AMVISA – Gure enpresa

Nortzuk gara? | Historia | Antolaketa

Banner Nuestra empresa

Nortzuk gara?

Helburu soziala

Gasteizko Udal Urak, S.A. (AMVISA) udal enpesa pribatua da, eta bere xedea uren ziklo integralaren zerbitzu publikoa eskaintzea da. Zerbitzu hori osatzen dute:

  • Horniketak, hau da, edateko ura atera, bildu, edateko on bihurtu eta banatzea.
  • Saneamenduak, hau da, ur zikinak bildu, estolderiaren bidez garraiatu, araztu eta berrerabiltzea, baita sortutako lohiak eta hondakinak tratatzea ere.

Datu juridikoak

Noiz sortu zen?

Aguas Municipales de Vitoria-Gasteiz, (AMVISA) - VITORIA-GASTEIZKO UDAL URAK A.B 1970. urtean sortu zen eskritura publiko baten bidez.

Nortzuk dira akziodunak?

Udala da akziodun bakarra, eta beraz, Udal Sozietatea da.

Zer lege eta araudik erregulatzen dute?

Bere Estatutuek, Sozietate anonimoek, Komertzio Kodeak eta Sozietate mota hauei aplikagarriak zaizkien gainontzeko arauek.

Egoitza Soziala

Egoitza Soziala Gasteizko Puerto Rico kaleko 10 zk.an du, baina bulegoetarako sarbidea Antilletako Pasabidearen 3. zk.an dago.

Ur-horniduraren historia Gasteizen

Aspaldiko garaietatik, herriak ibai bazterretan eraiki dira, eta gure hiria ez da salbuespena izan. Historia pixka bat berrikusiko dugu, egun Gasteizko ur-hornidura sistema nolakoa den ulertzen lagunduko diguna.

Plano

XVIII. mendera arte: Abendaño, Zapardiel, Txirrio, Errekatxiki eta Errekaleor ibaiek, besteak beste, urez hornitu zituzten herritarrak erdi aroan, berpizkundean eta barrokoan. Ibai hauen ibilbidea Gasteizko muinoaren azpialdetik igarotzen zen, baina egun, izugarri estutu dira, eta gure etxeetako hustubideetako uren biltzaileak ere badira.

Putzuak ere urez hornitzeko iturri garrantzitsua izan ziren (Animena, Batangoa, Andre Maria Zuriaren plazakoa...). Etxeetako teilatu-hodien bidez biltzen zen ura ere etxean erabiltzen zen.

XVIII. mende amaiera: ura ekarri zen Berrostegietako iturburuetatik hiriraino, zehazki Andre Maria Zuriaren plazaraino, eta bertatik hornitzen ziren herritarrak Maria Victoria iturriaren bidez, zortzi tutu zituena.

  • 1820: Hornidura hobetu zen Aretxabaleta eta Gardelegiko iturrietatik ura ekarri zenean. Instalazio hori, egun La Floridako lorategiak ureztatzeko erabiltzen dena, San Vicente eliza atzealdean dagoen deposituraino iristen zen, eta bertatik hornitzen ziren herritarrak. Egun biltegia erakustaretoa da.
  • 1868: Gorbeiako iturrien ura biltzea erabaki zen herritarren kopuruan izandako gorakadari aurre egiteko. Ura Landatxon kokatutako deposituraino heltzen zen. Hodiek Gasteizerako bidean hainbat udalerri hornitzen zituzten, hala nola, Murua, Larrinoa, Gopegi edo Apodaka.
  • 1918: Ura ekarri zen Elgea eta Urkilla mendietako hainbat iturritatik (Ugarana, Arkatxoste, Arretxitxaga eta Iturrigorri), Ulibarriko urtegia eraiki zenean suntsitu zen ubide baten bidez. Ura "Aguas Potables S.A" enpresa iruindarrarena zen, eta enpresa horrek bazuen bere banaketa-sarea. Emakida hori Gasteizko Udalak eskuratu zuen hornidura-zerbitzua udalekotzeko.

Andre Maria zuriaren putzu artesiarra

Plaza

Gasteiz hiri azpian badaude ur-korronteak eta ibai-emariak, baina beti ez da erraza izan ura aurkitzea. Gorbeiatik ura ekarri baino lehen (1884ko irailaren arratsalde batean, Ama Zuriaren plazan, zorrotada, suziri eta kanpai-hots artean), ura aurkitzen saiatu ziren, eta horretarako putzu artesiarra eraiki zen plazan. Obrak 1877ko azaroan hasi ziren. Egurrezko egitura kalamastra batekin estalita, zulagailua harri gogorra zulatzen saiatu zen ur-emaria aurkitzeko. Galdararen zurrumurru nahasgarria, makinen txistu desatsegina jasan behar izan zuten gune hartan bizi zirenek bost urtetan.

Gasteiztarrek iseka eta txantxa ugari egin zituzten ahalegin haren kontura, eta gainera, Dimas Uruñuela musika irakasle ezagunak ere zortziko bat konposatu zuen "El pozo artesiano" izenburuarekin. Melodiaren erritmoa, nola ez, pausatua zen.

Azkenean amore eman zen: desertuan zuloa egitea bezala baitzen. Saiakera hutsal hura gogoratzeko lauza txiki bat jarri zen Gasteizko guduaren oroigarri gisa eraikitako monumentuaren oinetan, baina oinezko bakar batzuk baino ez dute lauza horri erreparatzen.

Arimen putzua

Ura aurkitu zuten eta ugari gainera "Arimen Putzuan". Oraindik bertan dago, Florida kalean, Arka kalearen aurrean, mugarria zaindari duela (N-1 errepideko 351. kilometroa adierazten zuena), orain jada baliogabea eta ahanzturan eroria. Putzu zaharreko burdin sareak misterio erromantikoren bat ezkutatzen ote du?

Beste putzu batzuk

Beste zenbait putzu ere badaude. Denbora asko ez dela udaleko bide publikoen zerbitzuko teknikariek putzu bat aurkitu zuten Urriaren Hamabiaren kalean, ziurrenik Estibalizko Andre Mariaren kaleko eta Lejarreta kaleko etxebizitzak eraikitzeko erabili zena. Egun San Prudentzio egoitza dagoen tokian ere beste putzu bat aurkitu da. Putzu hori ezbeharrez jantzi zen hiru urteko haur bat bertara erori zenean. Egun legarrarekin estalia dago.

Hemendik oso gertu beste bat aurkitu zen Aska kalean. 10 metroko diametroa eta zortzi eta hamabi metro arteko sakonera duten putzuak dira, eta arrokan perfekzio osoz hondeatuak daude. Putzu horien helburua maila freatikoetatik ura lortzea zen, ondoren etxeko erabilera desberdinetan erabiltzeko, baina ur hori ez zen edateko ona.

AMVISAren historia

1961eko irailaren 20an erabaki zen Gasteizko Edateko Uren Zerbitzua munizipalizatzeko dosierra abiaraztea. Azterlan Batzorde berezi bat izendatu zen, eta 1969an onetsi zen horrek egindako oroit-idazkia. Munizipalizatutako zerbitzua monopolioa izango zela erabaki zen, eta, zerbitzuak zuzenean kudeatzeko onartzen diren moduen artetik, udal enpresa pribatua hautatu zen, baita sozietate anonimo gisa eratu ere.

1970eko ekainean eratu zen AMVISA (Gasteizko Udal Urak, SA)AMVISA (Aguas Municipales de Vitoria, S.A), orduko alkatea, Manuel María Lejarreta Allende jauna izan zuen ordezkari nagusia, baina 1972ko abenduaren 1era arte ez zen hasi udaletik bereizitako enpresa gisa.

Eratze eskrituran ageri da zehaztuta zein ondasunen jabe zen Vitoria-Gasteizko Udala:

  • Gorbeiako urak: Zigoitiko udalerrian kokatutako Cueva, Kororede, Artzegi, Goikorreta, Peña Blanca, Conducción eta Laminetxeko iturrietatik hartutako ura ustiatzeko kontzesioa.

Vitoria-Gasteizko Udalari zegokion titularitatea legez, hogei urte baino gehiago izaki kontzesio horretaz baliatzen ari zela.

  • Elgeako urak: Ganboako udalerrian kokatutako Ugaran, Urkitxa, Arantzabaleta, Arreotxote, Utxigarena, Arrantxitxaga, Canteras eta Marieta iturrietatik hartutako ura ustiatzeko kontzesioa.

Vitoria-Gasteizko Udalari dagokio titularitatea 1947az geroztik, Aguas Potables, SA konpainiari erosi baitzion.

  • Albinako urak: Legution, Albina errekatik hartzen den ura ustiatzeko kontzesioa.

Vitoria-Gasteizko Udalari dagokio titularitatea, 1942ko Ministerioaren Agindu baten ondorioz..

  • Zadorrako urak: Arratzu-Ubarrundian, Zadorra ibaitik hartzen den ura ustiatzeko kontzesioa.

Vitoria-Gasteizko Udalari dagokio titularitatea, 1963ko Ministerioaren Agindu baten ondorioz.

Antolaketa

Batzorde orokorra

Nortzuk osatzen dute?

Udalbatzarrak.

Funtzioak

  1. Administrazio Kontseiluko kideak izendatu nahiz kargutik kentzea.
  2. Estatutuak aldatu nahiz sozietatea deuseztatu edo likidatzeari buruz erabakitzea, baita sozietatea bestelakotu, fusionatu, zatitu edo beste sozietateren batean parte hartzeari buruz ere.
  3. Kapital soziala gehitu nahiz murriztea, zorra edo obligazioak jaulkitzea eta maileguak, hipotekak nahiz bestelako kargak eratu, onartu nahiz kitatzea.
  4. Inbentarioa, aurrekontua eta urteko kontuak onestea.
  5. Kontu-ikuskariak izendatu nahiz kargutik kentzea.
  6. Merkataritzaren alorreko legediak eta Sozietate Anonimoen Legeak Batzar Nagusiari aitortzen dizkion gainerakoak.

Udalbatzarrari buruzko informazio gehiago

Administrazio kontseilua:

Nortzuk osatzen dute?

Administrazio Kontseiluari dagokio sozietatea kudeatzea, administratzea eta ordezkatzea.

Kontseiluak gutxienez bederatzi kide eta gehienez hamahiru kide izango ditu. Batzar Nagusiari dagokio kideen kopurua finkatu eta horiek izendatzea.

Kontseilari karguaren iraupena lau urtekoa izango dira.

Nolanahi ere, Administrazio Kontseiluko kideen erdiak eta bat gehiagok, gutxienez, zinegotzi izan beharko dute.

Administrazio kontseiluko kideak - 2024ren Uztailan

Funtzioak

  • Bere jarduera arautzea, estatutuetan nahiz Sozietate Anonimoen Legean aurreikusi gabekoetan.
  • Kontseilarien dimisioa onartzea.
  • Batzar Nagusiari aurkeztu beharreko gai guztien berri aldez aurretik izatea, horien nondik norakoak finkatu, segimendua egin eta, berari badagokio, onestea, eta, bereziki, honako hauek:
      1. Sozietatearen urteko jarduera programa, ekintzen oroit-idazkia eta ekitaldi bakoitzeko txostena.
      2. Sozietatearen ekitaldi bakoitzerako aurrekontu proiektua, urteko kontuak eta emaitzak aplikatzeko proposamena.
      3. Estatutuak aldatzeko proposamenak.
  • Bere eskumenaren esparruan ekintzak bideratzea erabakitzea, beste organo batzuek premiazko egoeretan egindakoak berrestea, bere erabakien kontrako erreklamazioak ebaztea eta sozietatearen jardueraren nahiz erabakien kontra aurkeztutako kexa eta erreklamazioen berri izatea, eta egoki deritzona erabakitzea.
  • Sozietatea titular den ondasun higiezinak besterendu, eskuz aldatu nahiz kargatzea.
  • 12.000 eurotik (hamabi mila euro) gorako gastuetarako baimena ematea.
  • Erakunde publikoekin, entitate pribatuekin nahiz partikularrekin izenpetzen diren hitzarmenak onestea, Batzar Nagusiaren eskumena ez bada.
  • Sozietatearen organigrama, plantilla, zereginak eta enplegu baldintzak onestea.
  • Sozietatearen Kontratazio Mahaiko kideak izendatzea, eta haren funtzionamendu arauak finkatzea.
  • Kudeatzailea izendatu nahi kargutik kentzea.
  • Batzar nagusiak beraren gain uzten dituen gainerako zereginak.

Gerentzia

Nortzuk osatzen dute?

Administrazio Kontseiluak izendatuko du kudeatzailea, lehendakariak proposaturik. Administrazio Kontseiluak, halaber, gaitzetsi egin ahal izango du kudeatzailea, bertako kideen gehiengo absolutuz hartutako erabakia dela medio. Hala gertatuz gero, beste norbait proposatu beharko du lehendakariak kudeatzaile izateko.

Erabateko dedikazio esklusiboz jardungo du kudeatzaileak, Kontseiluak besterik erabakitzen duelarik salbu, eta kargua profesionala eta ordaindua izango da.

Funtzioak

  • Kontseiluari nahiz Kontseiluko lehendakariari, zeini bere zereginetan laguntzea, eta aholkuak ematea jorratzen dituzten gaien inguruan, eta horien erabaki eta ebazpenak gauzatzea.
  • Sozietatearen organigrama, plantilla, zereginak, enplegu baldintzak eta hitzarmen kolektiboa proposatzea Kontseiluko lehendakariari, baita aurrekontuak, balantzak, inbentarioak, jarduera programak eta ekintzen oroit-idazkiak ere.
  • Sozietatearen jarduera zuzendu, ikuskatu eta bultzatzea; sozietatearen zerbitzura diharduten langileen zuzeneko eta ondoko buru izatea, lana banatu eta kontrolatzea eta, oro har, sozietateak albait ongien funtziona dezan beharrezko diren neurriak hartzea.
  • Kudeatzailearen esku utzi ahal izango du lehendakariak kontratu eta gastuak formalizatzea, bere eskumeneko diren kopuruen barruan.
  • Erabaki eta ebazpenak gauzatzeko beharrezko diren sozietatearen agiriak izenpetzea, eta ontzat ematea ziurtagiriak, likidazioak eta kontratatutako obra, zerbitzu nahiz hornikuntzen hartzea, baita haren funtzionamendutik sortutako gastuak ere, baldin eta aurreko atalean adierazitako kopurua gainditzen ez badute, Kontseiluari, hartako lehendakariari nahiz Batzar Nagusiari dagozkien onespenak gorabehera.
  • Lehendakariak berariaz ordezko izendatzen duelarik, sozietatea ordezkatzea edozein agintari, erakunde publiko edo entitate pribatu nahiz partikularren aurrean, baita edozein jurisdikziotako epaitegi edo auzitegien aurrean ere.
  • -Oro har, Kontseiluak nahiz hartako lehendakariak ematen dizkioten zereginak bere gain hartzea.

Idazkaritza eta giza baliabideen arloa

Departamentu hau kontratuei, bermeei, eta abarri buruzko legezko gaiez arduratzen da. Era berean, enpresak bere jardueretarako kontratatuak dituen aseguruak kudeatzen ditu (ibilgailuak, makinaria, langileak, eta abar).

Gainera erakunde ofizialekin (epaitegiak, erregistroak, Eusko Jaurlaritza, ur komisaldegia, Udalak, eta abar) eta enpresako langileen kudeaketarekin (lan-taldea, hitzarmenen negoziazioa, kontratuak, kostuak, aurrekontuak, nominak, oposizioak, lehiaketak, eta abar) lotura duten gai guztiak kontrolatzen ditu.

Ustiapen eta banaketa arloa

Sareko mantentze-lanekin lotuta egiten diren jarduerak honako hauek dira:

  • Matxurak konpontzea: matxurak berez edo beste zerbitzu batzuen eraginez sortzen dira, batez ere hirigunean eraikuntza-obrak egitearen ondorioz, kutxatila eta hodiak puskatu baitaitezke.
  • Ihesak antzematea: hodietan eta sareko gailuetan ihesak antzemateko ohiko soinu-detektagailuak eta soinu-korreladoreak erabiltzen dira. Urtero sarearen heren bat ikuskatzen da tresna horiekin.
  • Sarea garbitzea: Sarea garbitzeko bi muturrak purgatzen dira, bertan pilatzen baitira hondakinak, eta era berean, ur-kontsumo baxua duten guneak drainatzen dira, bertan geratu den ura ezabatzeko.
  • Deposituak garbitzea: Deposituetan dagoen uraren uhertasun-maila neurtzen da, eta horren arabera, garbiketa egiten da. Modu mekanikoan egiten da, deposituko hormak karrakatuz eta zikintasuna ur-zorrotada batekin barreiatuz. Gero kimikoki desinfektatzen dira kloroarekin.

Departamentu honen beste funtzioetako bat sarea zehatz mugatzea da. Hodi-sarea eta elementu osagarri bakoitza ondo zehaztuta agertzen dira planoetan.

Arlo honen beste funtzio batzuk dira obrak eta instalazioak ikuskatzea eta konponketak nahiz mantentze-lanak egiteko beharrezkoa den materiala erostea. Gainera, banaketa-sarearen funtzionamendu egokia bermatzen duten inbertsioak proposatzen ditu. Jarduera hori burutzen duten langileek zaintzen dute hodi berrien instalazioa behar bezala egitea.

Ekoizpen eta mantentze-lanen saila

Araka eta Krispiñako araztegiak ustiatu eta mantentze-lanak egitea, eta ur hartuneez arduratzea da, batik bat, sail honen zeregina. Era berean, produktu kimikoak (kloro gasa, alumina sulfatoa, polielektrolitoa....) eta araztegien funtzionamendu egokirako beharrezkoa den materiala erosteaz arduratzen da. Hartuneak eta araztegiak hobetuko dituen inbertsio berriei buruzko proposamenak ere egiten ditu.

Tratamendu eta kalitate saila

Goi-teknikari eta analistez osatutako talde batek bermatzen du uraren kalitatea, araztegitik irteten denetik erabiltzaileen ur-hartunera arte.

Araka eta Krispiñako araztegietako laborategietan burutzen da kalitatearen kontrola eta baita urak arazteko tratamendu-prozesuena ere.

Era berean, hartuneetako uren kalitatea babestu eta zaintzen da, eta horretarako, egokiak diren analisiak egiteaz gain, enpresek udal kolektoreetara egiten dituzten isurien jarraipena ere egiten da.

Administrazio eta ekonomia arloa

Arlo honi dagozkion ardurak:

  • Bezeroei arreta eman eta haiekin harremanak izatea, hauek barne:
    • Kontratazioa: abonatu-kontratuen altak eta bajak.
    • Abonatuen kontsumoak irakurri eta fakturatzea eta konbrantza kudeatzea.
    • Berankorrak eta iruzurrak kudeatzea.
    • Kontsulta, errekalmazio, kexa eta iradokizunei erantzutea, aurrez aurre, telefonoz eta bestelako bitartekoez.
    • Sozietatearen web orria eguneratzea.
  • Enpresaren ekonomia kudetzea, eta zehazki:
    • Sozietatearen ekonomia eta finantza egoeren orriak prestatu eta koordinatzea, bereziki alderdi hauei dagozkienak: aurrekontuak eta tarifak, kontabilitatea, urteko kontuak, auditoretzak eta abar.
    • Finantza kudeaketa.
    • Bezero, zordun, hornitzaile eta hartzekodunekiko harremanak, bai eta erakundeekikoak ere administrazioari dagozkionetan.
  • Beste lan administratibo batzuk:
    • Erregistroa.
    • Estatistikak lantzea.
    • Oro har, AMVISAren administrazioarekin eta barne kontrolarekin lotutako zereginak.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.