Kontratazioa - Kontratazio-prozedurak

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak (2017/11/09ko BOE, 272. zk.)(Beste leiho batean irekiko da) zehazten ditu administrazio publikoek erabilgarri dituzten kontratazio-prozedura ezberdinak.

Prozedura irekia (2017ko SPKLaren 156.-158. art.)

Prozedura arrunta da, eskatutako gaitasuna eta kaudimena duten enpresa guztiek aurkeztu ahal baitute. Lizitatzaile guztien eskaintzak aztertzen dira, aurretiko hautaketa prozedurarik egin gabe. Interesa duen enpresaburu orok aurkez dezake eskaintza, eta ez da inola ere negoziatzerik kontratuaren baldintzarik lizitatzaileekin.

Prozedura irekiaren laburpen-taula
Kontzeptua Mota Epea SPKL
Arautze harmonizatuari lotutako prozeduretan (SARA) eskaintzak aurkeztea Orokorra Gutxienez 35 egunekoa obra, hornikuntza eta zerbitzuetan.
Gutxienez 30 egunekoa obra emakidetan eta zerbitzu emakidetan
156.2. artikulua
Arautze harmonizatuari lotutako prozeduretan (SARA) eskaintzak aurkeztea Aurretiaz iragarrita 15 egun 156.3. artikulua
Arautze harmonizatuari lotutako prozeduretan (SARA) eskaintzak aurkeztea Bitarteko elektronikoetan iragarrita Aurreko epeak 5 egun laburtuko dira 156.3.c) artikulua
Arautze harmonizatuari lotutako prozeduretan (SARA) eskaintzak aurkeztea Hornidura eta zerbitzuak Gutxienez 15 egun natural 156.6. artikulua
Arautze harmonizatuari lotutako prozeduretan eskaintzak aurkeztea Obrak, obren emakidak eta zerbitzuen emakidak Gutxienez 26 egun natural 156.6. artikulua

Prozedura ireki sinplifikatua eta sinplifikatu laburtua (2017ko SPKLaren 159. art.)

Prozedura ireki sinplifikatuak tramitazio laburtua egitea ahalbidetzen du, publikotasuna eta gardentasuna bermatuz.

Obra, hornikuntza eta zerbitzu kontratuetan prozedura ireki erraztua erabiltzea erabaki daiteke bi baldintza hauek betetzen badira:

  • Balio zenbatetsia 2.000.000 euro edo gutxiago bada, obra-kontratuetan, edo 100.000 euro edo gutxiago bada, hornidura- eta zerbitzu-kontratuetan.
  • Esleitzeko irizpideetan balio-iritziaren bidez ebaluatzekorik ez egotea edo, halakorik bada, dagokion pisua guztizkoaren % 25etik gorakoa ez izatea, kontratuaren xedea izaera intelektualeko prestazioak direnean izan ezik, orduan horien pisua ezingo baita guztizkoaren % 45etik gorakoa izan.

Arauak tramitazio bereziki laburra duen prozedura ere aurreikusten du, "prozedura sinplifikatu laburtua" deritzoguna, kasu hauetarako: balio zenbatetsia 80.000 euro edo gutxiago bada, obra-kontratuetan, edo 35.000 euro edo gutxiago bada, hornidura- eta zerbitzu-kontratuetan.

Esleitzeko irizpideetako bakar bat ere ez da balio-iritziaren bidez ebaluatzekoa izango.

Prozedura sinplifikatuaren laburpen-taula
Obrak Obrak Zerbitzuak eta hornikuntzak Zerbitzuak eta hornikuntzak
Kontratu mota Ireki sinplifikatua Ireki supersinplifikatua Ireki sinplifikatua Ireki supersinplifikatua
Gehienezko zenbatekoa 2.000.000 € 80.000 € baino gutxiago 100.000 € 35.000 € baino gutxiago
Gutxieneko lizitazio-epea 20 egun 10 egun 15 egun 10 egun/5 egun, ondasun arruntak erosteko bada
Balio-iritziaren mendeko esleipen-irizpideak Guztizkoaren % 25eraino Irizpideen % 100 formulen bidez ebaluatzekoa Guztizkoaren % 25eraino, izaera intelektualeko zerbitzuetan (ingeniaritza, arkitektura, etab.) izan ezik. Kasu horretan, % 45eraino Irizpideen % 100 formulen bidez ebaluatzekoa

Prozedura murriztua (2017ko SPKLaren 160.-165. art.)

Prozedura hori bereziki egokitzat jotzen da konplexutasun handiko zerbitzu intelektualak kontratatzeko.

Prozedura mugatuan, aldez aurretik eskaera egin dutelarik administrazio-baldintza partikularren agirian ezarritakoari jarraituz hautatutako enpresek baino ezin dute eskaintzarik aurkeztu.

Enpresa gonbidatuen kopurua lizitatzaileen arteko lehia benetakoa izango dela bermatzeko bestekoa izan beharko da (gonbidatutako enpresen kopurua, ahal dela, ez da 5etik beherakoa izango).

Prozedura negoziatua (2017ko SPKLaren 166.-171. art.)

Aparteko prozedura da, Legean berariaz aurreikusitako kasuetan erabil daitekeena. Hautagai batekin edo batzuekin negoziatu ondoren ematen zaio kontratua lizitatzaile bati.

Prozedura negoziatuak publizitatea eskatzen du, baina Legean aurreikusitako kasuetan ez da eskatzen aldez aurretik iragarkia argitaratzea.

Gonbidatu ez arren parte hartzea eskatzen duten enpresak ere onartu behar dira prozeduran.

Negoziazioaren alderdiak dosierrean dokumentatu behar dira, ahalik eta gardentasun handiena lortzearren.

Prozedura hurrenez hurreneko faseetan garatzen bada, azken fasean eskaintzen kopuruak benetako lehia bermatzen duela ziurtatu beharko da (gonbidatutako enpresen kopurua, ahal dela, ez da 3tik beherakoa izango).

Lehia-elkarrizketa da zirkunstantzia jakin batzuk gertatzen direnean erabil daitekeen aparteko beste prozedura bat. Lehia-elkarrizketan, ente publikoak iritzi trukea gidatzen du aukeratutako hautagaiekin, haiek aldez aurretik eskaera egin dutelarik, bi aldeen beharrei erantzuten dien lizitazio-prozedura garatzearren.

Prozedura negoziatuaren antzeko prozedura da, bereziki zailak diren kontratuetan erabiltzeko erreserbatua (esate baterako, azpiegitura konplexuen obrak egiteko). Prozedura horrek arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza ordeztuko du, hori ez baita aplikatuko aurrerantzean.

Prozedurak malgua izan beharko du, eta lehia bermatu; horretarako, parte hartzeko gonbidapena egingo zaien enpresen kopurua ezingo da izan 3 baino txikiagoa, ahal dela. Prozedura hurrenez hurreneko faseetan garatzen bada, azken fasean eskaintzen kopuruak benetako lehia bermatzen duela ziurtatu beharko da. (1)

Berrikuntzarako lankidetzaren bidezko prozedura (2017ko SPKLaren 177. art. eta hurrengoak)

Entitate kontratatzaileak behar dituen produktu, prozesu edo zerbitzu berritzaileak oraindik merkatuan eskuragarri ez daudenean erabil daiteke kontratazio mota hori.

Kontratazio organoak elkarte bat osa dezake bazkide batekin edo gehiagorekin, behar diren ikerkuntza eta garapen jarduerak bakoitza bere aldetik egin ditzan.

Berrikuntzarako elkartzearen bidezko prozeduran urrats hauei jarraituko zaie:

  • Lizitatzaileekiko negoziazioa.
  • Hautagaiak aukeratzea.
  • Bazkideekin elkartzea.
  • Sortzen den produktua erostea.

Prozedurak malgua izan beharko du, eta lehia bermatu; horretarako, parte hartzeko gonbidapena egingo zaien enpresen kopurua ezingo da izan 3 baino txikiagoa, ahal dela. Prozedura hurrenez hurreneko faseetan garatzen bada, azken fasean eskaintzen kopuruak benetako lehia bermatzen duela ziurtatu beharko da.

Kontratu txikiak (2017ko SPKLaren 118. art. )

Kontratu txikitzat jotzen dira balio zenbatetsia 40. 000 eurotik beherakoa dutenak, baldin eta obra-kontratuak badira, eta 18. 000 eurotik beherakoak, hornikuntza edo zerbitzu kontratuak badira,

Ezingo dute urtebete baino gehiago iraun, eta ezingo dira luzatu.

Kontratazio-dosier bat kontratu txiki gisa tramitatzeko, nahikoa izango da kontratazio organoak horren beharra arrazoitzeko txostena egitea, gastuak onestea eta dagokion faktura dosierrean jasotzea.

Horretaz gain, obretarako kontratu txikian obren aurrekontua jaso beharko da, eta obren proiektua, halakorik bada.

Dosierrean justifikatu egin beharko da ez dela kontratuaren xedea aldatzen ari kontratazio-arau orokorrak aplikatzea eragozteko, eta kontratistak ez duela bereiz edo batuta aipatutako kopurua gainditzen duten kontratu txiki gehiago sinatu. Kontratazio organoak egiaztatuko du arau hori betetzen den.

Gainera, kontratu horiek batera eta hiru hilean behin argitaratu beharko dira kontratatzailearen profilean, alderdi hauek zehaztuz:

  • Xedea
  • Iraupena
  • Esleipenaren zenbatekoa
  • Esleipenduna

SPKLaren arabera, zenbateko jakin batetik beherako kontratu txikiak argitaratzeko beharretik salbuetsita daude; zehazki, 5.000 eurotik gorakoak ez direnak (BEZa barne), baldin eta kutxa finkoaren edo antzekoaren bidez ordaintzen badira.

Esparru-akordioa eta kontratatzeko sistema dinamikoak (2017ko SPKLaren 219.-222. art. )

Esparru-akordioak eta kontratatzeko sistema dinamikoak dira administrazioaren eta kontratisten arteko kontratazioa teknikoki arrazionalizatzeko baliabideetako batzuk, kontratazioak aldi jakin bat irauten badu eta horren barruan etengabe prestazioak eman beharra aurreikusten bada.

Esparru-akordioen helburua da kontratuaren baldintzak egonkorrak izatea.

Sistema dinamikoetan, betekizunak betetzen duen eskaintzaile edo lizitatzaile orok parte har dezake behin kontratua hasitakoan; esparru-akordioetan, berriz, behin definituta daudenean, ezin da enpresa berririk sartu kontratua indarrean dagoen bitartean.

Aparteko mota horiek aplikatzeko horiek justifikatu beharra dago kontratazio dosierrean: arrazoiak, akordioaren iraupena, eta iraupena luzatzeko aukera -hasteko, lau urterako ezarrita dago, baina luzatu liteke, salbuespenezko kasuetan-.

Kontratuaren iraupena amaitzen denean beste kontraturik egiten bada, ezingo dira izan erreferentziazko esparru-kontratuaren eraginak de facto luzatzea ekar lezakeen epe bat baino luzeagoak izan.

Esparru-akordioa zati batean edo osorik eman gabe geratzen bada, edo enpresa kopurua txikia bada, beste kontratazio-prozedura bat aukeratu beharko da.

Presazko tramitazioa

Presazko tramitazioa bakarrik aplikatu ahalko da tramitatzeko epe arruntak interes publikoa urratzea badakar eta horren kalterako bada. Ondorio nagusia da tramitatzeko epeak tramitazio arruntaren epeen erdira laburtzen direla.

Kontratazio-prozedura mota horretaz baliatu nahi bada justifikatu egin behar da, eta kontuan hartu epe batzuk prozedura arruntarenak berak izan daitezkeela, eskaintzak aurkeztekoa, esaterako, lehiakortasunari eta lehia askeari oztoporik ez jartzeko.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.