Udalak bide publikoaren desinfekzioa indartuko du, 30 talderen bitartez

2020ko martxoaren 23an

Ospitaleetako langileek doan erabili ahalko dituzte Santa Barbarako eta autobus-geltokiko aparkalekuak.

(Beste leiho batean irekiko da)

ALKATEAREN PRENTSAURREKOA(Beste leiho batean irekiko da)

Gorka Urtaran alkateak hainbat neurri iragarri ditu gaur: besteak beste, Udalak bide publikoaren desinfekzioa areagotuko du, 30 talderen bitartez, eta ospitaleetako langileek doan erabili ahalko dituzte Santa Barbarako eta autobus-geltokiko aparkalekuak.

 

Udal garbitzaileen 15 taldek osatutako bi txandak Gasteizko leku jendetsuenen desinfekzioa areagotuko dute

Udalak areagotu egingo du desinfekzioa hiriko espazio jakinetan, garbitu eta desinfektatzeko 15 taldek osatutako bi txandaren bitartez. Udalak behar den materiala eskatu du, eta hori gaur iristea espero da. Horri esker, beste pausu bat emango da joan den astean abiarazitako desinfekzio bereziak betetzeko, premien arabera areagotzen baita

Langileek, ihinztatzeko desinfekzio ekipoz eta norbera babesteko ekipamendu bereziz horniturik, etengabe egingo dute lan, bi txandatan, goizeko 06:30etik gaueko 10ak arte.

Alkateak zehaztu duenez, leku hauetan jardungo dute: ospitale eta osasun zentroen kanpoaldea, janari denden eta dekretuz irekitako saltokien ingurua, autobus eta tranbia markesinak, garraio publikoko geltokiak eta jendea dabilen beste leku batzuk.

Doako aparkalekuak ospitaleetako langileentzat

Mugikortasunari dagokionez, alkateak iragarri du gaurtik bertatik Osakidetzako langileek doan erabili ahalko dituztela Santa Barbara eta autobus-geltokiko aparkalekuak. Nahikoa izango dute Osakidetzako langileak —sanitarioak zein beste arlo batzuetakoak– direla egiaztatzea neurriaz baliatu ahal izateko.

Bestetik, Arriagako karabanen aparkalekua itxi zen atzo.

TUVISAko zerbitzuak ere berrantolatu egin dira. Bihartik aurrera, ordutegi berriak sartuko dira indarrean. TUVISAren webgunean aurki daiteke informazio eguneratu eta zehatza,  estekan.

 

Udalak zigortu egingo ditu aretoaren kanpoaldean elikagaiak jartzen dituzten saltokiak

COVID-19arekin lotutako neurri berezien multzoaren barruan, bihartik aurrera Gasteizko Udalak zigortu egingo ditu aretoaren kanpoaldean elikagaiak ikusgai jartzen dituzten saltokiak. Udaltzaingoa hasi da horrela jokatzen duten negozioak ohartarazten, bateraezina baita egungo alarma egoerarekin. Orain arte establezimenduen kanpoaldean ikusgai jarritako elikagaiak zaindu eta kontrolatzeko lana egin izan da, baina bihartik aurrera isuna jarriko da.

Osasun Publikoaren Zerbitzuak gogorarazi nahi du txikizkako elikadura-saltokiaren jabearen erantzukizuna dela jende-metaketak eragoztea eta kontsumitzaileek eta langileek gutxienez metro eta erdiko tartea errespetatzen dutela kontrolatzea.

Bide publikoan frutak eta beste elikagai batzuk jartzeak pertsonak metatzea eragin dezake, eta horrek, kutsatzeko arriskua. Prebentzio-neurri gisa, establezimendu horien arduradunek dendaren barruan jarri beharko dituzte janariak bihartik aurrera, martxoak 24.

Alarma egoera dela kausa, eta elikagaien horniketa bermatzeko, txikizkako janari-dendak irekitzea baimendu da salbuespenez, baina jendeak premiazko janaria eta produktuak erosteko behar den denbora baino ezin du igaro barruan. Agintari eskudunak uste badu jarduteko baldintzak direla eta establezimenduren batek kutsatzeko arriskua duela horren jarduera etengo du.

Udalaren haur eskolek familiei lagunduko diete

Udalaren haur eskolak plan bat prestatzen ari dira ikasleen gurasoei koronabirusak sortutako egoera eramaten laguntzeko. Seme-alabak estimulatzeko materialak eskainiko dizkiete, eta itxialdirako gomendioak emango, gobernu zentralak apirilaren 11ra arte luzatu baitu.

Kuotei dagokienez, hilabetea igaro ondoren igortzen dira udal eskoletako ordainagiriak. Martxoan, otsaila osoa ordaindu dute familiek; apirilean, berriz, martxokoa ordaindu beharko dute, baina udal eskolak irekita egon diren tarteari dagokiona bakarrik, hau da, martxoaren 1etik 9ra arteko zatia, biak barne.

 

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.