Udalak azaroaren 5era arte zabaldu du erdigune historikoan eta Zabalgunean lokal komertzialen dinamizaziorako laguntzak eskatzeko epea

2024ko irailaren 27an argitaratua

12 hilabetez, alokairu-gastuen % 50eko dirulaguntza eskuratu ahal izango da, hilean 500 euroko gehieneko mugarekin.

Vitoria-Gasteizko Udalak azaroaren 5era arte zabaldu du Alde Zaharrean eta Zabalgunean “Lokal komertzialak dinamizatzeko laguntzak” eskatzeko epea. Hasiera batean, epea irailaren 30era artekoa zen.

Laguntza-programaren helburua da hutsik eta erabilgarri dauden lokal komertzialen okupazioa bultzatzea, lokalaren errentamendu-gastuen % 50 diruz lagunduta 12 hilabetez, hilean 500 €-ko gehieneko dirulaguntzarekin. 

Negozio-proiektua duten 15 lagunek eskatu dute laguntza eta azken orduan jasotako deien bolumen handia dela eta, inor kanpoan gera ez dadin epea luzatzea erabaki dugu”, azaldu du Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak, gaur goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan. “Dirulaguntza honekin, ekintzaileei lagundu nahi diegu haien negozioa martxan jarri ahal izateko hutsik dagoen lokal batera sarbidea izaten”, gehitu du.

Laguntza horietara sarbidea izateko, eskakizun batzuk bete beharko dituzte: dirulaguntzaren helburu den jarduera, adibidez, Alde Zaharra edo Zabalgunea auzoen barruan dagoen sarrera edo erakusleiho nagusia duen beheko solairuan egotea, enpresako langile kopurua 50 pertsona baino gutxiagokoa izatea edo urteko balantze orokorra 10 milioi euro baino gutxiagokoa izatea.

‘Lokal komertzialak dinamizatzeko laguntzak’ deialdiak 200.000 euroko zuzkidura du udal-gobernuaren eta EH Bilduren artean adostutako aurrekontu-hitzarmenari esker.

Informazio gehiago nahi izanez gero, udal webgunean

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.