Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea
Toki interesgarriak
Hasiera | Informazio praktikoa | Historia | Egokitzea | Kudeaketa | Toki interesgarriak | Hezkuntza | Bisita birtuala
Eraztun Berdearen Bira
Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdearen Bira bertako tokirik interesgarrienak ezagutzeko modurik onenetakoa da. Familia osorako egokia den 30 kilometroko ibilbide berde bat da, Eraztunaren parke guztiak bisitatzen dituena.
> Eraztun Berdearen Biraren kontsulta Wikiloc webgunean
Ibilbide gehiago
Toki interesgarriak
Ataria Hezeguneen Interpretazio Zentroa
Ataria Salburuko hezeguneen interpretazio zentroa da. Bi solairutan dago banaturik eta 1.600 metro koadro ditu. Hezeguneen ikuspegi ederraz gozatzea ahalbidetzen duen behatoki goratu bat du.
Barruan Salburuari eta Eraztun Berdeari buruzko informazioa eskaintzen da, eta hainbat jardueratan (lantegiak, hitzaldiak, ikastaroak, etab.) parte hartzeko aukera dago.
Dulantzi ibaia
Salburuko hezeguneen eta Zadorra ibaiaren arteko korridore ekologikoa da. Natura 2000 Sarearen barruan dauden bi naturgune baliotsu horien artean espezieak -batzuk oso mehatxatuak- mugi daitezen ahalbidetzen du.
Zadorra ibaia
Udalerriko ibai garrantzitsuena da, eta hara iristen da udalerrian jaiotzen diren gainontzeko ibai eta erreken ura. Hiriaren iparraldetik doa, eta hiri-muga da. Zenbait tartetan ibaiak eta ibaiertzek balore ekologiko handiko hainbat habitat dituzte, eta interes handiko zenbait animalia- eta landare-espezie bizi dira leku horietan; horietako batzuk, desagertzeko arriskuan daude, adibidez, europar bisoi iheskorra. Natura-balore handiak dituenez, Garrantzi Komunitarioko Lekutzat (GKL) jo dute Espazio Natural Babestuen Natura 2000 Europar Sarearen barruan.
Vasco-Navarro trenbide zaharreko bide berdea
1927. urtean inauguratu zuten Vasco Navarro trenbidearen ibilbidea Lizarra herria (Nafarroa) eta Mekolalde (Gipuzkoa) lotzeko. 1950eko hamarkadatik aurrera, trenbidearen ustiaketa errentagarri izateari utzi zion errepide-garraioaren lehia dela-eta; hortaz, 1967an itxi egin zuten. Egun, bide horiek ibilbide zikloturistiko moduan eta natura-eremura hurbiltzeko erabiltzen dira.
Gamarrako kirol-gunea
20 ha baino gehiago ditu, herriko kirol- eta aisia-instalazio handiena da. 1920ko hamarkadaren hasieran sortu zen: ibaiaren ur-bazterrean hondartza artifiziala jarri zuten, Zadorrako igeri egiteko lekuak erabiltzen zituzten bainulariek arriskurik izan ez zezaten. Egun, igerilekuak, frontoiak, atletismo-pistak, etab. ditu. Zuhaitzei dagokienez, 11.000 baino gehiago daude (70 espezie desberdin), eta ia-ia 2 kilometroko luzera duen lerrokatze berdea osatzen dute.
Urarteko baratze ekologikoak
Zadorra ibaiaren ondoan dagoen eremu zabal bat da, Abetxuku parean, baratzezaintza ekologikorako prestatua. Eraztun Berdean halako ezaugarriekin egokitu duten bigarren lekua da, lehena Olarizuko baratzeak izan baitziren.
Ibaiaren ertzean legez kontra jarri zituzten eta ur-ekosisteman inpaktu ekologiko handiak sortu zituzten baratzen aurrean (ura ateratzen zutelako, gauzak isurtzen zituztelako, kutsadura sorteen zelako etab.), Urarteko baratzeak ondo antolatutako beste aukera bat dira. Eremu horretan, herritar eta talde askok baratzezaintza ekologikoaren inguruan ikasi, eta ondo pasatzen dute, eta ingurumen- zein gizarte-egoerak egokiak dira.
Atxa
Mendearen hasiera arte, mendixka hiriinguruko eremu andeatu bat zen, zenbait gauza isuri egiten zituztelako eta baratze ilegalak zeudelako. "Zadorra ibaiaren Vitoria-Gasteizko udalerriko ibilbidearen egokitzapen hidrauliko eta ingurumenberriztapenerako Plana"ren bidez suspertu dute. Gaur egun, aisialdirako eremu berde bat da, Ihurreko eta Gobeuko zubien arteko Zadorra parkearen jarraipena da; baita Eraztun Berdearen giltzarrietako bat ere.
Atxako aztarnategi arkeologikoa
II. Burdin Aroko herrixka bat izan zen (K.a. IV. eta III. mendeak), eta ondoren kanpamendu militar erromatar baten kokalekua izan zen (K.o. I. Mendea).
Zabalganeko basoa eta Zabalgana eta Lezea urmaelak
Erkametzen baso naturala da, eta uhartebasoen berezko ereduetako bat da; Arabako lautadaren ezaugarri dira, eta zenbait baso-azalera zabal nekazaritzan erabiltzeko luberritu zirenean sortutakoak dira. Erlikia-balorea izateaz gain, ekologia-balore handia ere badu; izan ere, landa eremu oso sinplifikatua bada ere, babesleku bikaina da baso-landare eta -animalientzat.
Basoan erkametza da nagusi. Erkametzekin batera, astigarrak, elorri zuriak, ipar-orreak, elorri beltzak, beltxaleak eta beste arbustu arrunt batzuk ere badira. Animaliei dagokienez, erbinudeek, erbiek, untxiek eta azeriek, besteak beste, osatzen dute baso-komunitatea. Horrez gain, hegazti espezie anitz ere badira, esaterako, ikazkinak, txantxangorriak, mika arruntak, zozoak edo hotz ertainak.
Legar-ustiaketa zaharra berriztatzeko lanen ondorioz sortu zituzten Zabalganeko urmaelak. Lezea urmaela, berriz, erabiltzen ez zuten antzinako nekazaritza baltsa bat zen. Jatorria ezberdina eta tamaina txikia badute ere, aintzira biak ur-mundu liluragarri baten habitata dira.
Armentum parke arkeologikoa
Toki horretan Bordele eta Astorga lotzen zituen erromatar galtzadaren hondarrak aurkitu dira, bai eta duela 21 mendeko erromatar abeletxe bat eta nekazaritzan aritzen zen villa bat ere.
Armentiako basoa
Armentiako basoan giro anitz daude. Zenbait eremu adartsu eta itxietan, erkametzekin batera, astigarrak, elorri zuriak, elorri beltzak eta laharrak ikus ditzakegu, eta zuhaitzak sakabanatuta dauden eremu zabal eta argiagoetan txilarrak, zarrantzak eta ipar orreak agertuko zaizkigu. Eremu garaienetan pagoak, gorostiak eta gurbeak aurki ditzakegu, eta erreketako ertzetan astigar, hurrondo eta lizar ugari daude. Giro ezberdinetan fauna aberats eta askotarikoa babesten da, ondoko animaliak, besteak beste: orkatzak, basurdeak, urtxintxa, hegazti harrapariak eta hogeita hamar txori txiki (kardantxiloak, txontak, txantxangorriak, ikazkinak etab.).
Armentiako basilika
San Prudentzioko basilika XII. Mendeko eraikin erromanikoa da, eta VIII. Mendeko elizaren hondakinen gainean eraiki zen. Zenbait aldiz berritu dute, eta Erdi Aroko artearen adibide garrantzitsuenetako bat da; horrez gain, Euskadiko monumento izendatu dute. Barrualdean arabarren zaindari San Prudentzioren irudia dago; apirilaren 28an beraren eguna ospatzen da, eta herri-ohitura handiko erromeria egiten da.
Mendizabaleko muinoa
Paisaia-interesa duen ingurunea da, goitik hiriaren panoramika zabalak eskaintzen dituelako, baita udalerriaren hegoaldean dagoen landa- eta natura eremuen panoramikak ere. Naturaren ikuspuntutik, muinoan ia ez dago zuhaitzik, baina belar- eta zuhaixka formazio ugari ditu: hirigintza-prozesutik bizirik iraun dute, eta balio botaniko garrantzitsua dute. Nabarmentzekoa da zenbait orkidea-espezie daudela.
Batan eta Zapardiel errekak
Gasteizko mendietan jaio, eta hirirantz eta Zadorra ibairantz doazen erreka ugarietako bi dira Batan eta Zapardiel errekak. Biek balio ekologiko handia dute; izan ere, bide edo korridore natural nagusiak dira hiriaren eta mendien artean zabaltzen den nekazaritza-eremu zabalean; horien bidez, zenbait espezie basotik beste naturaeremu batzuetara joaten dira.
Olarizuko baratze ekologikoak
1998. urtean egokitu zituzten zenbait nekazaritza-finketan eta hondakinez okupatutako zelaietan. Gaur egun, denontzako eremua da, eta baratzezaintza ekologikoarekin, lorezaintzarekin eta frutagintzarekin lotutako zenbait jarduera gauzatzen dira. Baratzetarako eremua, fruta-arboletarako eremua, baso-hazitegia, zenbait negutegi, udalerriko basoen zuhaiztia, putzua eta eraikin bioklimatikoa daude.
Olarizuko lorategi botanikoa
Olarizuko lorategi botanikoko landare bizien bilduma nagusia Europako basoen zuhaiztia da. Eremu horrek 30 hektarea ditu, eta 523 zuhaitz, zuhaixka, sasitza eta landare igokarirentzako egokitu da; horiek guztiak, Europa kontinenteko baso nagusietako landaretza-mota garrantzitsuenak dira, esaterako, artelatzbasoak, sabina-basoak, hariztiak, izeidiak etab. Olarizuko aintzira (Europako ur-habitatekin loturako landareak ditu), orkideen eta geofitoen zelaiak eta Olarizuko behatokia ere han dira, eta arabar muinoetan eta kareharrizko harkaitzetan berezkoak diren landareak dituzte.
Olarizuko etxaldea
1727. urtekoa da. Jatorrian, Olarizuko larrean bazkatzen ziren herri-abereak gordetzeko erabiltzen zen. Abere horiek hiriko harategietara eramaten zituzten. Ondoren abandonatu zuten, eta 1987. urtera arte biltoki moduan erabili zuten. Urte horretan hasi ziren zaharberritzen. 1995ean, Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren egoitza eta Eraztun Berdearen heziketa eta informazio-ekipamendu nagusietako bat bihurtu zuten. Liburutegia, erakusketa-azoka, hitzaldietarako aretoa eta beste zenbait gela ditu. Bestalde, eguzki-panelak eta biomasako galdara ditu. Horrez gain, Olarizuko lorategi botanikoko landareen material genetikoen biltegia han dago.
Olarizuko muinoa
709 metroko garaiera du. Gailurrean, hormigoi armatuko gurutze handia nabarmentzen da; 10 metroko garaiera du. Hiriaren eta lautadaren bista panoramiko ederra eskaintzen du. Gailurretik hurbil, Kutzemendi aztarnategia dago; Burdin Aro osoan eta erromanizazioaren hasiera arte okupatuta egon zen herrixka baten arkeologia-aztarnak ditu.
Errekaleor erreka
Udalerriko ingurumen-balio handiena duten bi eremuen arteko lotura ekologiko nagusia da Errekaleor erreka: Gasteizko mendiak eta Salburuko hezeguneak. Horrez gain, ondoko bi espezie mehatxatuen habitata da: bisoi europarra eta uhalde-enara.
Las Neveras muinoa
Talaia natural bat da, eta hiriaren panoramika zabalak eskaintzen ditu, baita udalerriaren hegoaldean dagoen landa- eta natura-eremuaren panoramikak ere. Kultura-esanahi garrantzitsua ere badu, zenbait bide historikoetatik (Donejakuerena, esaterako) Gasteizera sartzeko puntua baita. Muino horretan, neguan, elurra zenbait putzutan biltzen zuten, eta udan izotza saltzen zuten hirian.
Salburuko hezeguneak
Salburua hainbat urmaelek -besteak beste Arkautikoak eta Betoñukoak-, zenbait larrek eta harizti batek osatzen duten hezegune bat da. Duela zenbait mende lehortu ziren labore lur bihurtzeko, baina 1994an hasi ziren leheneratze lanek egoera irauli dute eta egun Salburua Euskal Herriko hezegune kontinental baliotsuenetako bat da. Nazioarteko Garrantzia duen Ramsar Hezegunea eta Natura 2000 Sarearen barruan Garrantzi Komunitarioko Lekua da.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.