Elurteak direnean egin ohi diren galderak

Non emango didate kaleen egoerari buruzko informazioa?
Argibideetarako telefono hauek erabil ditzakezu: - Udala: 010 (Gasteiztik kanpotik deituz gero: 945 16 11 00).
- Larrialdi kasuetarako baino ezin dira erabili hurrengo zenbakiak:
  • Larrialdiak: 112
  • Suhiltzaileak: 945 16 11 61
  • Udaltzaingoa: 092
Nork garbitu behar du nire atariko sarrera?
Garbiketa publikoari buruzko ordenantzak haren 33. artikuluan dioenez, eraikinen, saltokien edo orubeen jabe diren edo horiek okupatzen dituztenen betebeharra izango da fatxaden aurreko espaloi zatietako elurra eta izotza kentzea, oinezkoek bertatik igaro ahal izateko adina leku izan dezaten. Elurteei Aurre Egiteko Planak ezarritako ibilbideei jarraituko diote udal zerbitzuek, eta bide garrantzitsuenetan zein hiriko eremu bakoitzean oinezko gehien pasatzen diren pasabideetan elurra pilatu ez dadin eta horiek trafikorako irekita egon daitezen arduratuko dira.
Nola garbitu dezaket nire atariko sarrera?
Palak edo errasketak edukitzeko gomendioa egiten zaie etxejabeen elkarteei eta saltokiei haien fatxadaren aurreko espaloi zatitik elurra kendu ahal izateko, oinezkoak pasa daitezen, garbiketaren ordenantzak dioenarekin bat. Izotz xaflak badaude edo horiek prebenitzeko, lehen elurteak direnean, gatz edukiontziak jartzen dira gizarte etxeetan eta merkataritza guneetan, herritarrek bertatik kopuru txikiak har ditzaten.
Nire kalea elurrez beteta dago eta inork ez du garbitzen. Zer egin dezaket?
Gasteizko Udalak Elurteei Aurre Egiteko Plana abiarazten du ahal den neurrian udalerriko ohiko bizimoduari eusteko. Elurteei Aurre Egiteko Planean kontsultatu daitezke ezarritako garbiketa ibilbideak. Hala ere, arrisku edo larrialdiren batez ohartuz gero, 010 telefonora hots egin dezakezu horren berri emateko, eta haiek arduratuko dira Elurteetarako Planeko taldeari jakinarazteaz. Dena den, gogorarazten dizugu etxejabeen elkarteek eta areto zein denden jabeek garbitu beharko dutela beren etxeen eta establezimenduen aurreko espaloi zatia.
Zer gertatzen da hiriko kaleetan izotz xaflak daudenean?
Izotz plakak daudenean, aurten, berrikuntza gisa eta prebentzio moduan gatzun tratamendua aplikatuko da ibilbide espezifikoetan, adibidez, aldapa eta maldetan, lehentasunezko zerbitzuetako sarbideetan, ospitaleak kasu. Gainera edozein pertsonak har dezake gatza horretarako jarritako guneetan. Gogorarazten da etxejabeen elkarteek eta lokal edo establezimenduetako jabeek beren etxeen edo lokalen fatxadari dagokion espaloi zatia garbitu beharko dutela. Hala ere, arrisku edo larrialdiren batez ohartuz gero, 010 telefonora hots egin dezakezu horren berri emateko, eta haiek arduratuko dira Elurteei Aurre Egiteko Planeko taldeari jakinarazteaz.
Aldatu egiten da hiri autobusen zerbitzua elurra dela eta?
Ez da aldatzen. Elurteei Aurre Egiteko Planaren helburu da bide garrantzitsuenetan elurra ez pilatzea eta trafikorako irekita mantentzea hiri garraioko lineen ohiko ordutegia mantendu ahal izateko; dena den, atzerapenak izan daitezke, gehien bat, arreta handiagoz eta polikiago ibili behar delako eta momenturo gertatzen diren inguruabarrengatik (elurra mara-mara aritzea, tenperaturak jaistea, istripuak bide publikoan, eta abar).
Gasteizko udalerrian dagoen herri batean bizi naiz. Udalak herriko sarbideetako elurra kentzea aurreikusi du?
Nekazal eremuko bide eta kaleak garbitzeko, udalerriko eremu horietako bide eta bizitoki guztiak barne hartzen dituzten 11 ibilbide antolatu dira. Hortza duen traktore batek garbitzen du eremu bakoitza. Nekazaritza eremuek gatz zakuak eska diezazkiokete Suhiltzaile Zerbitzuari, operazio zentralera deituz (945 161 161), ezarritako ibilbideetan erabili ahal izateko. Gainera, helbide eta telefono hauetara jo dezakezu sarbide pribatuak garbitzeko gatza erosteko:
  • Komar Araba. Bitorialanda kalea, 13. Telefonoa: 945 22 70 66
  • Urteaga. Bergarako atea, 27. Telefonoa: 945 26 25 17
  • Patata biltegia, Alvarado Uriarte, S.L.. Oreitiasolo, 9 B. pabiloia Telefonoa: 636 19 14 70
Non emango didate errepideen egoerari buruzko informazioa?
Arabako Foru Aldundiaren web orria, atal batean, jasotzen da lurralde historikoko errepide sareari buruzko informazioa. Gainera, Sustapen Ministerioaren Tele-Ruta telefonora jo dezakezu: 900 12 35 05.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.