Senideren bat hiltzen denean...
Jakizu zer egin eta nola jokatu senideren bat hiltzen denean. Ezagutu itzazu artean bizirik delarik egin daitezkeen izapideak. Horrez gain, Gasteizko Udalak kasu horretarako dituen tramitei zerbitzu eta azpiegiturei buruzko informazioa eskaintzen dizugu.
Gasteizko Udalaren Tramiteak
Kontsultatu hileta-zerbitzuekin lotutako izapideak.
Bizi bitartean egiteko izapideak
Testamentua egitea
Testamentua norbaiten bizitzaren edozein unetan egin daiteke. Aukeran, hobe da testamentu irekia egitea, hots, notarioaren aurrean egiten dena, hark lagunduta: zuzeneko eragina duen bakarra da, hots, ez dago inolako izapide judizialik egin beharrik.
Izapidea desberdina izan daiteke interesatuaren bizitokiaren arabera: izan ere, aldeak daude Kode Zibilaren eta Foru Zuzenbidearen artean. Horren arabera ikusi beharko da testamentua egitea komeni den edo ez.
Informazio gehiago testamentuei buruz:
- Oinordetzak EAEn: informazio orokorra.
- Oinordetzak Araban: informazio orokorra.
- Notariotzaren Kontseilu Nagusia (gaztelania hutsez).
Organoak ematea
Gaur egun, organo-emaile txartelak hil ostean organoak emateko gogoa adierazteko balio du. Alabaina, txartelak ez dauka legezko baliorik, asko adierazpen hutsa da. Senideei jakinarazi behar zaie nahitaez organoak emateko borondatea, beren esku baitago hil ostean organoak ateratzea baimentzea.
Nola egin organo-emailea:
- Espainiako Transplanteen Erakunde Nazionalaren web-orria (gaztelania hutsez).
Aurretiazko borondateen agiria (Bizi testamentua)
Bizi-testamentua (aurretiazko borondateen agiri eta aurretiazko jarraibideen agiri ere deitzen da) agiri idatzi bat da, non pertsona jakin batek zer nolako osasun-laguntza eta -tratamenduak jaso nahi dituen adierazten duen (betiere pertsonalki adierazteko gauza ez den egoerara iristen bada), bai eta, behin une horretara iritsita, hil ostean bere gorpuarekin eta organoekin zer egin nahi duen.
Informazio gehiago:
Bizi-aseguruak eta heriotza-aseguruak
Bizi-aseguruek aseguratua hiltzeko unean adierazitako onuradunari kopuru jakin bat ordainduko zaiola bermatzen dute. Bizi-aseguru batzuk elbarritasun erabatekoa, elbarritasun iraunkorra, gaixotasun larriak eta beste egoera batzuei aurre egiteko estaldurak ere eskaintzen dituzte.
Heriotza-aseguruek hiletaren gastuei aurre egiteko erabiltzen dira, eta behar den kasuetan, baita hilotza bere bizilekura eramatearen gastuak ere. Bestalde, heriotza-asegurua arduratzen da baita une horretan gauzatu beharreko izapideez, senideei arreta egiteaz, eta izapide burokratiko eta kontu legaletan laguntzeko aholku juridikoa emateaz ere.
Norbait hiltzean, bere senideek ez badakite bizi-asegururik ba al zuen, Justizia Ministerioaren menpeko Heriotza-estalduren aseguru kontratuen erregistroa ematen dute informazio hori.
Hiltzeko unean egin beharreko izapideak
Heriotza-ziurtagiria eta Erregistro Zibilean inskribatzea
Norbait hiltzen denean, heriotzaren berri jaso behar da Erregistro Zibilean. Horixe da norbaiten heriotzaren fede emateko bitartekoa, non hil den, zein egunetan eta zein ordutan. Nahitaezko izapidea da heriotzak berarekin dakartzan ondorio zibilak osoro errekonozitu daitezen. Inskripzioa gauzatzeko, medikuak sinatutako heriotza-ziurtagiria medikoa behar da nahitaez. Hildakoaren NANaren edo pasaportearen kopia eta Familiarteko batek egindako heriotza-deklarazioaren inprimaki ofiziala eta ehorztetxearen baimena ere behar dira.
Ehorztetxeak izaten du dokumentazio hori eta, orokorrean, ehorztetxeak berak aurkeztu ohi du, hildakoaren bizitokiaren arabera dagokion Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian.
Informazio gehiago:
Behin heriotza inskribatu delarik, Erregistro Zibilak ehorzketa-baimena emango du, gorpua lurperatu edo erretzeko nahitaezkoa. Doako izapideak dira.
Ehorzketa ala errausketa?
Oro har, ezin da hilotzik ehortzi edo errautsi harik eta hil denetik 24 ordu pasatzen diren arte, ezta 48 ordu pasa eta gero ere (agintari judizialak eskatu dueneko, edo bestelako kasu bereziren batean izan ezik). Hileta enpresak arduratzen dira izapide horiek egiteaz.
Gasteizen bi hilerri daude:
Informazio gehiago:
- Salbatzailearen hilerriko zerbitzu eta administrazio araudia.
- Hilerriak eta ehorzte-eskubideak kudeatzeari buruzko ohiko galderak.
Hildakoen beila eta gorpuak erakustea
Gorpu-beila hildakoaren edo hurkoren baten etxebizitzan egin daiteke, bai eta propio xede horretarako egin eta baimena eskuratu duten lekuetan ere. Leku horiek behar bezala egokituta egon behar dira, eta beilatokiek eskatzen zaizkien betekizun guztiak bete behar dituzte.
Aipatutakoez gain, gorpuak leku publikoetan erakusteko baimena ere eman daiteke, gehienez ere heriotza gertatu eta berrogeita zortziko epean, baldin eta osasun agintarien ustean baldintzek baimentzen badute.
Salbuespen gisa, eta betiere arrazoi justifikaturen bat tarteko delarik, aurreko paragrafoan ezarritako epea laurogeita sei ordutara luzatzerik izango da, eta betiere gorpuaren egoerak edo eguraldiak kontrakorik gomendatuko ez badute.
Informazio gehiago:
Hileta zibilak
Hileta zibilak egin daitezke Udalaren zenbait udal instalaziotan.
Informazio gehiago nahi izanez gero, hileta zibilen zeremoniak hartzeko eskuragarri dauden udal-eremuei buruzko ohiko galderak kontsulta ditzakezu.
Espazioak erreserbatzeko, gune horien online erreserba egin daiteke.
Hil ostean egin beharreko izapideak
Ziurtagiriak eskatzea
Bi dira norbait hil ostean oinordetzako edozein egintzari ekin ahal izateko nahitaez behar diren ziurtagiri ofizialak: heriotza-ziurtagiria eta azken nahiaren egintzen ziurtagiria.
Heriotza-ziurtagiria norbaiten heriotza egiaztatzen duen agiri ofiziala da, eta azken nahiaren egintzen ziurtagiria hildakoak testamenturik egina ote zuen egiaztatzen du, eta baiezkoan, zein notarioren aurrean.
Informazio gehiago:
Oinordetza eta zerga betebeharrak
Konstituzioak oinordetzarako eskubidea onartzen du, 33. artikuluan. Hildakoak testamentua egin duen edo ez, bi oinordetza mota bereizten dira:
- Testamentu bidezko oinordetza, oinordetza hildakoak testamentuan adierazitakoaren borondateari jarraitzen diona.
- Testamenturik gabeko oinordetza, hiru kasu hauetan:
- Hildakoak ez duenean testamenturik egin.
- Testamentua egonik ere, bertan testamentua egin duenaren ondasun guztiak aipatzen ez direnean.
- Oinorde izendatutakoa ez denean oinorde izateko gauza.
Lurraldearen eta senideko zenbait gorabehera bitarte (senar-emazte edo izatezko bikote harremana egotea, seme-alabak komunak izatea, ondasun-araubidea, etab.), aldeak daude oinordetza mota bietan. Horien arabera, Foru Zuzenbidea ala Kode Zibila aplikatuko da..
Informazio gehiago:
Alabaina, oinordetza jasotzeak zerga betebeharrak dakartza berekin, eta berriro ere, zenbait faktoreren arabera. Edonola ere, aintzat hartu behar dira: batetik Oinordetzen gaineko zerga, herentzia bidezko ondare gehitzeak zergapetzen dituena; eta bestetik Hiri-lurren balio-gehikuntzaren (garai bateko gainbalioaren) gaineko zerga, hiri izaerako ondasun higiezinek eskualdatzeko unean hiri izaerako lurraren balioak izan duen gehikuntza zergapetzen duena. Lehenaren araudia estatala eta erkidegokoa da; bigarrenarena udalarena.
Informazio gehiago:
- Abenduaren 18ko 29/1987 Legea, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergari buruzkoa.
- Oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga. Arabako Foru Aldundia.
- Arabako Foru Aldundiaren oinordetza eta dohaintzen gaineko zergaren gida. (gaztelaniaz)
- Higiezinak jaraunspen bidez eskualdatzea: Hiri-lurren balio-gehikuntzaren (garai bateko gainbalioaren) gaineko zerga.
- Hiri-lurren balio-gehikuntzaren (garai bateko gainbalioaren) gaineko zergari buruzko ohiko galderak.
Ondasunen titulartasuna eta indarreko kontratuak aldatzea
Testamentua badago, horren kopia baimendua eskatu behar da (Azken nahiaren egintzen erregistroa). Halakorik ez badago, ezinbestekoa da lehenik jaraunsleen deklarazioa notario aurrean egitea (ondorengoen, aurrekoen edo ezkontidearen kasuan) edo epaitegian (anai-arreben edo beste senide batzuen jaraunsleen kasuan). Jaraunspenaren banaketa notario aurrean formalizatzen da (higiezinak eta jaraunsle bat baino gehiago badaude) edo dokumentu pribatu bidez (jaraunsle bakarra badago edo higiezinik ez badago).
Herentziaren likidazioak ondasun higiezinen baten titulartasun-aldaketarik eragingo balu, zenbait izapide egin behar da Udalaren aurrean:
- Higiezinak jaso gabeko edo banatu gabeko jaraunspen bidez eskualdatzea - Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zerga (garai bateko gainbalioa)
- Ondasun Higiezinen gaineko Zergan alta ematea higiezinak banatutako edo banatu gabeko jaraunspen bidez eskualdatzeagatik.
Horiez gain, kontuan hartu behar da hildakoaren izenean indarren leudekeen kontratuak aldatu beharko direla (ura, gasa, telefonoa, etxebizitza-asegurua, etab.). Horretarako, identifikatu egin beharko ditugu kontratuak, eta enpresa hornitzaile bakoitzaren bezeroei laguntzeko zerbitzuekin harremanetan jarri.
Gizarte Segurantzaren prestazioak
Gizarte Segurantzak "heriotza- eta biziraupen-prestazio" izenekoak eskaintzen ditu, pertsona batzuei beste batzuk hiltzeak eragiten dien beharrizan ekonomiko egoerari aurre egiten lagundu asmoz, esaterako alargun- eta zurztasun-pentsioak, heriotzagatiko laguntza, etab.
Informazio gehiago:
Zure iritziak axola digu
Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.