Gizarte Politiken Sailak 'gizarte-ezkutu' bat aktibatuko du, pertsona eta familia ahulenek covid-19aren ondorioei aurre egin ahal izateko hainbat neurri hartuz

2020ko maiatzaren 21ean

Kontingentzia sozialeko planak 11 milioi euro bideratuko ditu GLLetara eta udal laguntzetarako.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak bere sailak covid-19aren aurrean landu duen Gizarte Neurrien Plana aurkeztu du gaur goizean. Bertan, hogeita hamar bat jarduera jasotzen dira, pertsona eta familia zaurgarrienek covid-19ak ekarritako ondorioei aurre egin ahal izan diezaieten “eta ez daitezen babesik gabe geratu“.

Egungo osasun, gizarte eta ekonomia egoera zailean, udalaren gizarte zerbitzuek “Gasteizen bizi garenon ongizatea bermatzea” izan dute helburu, “egoera txarrenean dauden pertsonak eta familiak babestu eta laguntzeko gizarte-ezkutu handi bat aktibatuz“, azaldu du Jon Armentiak streaming bidez jarraitu ahal izan den prentsaurrekoan.

Kontingentzia plan berri hau duela gutxi aurkeztu zen “Orain Gasteiz” planaren barruan dago, eta 7 ekintza-ildo proposatzen ditu:

  1. Krisi ekonomikoak eragindako familiei arreta ematea.
  2. Adinekoentzako baliabideak egokitzea.
  3. Bakarrik edo isolatuta bizi diren pertsonen jarraipena.
  4. Etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzea.
  5. Bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta ematea.
  6. Haurrei eta nerabeei arreta ematea.
  7. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta LGTBI kolektiboari arreta ematea.

 

Hamaika milioi euro laguntzetan eta alokairuko etxebizitzetan

Lehenengo jarduera-ildoa betetzeko, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 11 milioi euro bideratuko ditu aurten gizarte-larrialdietarako laguntzetara (GLL) eta udal laguntzetara; horrek esan nahi du aurrekontua 2 milioi euro handituko dela.

Beste ekintza nabarmengarri bat egoera ahulean dauden familientzat alokairuko etxebizitzen programa bat martxan jartzea izango da, zeinak “bizitegi-bazterketako egoerei erantzun azkarra ematea ahalbidetuko” baitu, Armentiaren ustez.

Alokairuak egonaldi luzekoak izango dira —5 eta 7 urte bitartekoak, salbuespenak salbuespen—, eta 21 Zabalguneak erabilgarri dituen etxebizitzekin lotuta egongo dira, programa honetan laguntzen baitu.

Etxebizitzak esleitzeko, une bakoitzean dauden bizitegi-bazterketako kasuen balioespen teknikoa egin beharko da. Beraz, ez da itxaron-zerrendarik egongo.

Seme-alaba adingabeak dituzten bizikidetza-unitateak baliatu ahalko dira programaz, edo, salbuespen gisa, gurasoen mende dauden seme-alaba adindunak dituztenak. Familia horiek etxegabetze-prozedura batean sartuta egon beharko dute, eta prozedura horren arrazoia ez da izango alokairua ez ordaintzea. Gainera, etxebizitza publikoaren eskatzaileak izan beharko dute, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko diru-sarrera nahikoak izan beharko dituzte eta etxeko antolaketarako trebetasunak izan beharko dituzte, tutoretzarik edo ikuskapenik behar ez izateko.

 

Etxebizitza komunitario berriak

Adineko pertsonentzako baliabideak errealitate berrira egokitzeko, etxebizitza komunitario berriak eraikiko dira Hedegile kalean, egungo Aurora zainpeko apartamentuetan. Proiektu berria aurten idatziko da, eta 2021ean gauzatuko, 650.000 euroko aurrekontuarekin.

Etxebizitza berri horiek, garai bateko Los Molinos eta Aurora egoitzetan egindakoei gehituko zaizkie.

Bestalde, gizarte zerbitzuak lanean ari dira eguneko arreta-zerbitzuak berrantolatzeko, “lehenbailehen irekitzeko, edukiera, distantzia soziala, espazioen egokitasuna eta osasun-segurtasuna bermatuko duten arreta-txandak kontuan hartuta”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotziak.

 

Adinekoen segimendua egiten jarraituko da

Adinekoei segimendua eta lagun egiteko dispositiboak martxan jarraituko du adinekoen zentro soziokulturalen jarduera eta programazioa berreskuratzen ez diren bitartean.

Halaber, adinekoei banakako laguntza emateko proiektu bat garatuko da; zainketa eta lotura plan bat ere ezarriko da, besteak beste teknologia berriak gehiago erabiltzeko, eta Hiri Errukibera proiektua gauzatuko da, Vivir con Voz Propia kolektiboarekiko lankidetzan.

 

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua

Gizarte-zerbitzuen kontingentzia-planaren laugarren jarduera-ildoan etxez etxeko otordu-zerbitzua indartzea agertzen da, pandemian ahultasun-egoerei erantzuteko martxan jarri diren laguntzei jarraipena emateko. Gizarte Politiken Sailak egunean 50 menu gehiago ematea kalkulatu du.

Era berean, “Etxean zaintzen ikasten” programa berriro martxan jartzea aurreikusi da.

 

Bizitegi-bazterketan dauden pertsonentzako arreta

Jon Armentia zinegotziak iragarri duenez, harrera dispositibo bereziek behar adina denbora iraungo dute. “Gaur egun, 57 pertsona daude Lakuan eta Pio Barojan; horiek balioesten ari gara, eta ibilbideak zehaztuko dizkiegu, arreta jasotzen jarrai dezaten, gizarteratze aldera”.

Era berean, harrera-baliabideak indartuko dira, osasun-gomendioetara egokitzeko: gizarte-distantzia, edukierak, etab.

 

Haurren eta nerabeen arreta

Haur eta nerabeen arloan, normaltasuna itzultzen ez den bitartean, pandemiari aurre egiteko sortutako gizarte- eta hezkuntza-dispositibo bereziak jarraituko du. Horien osagarri, errefortzu eta laguntza emozionaleko programak egingo dira.

Bestalde, haur-pobreziari aurre egingo zaio Haurren eta Nerabeen II. Planaren bidez, haren ildo estrategikoetako bat garatuz: ekitatea, haurren desberdintasunaren ondorioak minimizatzeko.

 

Genero-indarkeriaren aurkako prestakuntza

Udaleko gizarte-zerbitzuek covid-19aren ondorioei aurre egiteko planteatutako “gizarte-ezkutuaren” zazpigarren eta azken ekintza-ildoak prestakuntzaren aldeko apustua egiten du indarkeria matxistari eta LGTBI kolektiboaren aurkako indarkeriari heltzeko. “Zaurgarritasun handiko garai batean gaude eta arreta hori hobetu nahi dugu“, azaldu du zinegotziak.

Hori dela eta, udaleko gizarte-zerbitzuetan zuzeneko arreta ematen duten 80 profesionalek genero-indarkeriari buruzko prestakuntza jasoko dute online.

Gainera, Berdintasun Zerbitzuko profesional batek genero-ikuspegia txertatuko du gizarte-zerbitzuek eskaintzen duten arretan.

 

Une gogorrak

Covid-19arekin lotutako gizarte neurrien planaren aurkezpena amaitzeko Jon Armentia zinegotzi eta alkateordeak gogora ekarri duenez, “garai latz hauetan gure lehentasuna osasuna babestea eta pertsona eta familia ahulenentzako laguntza bermatzea da. Horregatik, osasun-krisi honek familia askori planteatzen dion Damoklesen ezpatari aurka egiteko gizarte-ezkutu hau altxatzen dugu indarrez, ondorioak geldiarazteko eta arintzeko eta pandemiak gure bizilagun guztiek merezi duten ongizatea aurretik eramatea saihesteko neurriekin”.

 

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: