Kontratazioa - Kontratu motak. Aurretiazko kontsultak

Sektore publikoko entitateek erakundearen helburuak betetzeko beharrezko diren eta haiekin lotuta dauden kontratuak baino ezin dituzte egin. Legeak ezartzen duenaren arabera, prozedura irekia, murriztua edo publizitaterik gabeko prozedura negoziatua aukeratzen denean, aldez aurretik zehaztu beharko dira dena delako kontratuaren bidez bete nahi diren premiak, baita kontratuaren egokitasuna ere.

Horretaz gain, programatu egin beharko dute sektore publikoko entitateek aurrekontu-ekitaldi batean edo hainbat urtetako epeetan garatu nahi duten kontratazio publikoko jarduera, eta aldez aurretik jakinarazi beharko dute kontratazio plana, informazio iragarki baten bitartez, zeinean arautze harmonizatuari lotutako kontratuak agertuko baitira gutxienez.

Sektore publikoko kontratuak administrazio-zuzenbidearen edo zuzenbide pribatuaren erregimen juridikoaren mende egon daitezke, motaren, xedearen eta/edo ondorioen arabera, eta horrek zehaztuko du zein den jurisdikzio eskuduna eztabaidarik izanez gero.

Administrazio-kontratuak

2017ko SPKLaren 12.-19. artikuluetan xedatzen dira sektore publikoko kontratu motak: obra-kontratuak, obren emakidak, zerbitzuen emakidak, hornikuntza, zerbitzuak eta mistoak; horietan Kontratu Legearen arauak bete behar dira, administrazio-kontratuak baitira. Gainerako kontratuak aplikatzekoak zaizkien administrazio zuzenbidearen edo zuzenbide pribatuaren arauen bidez sailkatzen dira.

Arautze harmonizatuari lotutako kontratuak

Kontratu hauek daude lotuta arautze harmonizatuari: obrak, obren emakidak, zerbitzuen emakidak, hornikuntza, zerbitzuak eta mistoak, baldin eta horien balio zenbatetsiak -2017ko SPKLaren 101. artikuluan aurreikusitako arauei jarraituz kalkulatua- zenbateko jakin batzuk gainditzen baditu -urtero berrikus daitezke zenbateko horiek-; hauek dira 2018rako mugak:

  • Obrak, obren emakidak eta zerbitzuen emakidak: 5.548.000 euro.
  • Hornidura- eta zerbitzu-kontratuak: 221.000 euro.
  • Gizarte-zerbitzuen eta berariazko beste zerbitzu batzuen kontratuak (2017ko SPKLaren IV. eranskinean zerrendatuak): 750.000 euro.

Kontratu horiek Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (DOUE) argitaratu beharko dira, eta kontratazio alorreko errekurtso berezia aurkez dakieke.

Merkatuaren aurretiazko kontsultak (2017ko SPKLaren 115. art.)

Lehiaren Euskal Agintaritzaren Kontratazio publikoari eta lehiari buruzko gidan(Beste leiho batean irekiko da) gogorarazten denez, "ezinbestekoa da kontratuak behar bezala planifikatzea eta prestatzea, sektore publikoko lizitazioetan errespetatu behar diren printzipioak bete ahal izateko. Hori dela eta, lizitazio batera deitu aurretik, honako elementu hauek aintzat hartu beharko lirateke: beharrak, merkatuaren egoera, iritziak, aurrekontua, kostua-irabazia. Testuinguru horretan, merkatuaren aurretiazko kontsultak tresna baliagarriak dira merkatuaren ezaugarriak ezagutzeko. Kontratazio-organoek merkatu-azterketak egin ditzakete, edo operadore ekonomikoei galdetu, lizitazioa egoki prestatzeko.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.