Kontratazioa - Kontratazio publikoari buruz

Definizioa eta oinarriak

Kostu bidezko kontratuen prestaketa, esleipena, eragina, betetzea eta suntsipena barne hartzen duen jarduera da kontratazio publikoa, baldin eta bi aldeetako bat gutxienez sektore publikoko entitatea bada. Indarrean dagoen lege-esparruak zehazten du zer den kostu bidezko kontratua: kontratistak onura ekonomikoren bat lortzen duen kontratua, zuzenean edo zeharka; orobat zehazten du zein entitate sartzen diren sektore publikoan. Horien artean daude, jakina denez, Gasteizko Udala, haren erakunde autonomoak eta udal enpresak.

Indarrean dagoen lege-esparruak zenbait baldintza ezartzen ditu kontratu publikoak arautzeko. Zehazki, sektore publikoaren kontratazioak printzipio hauek bete behar ditu:

  • Lizitazioetan esku hartzeko askatasuna, publikotasuna eta prozeduren gardentasuna.
  • Diskriminaziorik eza eta lizitatzaileen arteko berdintasuna.

Era berean, indarreko legeria obrak egin, ondasunak erosi eta zerbitzuak kontratatzera bideratutako funtsen erabilera eraginkorra bermatzeaz arduratzen da, eta horretarako, ase beharreko premiak aldez aurretik zehaztu ditzatela galdatzen da, lehia askea zaindu dezatela eta eskaintza ekonomikoki onuragarriena aukera dezatela.

Azkenik, kontratazio publikoak irizpide sozialak eta ingurumenarekin lotutakoak txertatu behar ditu, zeharka eta nahitaez, baldin eta kontratuaren xedearekin zerikusia badute, uste baita irizpide horiek sartzeak kalitate-prezio erlazio hobea dakarrela kontratu prestazioan, baita eraginkortasun handiagoa funts publikoak erabiltzean.

Lege-esparrua

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak ezartzen du kontratazio publikorako lege-sistema; horren bitartez Espainiako ordenamendu juridikora aldatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/UE eta 2014/24/UE Zuzentarauak. Lege horrek xedatzen ditu sektore publikoaren kontratazioek jarraitu beharreko printzipioak eta kontratazio-prozedura posibleak. Zehazki, 12. artikulutik 19.era artekoetan xedatzen dira sektore publikoko kontratu motak: obra-kontratuak, obren emakidak, zerbitzuen emakidak, hornikuntza, zerbitzuak eta mistoak; horietan Legearen arauak bete behar dira, administrazio-kontratuak baitira. Gainerako kontratuak aplikatzekoak diren administrazio zuzenbidearen edo zuzenbide pribatuaren arauen bidez sailkatzen dira.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.