Animaliak adoptatzea eta Animaliak Babesteko Zentroaren (ABZ) funtzionamendua - Ohiko galderak

Zer egin behar dut animalia bat adoptatzeko? Ordaindu egin behar al da?
ABZn animaliak adoptatzeko, hitzordua eskatu behar da, animalia ezagutu eta adopzio-izapideak hasteko. ABZn adoptatzea doan da.
Erreserbatu al daitezke ABEZko txakur eta katuak?
ABZko animaliak ezin dira erreserbatu. Animalia jakin bat adoptatu nahi duen pertsonak hitzordua eskatu beharko du ABZko instalazioetara joateko; alabaina, horrek ez du bermatzen adoptatu nahi duen animalia bera adoptatu ahal izango duenik.
Adoptatzailea nahi zuen animalia eskuragarri ez badago, aholku emango diogu, bere profilera egokitzen den besteren bat aurkitzeko.

Noiz eraman behar dut animalia adoptatua albaitariarengana?
Ahalik eta azkarren eramatea komeni da, txertaketa-plana ezarri eta harentzako elikadura egokiena hautatzeko.
Zer gertatzen da txakur, katu edo hudo bat ABZra iristen denean?
Txakur, katu edo hudo bat ABZra iristen denean, animaliak mikrotxipa ba ote duen egiaztatuko da. Baiezkoa bada, jabea bilatzen da.
Animaliak mikrotxipik ez badu, osasun azterketa egin zaio, parasitoak kenduko zaizkio, txertoa jarriko zaio, eta ostatu emango harentzat egokien den lekuan, betiere haren ezaugarriak kontuan hartuta (sexua, tamaina, izaera, osasun-egoera...).
Zenbat denbora itxaron behar da maskota bat adoptatu ahal izateko, ABZra iristen denetik?
Maskota kalean jaso eta mikrotxipik ez badu, 15 egun naturaleko epean egon behar du ABZn, adoptatu ahal izan aurretik. Epe horretan inork ez badu erreklamatu, adoptatzeko gai izango da.
Zer egin dezaket maskota bat adoptatu ondoren nire beharretara egokitzen ez bada?
Adoptatu aurretik, kontzientziazio-lan handia egiten da, adopzioak arduraz egin daitezen, eta adoptatzaileak bere gain hartuta sor daitezkeen arazoak.
Hala ere, 10 eguneko probaldia eskaintzen zaio adoptatzaileari, “adopzio aurreko” deitzen dugun aldi bat; epe horretan animaliarengan osasun- edo jokabide-arazorik atzematen bada, ABZko instalazioetara eraman ahalko da berriro.
Behin betiko adopzioa egin ondoren, ez da animalia ABZra itzultzerik onartuko, salbuespenezko kasu oso jakin eta behar bezala justifikatuetan izan ezik.
Eraman al dezaket ABZtik esterilizatu gabeko animaliarik?
Adopzioan emandako animalia guztiak esterilizatuta egon behar dute nahitaez. Esterilizazioa doan izango da ABZko animaliarik adoptatzen duen pertsona ororentzat.

Hala ere, esterilizatu gabeko animaliarik entregatzen denean –kirurgia horretarako gazteegiak direlako, edo beste osasun-arrazoi batzuengatik–, ebakuntza egiteko data egokia adostuko du ABZk adoptatzailearekin.
Zer baldintza berezi bete behar ditut arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak erosi ahal izateko?
Jabeari dagokionez:
- Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko baimena ematen duen lizentziaren titularra izatea, halako txakurrik erosi baino lehen.
- Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrentzako erantzukizun zibileko berariazko asegurua kontratatzea, gutxienez 120.000 euroko estaldura izango duena.
- Arriskutsua izan daitekeen txakur hori arriskutsu izan daitezkeen txakurren udal-erregistroan erregistratzea.

Txakurrari dagokionez:
- Bide eta espazio publikoetan ibili ahal izateko, gehienez ere 2 metroko uhal luzaezin baten bidez lotuta joan beharko du txakurrak, eta nahitaezko muturrekoa jantzita.
- Esterilizatu egin behar dira 12 hilabeteko adina betetzen dutenean.
Zer egin behar dut maskota galtzen bazait?
Maskota galdu baduzu, Udaltzaingoaren aurrean salatu behar duzu, animaliaren mikrotxiparen datuak emanez; baita animalia galdu den lekuari, datari eta orduari buruzko datuak, eta animalia bilatzen lagungarri izan daitekeen edozein datu garrantzitsu ere. Derrigorrez egin behar da salaketa hori, eta horrez gain, salaketaren berri eman behar zaio 72 orduko epean Euskal Autonomia Erkidegoko Lagun egiteko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrari (AIEO).
Eraman al daitezke maskotak ABZra txertoa edo mikrotxipa jartzera, edo irentzera?
Ez, ABZn bertako instalazioetan dauden animaliak artatzen dira, ez besterik. Ez da kanpoko animaliarik hartzen albaitaritza-kontsulta edo -ebakuntzak egiteko.
Zaindu ezin dudan animalia bat daukat. Eraman dezaket Animaliak Babesteko Zentrora? Nola artatuko dute? Gerora berriro nirekin eramaterik izango nuke?
ABZn ez da norbere borondatez animaliarik entregatzea onartzen. Animalia bat adoptatzeak “bizi osoan” haren ardura hartzeko konpromisoa dakar berekin, animaliak babestearen arloan indarrean dagoen araudiari jarraiki.

Animaliaren titularrari dagokio bizitza osoan hark behar dituen zainketak eta albaitaritza-laguntza emateko betebeharra.

Inguruabar pertsonalak tarteko, erantzukizun horri aurre egiterik izango ez balu, beste etxe bat bilatu beharko zaio animaliari.

Salbuespenezko eta behar bezala justifikatutako kasuetan soilik jasoko da animaliarik ABZn, baldin eta titularrak ez badu animalia behar bezala artatzeko behar beste baliabide ekonomiko zein sozialik, betiere titularrak animalia izateari uko egin, eta haren egoera ekonomikoa zein soziala egiaztatzen duen Gizarte Zerbitzuen justifikazio-txostena aurkeztu ondoren.

ABZn entregatutako animaliak adopziorako jartzen dira, arduraz zainduko dituzten hirugarrenek adoptatzeko; beraz, eta arau orokor gisa, lehengo jabeek ezin izango dituzte berreskuratu.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.