Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Salburuko parkea

Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea

Salburuko parkea

Aurkezpena | Nola iritsi | Planoa eta airetiko ikuspegiak | Gomendatutako ibilbideak | Garrantzi ekologikoa | Hezegunearen leheneratzea | Vital bideak | Ataria

Hezegunearen leheneratzea

Salburua berezko hezegune zabala da, Vitoria-Gasteizko Kuaternarioko akuiferoan (Arabako Lautadako zati handi baten pean hedatzen den ur poltsa erraldoia) bildutako ura han azaleratzen delako eratu dena.

Salburuko hezegunearen leheneratzea

1857a baino lehen, Salburuko hezeguneak gutxienez hiru aintzira nagusi zituen. Betoñu, mendebaldean; Larregana, iparraldean; eta Arkauti, hego-ekialdean. Iturri onetik dakigu biziki aberatsa zela larretan, ehizan eta arrantzan. Eskualde guztian ospea eman zioten aberastasun horiek. Garai hartan, zalantzarik gabe, ekologiaren aldetik Euskal Herri osoko balio handieneko aintzira multzoetariko bat izango ziren. Arkautiko urmaelaren inguruan, ordokiko harizti handia zegoen, Arabako Lautadako baso paisaiaren ezaugarri.

1857an aintzirak lehortzeko prozesua hasi zuten, eta basoak bota zituzten, lur haiek soro bihurtzeko. Lehenik eta behin, Larreganeko aintzira drainatu zuten; ondoren, Arkautikoa; eta, azkenik, XX. mende erdialdean, Betoñukoa.

1994an, oneratze lanak hasi zirenean, antzinako paisaiatik baso bat besterik ez zen gelditzen, Elorriaga iparraldean, eta Betoñutik hurbil, hezegune zatitxo bat. Han, azken animaliek eta landareek oztaozta zirauten, ingurumenaren gaineko era guztietako eragin kaltegarriak jasotzen ari baitzen inguru hori: ezkutuko ehiza, txabolismoa, hondakinen isurketa, eta abar.

Ingurumena oneratzeko lanak Betoñuko aintziraren drainatzea geratuz hasi ziren. 1998an urmaeleko kanala ixteko dikea eraiki zuten, Larreganeko eta Arkautiko aintziretako urak Alegría ibaiaren ibilgura draina zitezen oztopatzeko. Lan horiei esker, 200 hektareako sail bat oneratu da. Hektarea horietatik 60 urez estalita izaten dira uholde handiko garaietan. Oraintsu parkeko aintzira multzoaren azalera handitu egin da, Duranzarrako aintzirak oneratuta.

Salburua oneratzeko lanek Vitoria-Gasteizko hiriguneko uholdeen aurkako defentsarako ere balio dute. Hiriguneak aintzirak erabiltzen ditu Santo Tomas eta Errekaleor erreken ohiz kanpoko emarien laminazio urmael gisa. Hori lagungarria izan da ibai horiek saneamendu sistemarekin bat egiten duten puntuan -Betoñun- aldizka gainezka egitea saihesteko.

Gainera, 1994tik hona aintziren inguruan eta ubideen ertzetan landareak eta paisaia oneratzeko lanak egiten ari dira. Horrela, Salburuaren jatorrizko aberastasunaren zati bat berreskuratzen ari da.

Salburuko hezegunearen leheneratzea

Ekologia oneratzearekin batera, erabilera publikorako eta hezegunea ezagutzeko lagungarri diren hainbat jarduera egin dira, esaterako bideak egokitzea, informazio panelak jartzea, ibilbide autogidatuak eta atsedenlekuak sortzea, bi hegazti behatoki instalatzea eta Salburuko hezeguneen interpretazio zentroa (Ataria) eraikitzea 2009an, ingurumen alorreko prestakuntza, hezkuntza eta sentikortasun jarduerak garatzeko.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.