helburu eta xedeak.
Era berean, honela sailkatzen dira: ohiko eragiketak, kapital eragiketak eta finantza eragiketak.
Diru-sarreren egoera-orriaren egituran ohiko, capital eta finantza eragiketen ondoriozko aurreikuspenak bereizten dira.
Zuzeneko zergak: Ekonomi edo famili zirkunstantzien arabera galdatzen diren ordainketak dira (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Ibilgailu Motordunen gaineko zerga, Ekonomi Jardueren gaineko Zerga...).
Zeharkako zergak: Kontsumoa zergapetzen duten ordainketak dira, hura egiten duena eta haren zirkunstantziak zeinahi direlarik ere (obra lizentziak...).
Tasak, prezio publikoak eta bestelako diru-sarrerak: Erabiltzaileek zuzeneko onura dakarkieten zerbitzu publiko eta jardueren truke egiten dituzten ordainketak dira (zabor bilketa, TAO...).
Ohiko transferentziak eta diru-laguntzak: Bestek -batez ere administrazio publikoek- udalari ohiko gastuetarako egiten dizkioten ekarpenak dira (Eusko Jaurlaritzaren hiriburu kanona; Arabako Foru Aldundia...).
Ondare-sarrerak: Udalaren ondasunek ematen dituzten errentak eta enpresa publikoen irabaziak (administrazio emakidak, alokairua...).
Inbertsioak besterentzea: Udal lursailak eta bestelako ondasun higiezinak besterentzearen ondorio diren diru-sarrerak.
Kapital transferentziak eta diru-laguntzak: Bestek -batez ere administrazio publikoek, hau da, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak (autobus geltokia), Europar Batasunak...- udalari inbertsio gastuak finantzatzeko egiten dizkioten ekarpenak dira.
Finantza-aktiboak: Finantza-eragiketen ondorio diren diru-sarrerak (aseguru kontratuak).
Finantza-pasiboak: Inbertsioak finantzatzeko eskatutako maileguak dira.
Gastuen Egoera-orriaren egitura ekonomikoan ohiko, kapital eta finantza eragiketetarako kredituak bereizten dira.
Langileak: Langile publikoen gastuak dira (soldata, ordainsaria eta gastu sozialak).
Ohiko ondasun eta zerbitzuak: Herritarrei funtsezko zerbitzuak -argiteria, ura, garbiketa...- emateak berekin dakartzan gastuak dira.
Finantza-gastuak: Hitzartutako maileguen interesak eta bestelako gastuak dira.
Ohiko transferentziak eta diru-laguntzak: Udalak besteri -GKEak, elkarteak- laguntza edo diru-laguntza gisa ematen dizkien diru-kopuruak dira.
Benetako inbertsioak: Obra eta azpiegiturak egiteko beharrezko diren gastuak.
Kapital-transferentziak eta diru-laguntzak: Udalak beste erakunde batzuei benetako inbertsioetarako egiten dizkien ekarpenak.
Finantza-aktiboak: Finantza-eragiketak dira (maileguak besteri).
Finantza-pasiboak: Inbertsioak finantzatzeko eskatutako maileguen gastuak dira (maileguen amortizazioa).
Behin betiko onespena ematen zaionetik eta aurrekontu ekitaldia bukatu arte, herritarren eskura egon behar dute, informazio ondorioetarako.
Dagokion ekitaldian jartzen da indarrean aurrekontua, argitaratu ondoren.
Ekitaldi bati dagozkion aurrekontu orokorrak ez badira indarrean jartzen hura hasten denerako, besterik gabe luzatutzat jotzen dira aurreko ekitaldikoak.
Aurki gaitzazu: www.vitoria-gasteiz.org/aurrekontuak
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.