Soinu Giroa Hobetzeko Ekintza Plan berriak 14.000 biztanlek jasaten dituzten kutsadura akustikoko mailak gutxituko ditu

2024ko irailaren 27an argitaratua

Dokumentu horren helburua da 'bizi-kalitatea hobetzea zarata gutxiagoko Gasteiz diseinatzeko garaian kutsadura akustikoa arinduta', azaldu du Maider Etxebarriak.

Tokiko Gobernu Batzordeak Vitoria-Gasteizko Soinu Giroa Hobetzeko Ekintza Planaren hasierako onarpena hitzartu du. Horri esker, 2019 eta 2023 artean indarrean egon zen aurreko dokumentuan jasotako neurriekin aurrera jarraituko da.

Gure helburua da 14.000 lagun inguruk kutsadura akustiko txikiagoa jasatea eta, horrenbestez, haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea. Era berean, horren bidez, zarata gutxiago duen, lasaiagoa den eta herritarren osasuna gehiago errespetatzen duen hiria diseinatzeko gure estrategian aurrera jarraitu nahi dugu”, azaldu du alkateak, Maider Etxebarriak.

Planak 5 urterako estrategia (2024 eta 2028 artekoa) jasotzen du, denboran zehar egokitzen eta mantentzen joango diren ekintzekin.

Horrekin lotuta, Soinu Giroa Hobetzeko Ekintza Planaren arabera, ia 14.000 gasteiztarri eragiten dieten zarata mailak gutxitzea izango da erronka nagusia. “% 4,4tik % 3ra gutxitu nahi dugu 55 dezibelio baino gehiagoko mailak jasaten dituzten biztanleen bolumena. Horrek gaur egun maila handiagoak jasaten dituzten 3.500 lagun ingururi egingo dio mesede”.

Soinu Giroa Hobetzeko Ekintza Planaren bigarren helburua da herritarren % 83k eremu lasaiko mailak izatea gaueko aldirako. “Hau da, 50 dezibelioren azpitik dagoena. Horrek beste 10.000 laguni egingo dio mesede.

Helburu horiek lortzeko, bi noranzkotan egingo da lan, kudeaketarekin eta jarduketarekin lotutako lerroak garatuz“Kudeaketa-jarduketak beharrezkoak dira baliabideak hobeto aprobetxatzeko eta planak funtziona dezan. Lehentasuna duten neurrietako batzuk izango dira Soinu Giroa Hobetzeko Mahairako lan-egutegi berria ezartzea, sentsibilizazio-kanpainak abian jartzea eta informazio-sistema garatzea”.

Jarduera-lerroei dagokienez, zarata gutxitzeko eta prebenitzeko, eta eremu lasaiak mantentzeko ekintzekin lotutakoak dira. Neurri garrantzitsuenetako batzuk dira zoladuren mantentzeari lehentasuna ematea, betiere igortzen duten zarata gutxitzeko, aisialdiko zarata-mapa eguneratzea eta udal-eraikinek zaratarekiko duten esposizioa aztertzea.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.