Txakurrak solte egoteko eremuak
Oro har, Gasteizko Udalerrian Animaliak Babesteari eta Edukitzeari Buruzko Ordenantzak ezartzen duenez, Gasteizko bide, parke eta leku publikoetan, txakurrak kontrolpean eraman beharko dira, egoki den - eta gehienez bi metroko luzera izan beharko duen - katearekin, uhalarekin edo beste sistemaren batekin lotuta.
Hala ere, ordenantzaren 11. artikuluari jarraituz, arriskutsu izan daitezkeen txakurtzat jotzen ez direnak aske ibili ahal izango diren lekuak zedarrituko dira dekretu baten bidez. Beraz, Alkatetzaren Dekretuak, 2017ko urriaren 9koa, xedatu zuen "berdeguneetan bakarrik egon ahal izango dira aske txakurrak (arriskutsu izan daitezkeen txakurrak izan ezik, horiek beti joan beharko baitute lotuta)". Hori bai, salbuespen batzuekin, zein baitira jende askok aisialdirako baliatu ohi dituen zebait ingurune. Hauek dira zona horiek, non txakur guztiak lotuta egon beharko diren:
- Katedraleko parkea.
- Unibertsitate-campuseko lorategiak (Maria de Maeztu lorategia salbu).
- Prado parkea.
- Florida parkea (Uraren Ezkutuko Lorategia barne).
- Natura 2000 Sarean sartuta dauden eremuak: Salburua, Zadorra, Arabako Lautadako harizti-irlak eta Gasteizko Goi Mendiak.
Dekretuan orobat jasotzen da bertan festak edo ekitaldiak egin bitartean txakurrek ezingo dutela aske ibili berdeguneetan, beren ongizateagatik ere. Eraztun Berdean (Salburua, Zabalgana, Olarizu, Armentia eta Zadorra), espezie basatiei ez eragite aldera, txakurrek, oro har, lotuta joan beharko dute, salbu eta berariaz seinaleztatutako lekuetan (erantsitako planoan zehazten dira).
- Eraztun Berdea: txakur aske edo lotuta eremuak
- Alkatetzaren Dekretua, 2024ko ekainaren 13koa, parke eta lorategi publikoetako aisialdi libreko eremuak aldatzen dituena. Olarizuko labirintoa eraikitzearen ondorioz, parke horretan aldatu egin da txakurrak uhalik gabe egon daitezen dagoen eremua. Espazio berri bat prestatu da labirintoaren ondoan, 10.889 m2-ko azalerarekin.
Udal Ordenantzaren arabera, animalia askeak propio horretarako ez diren lekuetan edukitzea arau-hauste arin bat da eta 750 eurora arteko isuna zigortuko daiteke.
Beste kontu batzuk
Nolanahi ere, baimendutako lekuetan aske daudenean, txakurren jabe edo edukitzaileek haien gaineko kontrola eduki beharko dute une oro eta begien bistan eduki beharko dute txakurra, behar izanez gero esku hartu ahal izateko moduko distantzian.
Era berean, guztiz debekatuta egongo da animaliei bide publikoan edateko dauden ur-iturrietatik zuzenean edaten uztea, baita animaliak haur-jolasetarako esparruetan (zabuak, txirristak eta abar) ibiltzea eta egotea ere.
Bestalde, udalerriko nekazaritza-eremuko ingurune ez urbanoetan txakurrak, arriskutsu izan daitezkeenak izan ezik, aske ibili ahal izango dira, batez ere mendi-bide eta nekazaritza-bideetan, landutako soroak errespetatuz, baldin eta kontrolatuta badaude, kontrakoa adierazten duen seinalerik ez badago eta aplikatzekoak diren sektore-araudietan (ehiza, babes-eremuak, fauna-erreserba eta abar) galarazita ez badago.
"Txakur hiritarrak"
Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, "Euskadi txakurrekin" maskotekin turismoa egiteko proiektuaren barruan, "Txakur hiritarrak: Gasteiz, hiri berdea eta txakurrak" gida argitaratu da, zeinaren bidez Arabako hiriburua maskotekin turismo-helmuga gisa sustatzen baita. Gidak txakurrek solte paseatzeko aukera duten udal araudiak araututako eremu guztiak zehazten ditu, bai herrigunean, bai Eraztun Berdean. Gasteiz da txakurrekin gozatzeko eta bisitatzeko helmuga egoki gisa sustatzeko kanpaina espezifikoa duen lehen euskal hiriburua.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.