Bero plana - Udalaren aholkuak
Tenperaturek egun hauetan izango duten eragin berezia eta osasunean izan ditzaketen ondorio negatiboak kontuan hartuta, Gasteizko Udaletik adi egotea, eta horren aurrean neurriak hartzea gomendatzen dizugu.
1. Nola eragiten digu beroak gorputzean?
Beroa zenbait ondorio kaltegarriren iturri izan daiteke: deshidratazioa, akidura, karranpak, bero-kolpea... Egiezu arreta berezia sintomei:
Sintomak
Beroagatiko akidura sintoma hauen bidez antzematzen da: 40 ºC-tik beherako sukarra, buruko mina, nekea, goragalea, zorabioa, larruazal hotz zurbil eta hezea, izerdi bizia, pultsu azkarra eta ahula, nekea, zorabioa eta muskulu-karranpak. Behar bezala tratatu ezean, bero-kolpearen sintomak eragin ditzake.
Nola jokatu?
Edan ura hurrupaka; bilatu leku freskoren bat, eta geratu bertan; jaitsi gorputzaren tenperatura urarekin edo oihal hotzen bidez; jo ezazu osasun-laguntza bila, baldin eta goragalerik agertzen bada, sintomek okerrera egiten badute eta ordubete baino gehiago irauten badute, bai eta gaixo kronikoen kasuan.
Sintomak
Bero-kolpea sintoma hauen bidez antzematen da: goragalea, gonbitoa, buruko mina, larruazal berotu eta gorritua, gorputz-tenperatura 40º C-tik gorakoa, ibilera ezegonkorra, zorabioa.
Kasu larrienetan sintoma kezkagarriagoak ager daitezke: konbultsioak, portaera-aldaketa, kontzientziaren alterazioa, eta baita konortea galtzerainoko zorabioa ere. Deitu ezazu 112ra, hori larrialdia baita.
Nola jokatu?
Eramazu pertsona kaltetua leku fresko batera, lagundu egiozu tenperatura jaisten urarekin edo oihal hotzen bitartez, eta ez eman edateko ezer.
2. Aholku eta gomendioak
Erabili ezazu arropa arina, saihestu ezazu zuzeneko eguzkia, eta zoaz leku freskoetara. Eta gainera:
Edan ezazu ura
- Edan ezazu ura maiz, baita egarririk gabe ere; izerdi bidez galdutako ura berreskuratzen lagunduko dizu.
- Ez ezazu kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duen edaririk kontsumitu. Ez dute egarria asetzen, eta gorputzeko likido gehiago galarazten dute.
- Kontsultatu egiezu osasun-langileei edan dezakezun likido kantitatea mugatu egin al dizuten, edo diuretikoak hartzea agindu dizuten.
Elikadura
- Entsalada, barazki eta fruta gehiago jatea komeni da, izerdi bidez galdutako gatz mineralak berreskuratzeko.
- Janari koipetsuak eta oparoegiak baztertzea komeni da, horiek ez baitute berora egokitzen laguntzen.
Etxean
- Itxi itzazu leihoak, eta jaitsi pertsianak, eguzkiak zuzenean jotzen duen leihoetan.
- Aprobetxa itzazu bero gutxieneko uneak etxea aireztatu eta freskatzeko.
- Bero handia baduzu, har ezazu dutxa edo bainua, edo freskatu aurpegia eta eskuak. Abanikoa, haizagailua eta abar ere lagungarri dira beroari aurre egiteko.
- Bero gehien egiten duen orduetan, saia zaitez ahalik eta gehien etxean geratzen.
Aire zabalean
- Erabili ezazu arropa zabala, arina, freskoa eta kolore argikoa.
- Jantzi ezazu kapela edo txanoren bat, erabili eguzkitako betaurrekoak, eta babestu azala faktore handiko eguzki-kremarekin. Eguzki-krema bi ordutik behin aplikatu behar da.
- Bila ezazu gerizpea ibilbide osoan. Erabili ezazu Gasteizko babesleku klimatikoen eta ibilbide erosoen sarea.
- Erabili itzazu oinetako eroso, zabal eta freskoak. Kontuan izan beroak puztu egiten dituela oinak, eta, horrexegatik, urradurak eragin ditzakeela; arreta berezia egin behar diote horri diabetes mellitusa, zirkulazio-gaixotasunen bat edo antzekorik duten pertsonek, zauri horiek denbora asko behar izaten baitute sendatzeko.
- Nahitaez eguzkipean lanean aritu behar baduzu, erabili ezazu kapela edo txanoa eta jantzi arropa arina. Edan ezazu ur asko, 2-4 baso ur fresko ordu bakoitzeko.
- Egiazta ezazu ez dela pertsona edo animaliarik geratu ibilgailu aparkatu eta itxi baten barruan, ezta itzalpean badago ere.
Kirol-entrenamendua kalean
- Ez ezazu jarduera fisikorik egin 12:00etatik 17:00etara bitartean. Hobe da jarduera fisikoa goizean goiz egitea edo arratsalde-gauerako uztea
- Jarduera fisiko bizian aritzeko asmotan bazabiltza, eta arrisku-maila laranja edo gorria bada, pentsa ezazu entrenamendua edo jarduera fisiko bizi hori hurrengo baterako uztea.
- Hala ere jarduera fisikoari eustea erabakitzen baduzu, egizu taldean. Ez ezazu intentsitate handiko jarduerarik egin bakarrik zaudela, taldean baizik.
- Ikasi egin behar da beroaren ondorioak eta sintomak antzematen: gorputzak seinaleak bidaltzen dizkigu, esaterako nekea, zorabioa, azal berotu eta lehortua, nahasmendua, orientazio-galera, muskuu-karranpak...
- Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek (gaixotasun kardiobaskularrak, obesitatea...) medikuari kontsultatu beharko liokete aldez aurretik, entrenamendua planifikatzerakoan hartzen behar dituzten botikek edo beren egoera fisikoak zainketa berezirik eskatzen ote duten.
Ekipazio egokia
- Saia zaitez leku estalian entrenatzen, baina kanpoan egiten baduzu, eman eguzkitik babesteko krema (zure azalerako egokia eta urarekiko erresistentea) aurpegian, besoetan eta zangoetan; eman krema gerora ere bai.
- Babestu zaitez. Eramazu arropa eroso eta transpiragarria, zabala eta kolore argikoa, kirol-oinetako egokiak, txanoa edo kapela, eta betaurreko homologatuak.
Entrenamenduak iraun bitartean
- Jaitsi ezazu exijentzia-maila. Egokitu zure entrenamendua eta erritmoa tenperatura altuetara: funtsezkoa da jardueraren intentsitatea eta iraupena murriztea.
- Zaindu ezazu hidratazioa: edan ezazu likido gehiago (ura, zukuak, edari isotonikoak, etab.) kirola egin bitartean eta ondoren, baita egarrir ez bazara ere. Eramazu ura beti zurekin.
- Freska itzazu urarekin –sarritan freskatu ere– aurpegia, eskuak eta garondoa.
- Aldian behin, bila itzazu leku freskoak, itzalpean daudenak, eta har ezazu atseden horietan, zure onera itzultzeko eta gorputza hozteko bezain beste alditan. Entzun egiozu zure gorputzari.
- Ez ezazu ahaztu ariketa arin eta sinpleekin hastea, eta luzaketa-ariketekin amaitzea. Gorputza pixkanaka doitu behar da.
Txakur eta katuak oso kalteberak dira tenperatura altuen aurrean. Izan ere, pertsonek ez bezala, ez dute izerdi-guruinik gorputzetik beroa kanporatzeko; hatsaren bidez freskatzen dute gorputza, bai eta hanketako kuxinen bidez eta ile gutxiko atalen bidez (sabela, esaterako).
- Ur fresko eta garbia izan behar dute uneoro, eta ur-ontzia eguzkitik babestuta, berotu ez dadin. Aldiko, garbitu ur-ontzia.
- Itzal freskoa duen espazio zabal eta ondo aireztatua izan behar dute.
- Txakurren kasuan, atera paseatzera bero gutxieneko orduetan, eguneko lehen eta azken orduan, eta ez utzi ariketa asko egiten.
- Eramazu beti urez betetako ontzi bat, paseoan txakurra hidratatzeko.
- Ez ezazu utzi INOIZ txakurra edo katua ibilgailu barruan, zu itzuli zain, ezta leihoak irekita badaude ere.
- Ikasi egin behar da animaliek beroaren ondorioak pairatzen ari direla erakusten duten zantzuak.
- Egiezu berebiziko arreta bularreko haurrei, umeei, adinekoei, eta beroaren zein deshidratazioaren ondorioz gaiztotu egin daitezkeen gaixotasunak (adibidez, bihotzeko gaixotasunak) dituzten pertsonei.
- Ez ezazu inoiz eguzkipean zuzenean jarri 6 hilabetetik gutxiagoko haurtxoak.
- Saia zaitez bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak bisitatzen, egunean behin gutxienez, zailtasunak izan baititzakete babes-neurriak hartzerakoan zein aplikatzerakoan.
- Gorde itzazu botikak toki freskoren batean, beroak horien konposizioa eta ondorioak aldatu egin ditzake eta.
3. Tenperatura oso altuen arriskuak
Maila horia | Maila laranja | Maila gorria | |
---|---|---|---|
Muturreko tenperatura altuak | 34 ºC edo gehiago | 37 ºC edo gehiago. | 39 ºC edo gehiago. |
Tenperatura altu iraunkorrak | Egun bat edo bi | Hiru edo lau egun | Bost egun edo gehiago |
Arriskuak
Tenperatura oso altuek deshidratazio larria, bero-kolpeak edo akats organikoak eragin ditzakete, bai eta aurretiko baldintza medikoak larriagotu ere, halako moduan non areagotu egin baitezakete hiltzeko arriskua:
Tenperatura altu ez ohikoek arrisku gehiago dakarkie kolektibo hauei:
- 4 urtetik beherako umeei.
- Haurdun dauden emakumeei.
- Adinekoei.
- Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei, esaterako hauek: gaixotasun kardiobaskularrak eta/edo zerebrobaskularrak, arnasketakoak, mentalak, giltzurrunetakoak, diabetes mellitusa, obesitate morbidoa, pisu txikiegia dutren pazienteak, paziente terminalak, paziente inmobilizatuak...
- Lehenagotik ere gaixo daudenei.
- Botika jakin batzuk kontsumitzen dituztenei, esaterako botika diuretikoak, neuroleptikoak, antikolinergikoak, lasaigarriak...
- Alkohola edo beste substantzia batzuk kontsumitzen dituztenei.
- Mugikortasun urriko pertsonei.
- Kirolariei.
- Aire zabalean lan egiten duten edo esfortzu fisikoak egiten dituzten pertsonei.
- Babes-neurriak baztertzen dituzten eta portaera desegokietara (hidratazio falta, zuzeneko eguzkipean gehiegi egotea...) jotzen duten pertsonei.
Gainera, badira beste arrisku-faktore batzuk ere, hala nola ingurumenekoak, sozialak edo lanekoak, zeinek, tenperatura altuen menpe, pertsonen osasuna kaltetu baitezakete.
- Isolamendu soziala eta etxegabetasuna.
- Klimatizaziorik gabeko eta/edo hozteko zailak diren etxebizitzak.
- Lan-arrazoiengatik beroaren menpe neurriz gain egon beharra.
- Intentsitate fisiko handiko kirol- edo aisialdi-jarduerak.
- Kutsadura atmosferikoa.
- Bero-uharteak (azalera asfaltatu handiko guneak, itzal eta landaretza gutxikoak, etab.). Ikus Bero handiaren eraginpean bereziki kalteberak diren Gasteizko guneen mapa (pdf).
- Hainbat egunez tenperatura altuen –baita gauez ere– eraginpean egon beharra.
- Biztanleak tokiko klimara ez egokitzea.
Tenperatura altu iraunkorrek (eguneko tenperatura maximo eta minimo altuak, ezohiko moduan, zenbait egunez) eraikinak berotzea eragiten dute, eta horrek galarazi egiten du loa.
Gainera, adineko pertsonei, adin txikiko haurrei, eta gaixotasun kroniko jakin batzuk dituzten pertsonei desorekatu egin dakizkieke autoerregulazio-mekanismoak.
Berebiziko arreta egin behar zaie 80 urtetik gorakoei, eta bereziki honako hauei:
- Bakarrik edo ezkontide oso nagusi edo gaixo batekin bizi direnei, edo gizarte- eta familia-laguntza eskasarekin.
- Dementzia edo arazo kognitiboak dituztenei.
- Gaixotasun edo ezintasun larriren bat dutenei.
- Hil ala biziko botiken bidez tratamendua jaso beharrean direnei.
- Berriki ospitalean alta eman dietenei.
- Igogailurik eta aire giroturik gabeko etxebizitzen azken pisuetan bizi direnei.
- Maila sozio-ekonomiko apala dutenei.
4. Bero Plana
Gasteizko Udaletik jarduketa-plan bat prestatu dugu, tenperatura handiko beroaldien aurrean erantzun azkarra, eraginkorra eta koordinatua eman ahal izateko. Planak herritarrei eta udal-zerbitzuei zuzendutako gomendioak eta jarduera-planak biltzen ditu. 2024/06/14eko Gasteizko Udaleko Gobernu-Batzarrean onartu da.
Oro har, ekainaren 1etik irailaren 30era arte izango da indarrean, baina, behar izanez gero, aldi horretatik kanpo ere aktibatu ahal izango da. Planak jasotzen dituen neurriak abian jarriko dira Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentzia bero-boladagatiko alertak aktibatzen dituenean.
Bero-boladen aurreko Gasteizko Plana (pdf) - egikaritze-laburpena
5. Komunikazioa
5.1. Gomendioen bideoa
5.2. Konpartitu ezazu
Egin kasu azaldu ditugun gomendioei:
- Konpartitu ezazu gune hau, helbide honetatik: www.vitoria-gasteiz.org/kontuzberoarekin
- Horrez gain, gomendio garrantzitsuenak biltzen dituzten kartela eta liburuxka zabaldu ditzakezu sare sozialetan, edo inprimatu eta erraz ikusteko lekuren batean ipini:
- Kartela (pdf): gaztelaniaz-euskaraz | ingelesez-frantsesez
- Liburuxka (pdf) gaztelaniaz | euskaraz | ingelesez | frantsesez
6. Erreferentziazko estekak
6.1. Informazio meteorologikoa eta alertak
Alerten sistemaren bidez jakin dezakegu muturreko beroaldia datorkigula, aldez aurretik jakin ere; sistema horri zor diogu aldez aurretik neurriak hartu ahal izatea. Beroaldiaren magnitudearen arabera, alerta horia, laranja edo gorria izan daiteke.
Eguraldiaren iragarpena kontsultatzeko, jo ezazu hona: Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentzia | Aemet – Predicción en Vitoria-Gasteiz. Edo en Twitter, esteka hauetan: @Euskalmet eta @112_SOSDeiak.
6.2. Beste esteka batzuk
- Gasteizko babesleku klimatikoak eta ibilbide erosoak
- Gasteizko iturri publikoak, edateko ura dutenak
- Gomendioak, Gasteizen bide publikoa okupatzen duten entitate/enpresentzako, tenperatura handiko aldietan kontuan hartzeko (pdf)
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.