Eraberritze-lanen ondoren Memorialaren ingurunean eta Arkupeetan eta Tornay Medikuaren kalean oinezkoen joan-etorriek gora egin dutela ondorioztatu du azterlan batek

2021eko azaroaren 17an argitaratua

ReVeAL proiektu europarraren funtsei esker egin dira neurketa eta inkesta guztiak.

Tornay medikuaren kalea erreformaren ondoren

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak eraberritze-lanak egin ondoren Memorialaren ingurunean eta Arkupeetan eta Tornay Medikuaren kalean izandako mugikortasun-aldakuntzak aztertu dira Gasteizko Udalak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez egin duen azterlanean. Neurketak eta inkestak egin dira bi leku horietan, eta bietan ere oinezkoen joan-etorriek gora egin dutela ondorioztatu.

“Badira hainbat urte bide hori urratzen ari garela, eraberritze-lanak egiten, oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak areagotu daitezen, eta super-etxadien estrategia bultzatzen. Plaza edo kaleak oinezkoentzako bide bihurtzeak erosoago eta seguruago egiten ditu pertsonentzat, baina ingurumen-hobekuntzarik ere badakar berekin”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Bi fase izan dituzte azterlanek. Lehena 2019an gauzatu zen, obrak egin aurretik, eta bigarrena, berriz, ondoren, emaitzak alderatu ahal izateko. Oinezko, bizikleta eta autoen edukierak aintzat hartu dira, eta, gainera, inkestak egin zaizkie oinezkoei. Asteko egun berean egin ziren zenbaketak, goizeko eta arratsaldeko puntako orduetan.

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eta Arkupeak

Kasu horretan, oinezkoen joan-etorriek % 10 egin dutela gora, izan da azterlanaren ondorio nagusia. Ibilgailu motordunen joan-etorriei dagokienez, nahiz eta arratsaldez San Frantzisko aldaparen ingurunera sartzen diren ibilgailuen kopurua 2019ko azterlanean neurtuaren antzekoa izan, nabarmen egin du behera zirkulazioak goizean, % 23,7, hain zuzen ere. Era berean, % 10,4 jaitsi da batez besteko abiadura, eta erregistratutako batez besteko zarata, berriz, % 14.

Tornay Medikuaren kalea

Tornay Medikuaren kalearen inguruari dagokionez ere, azterlanaren emaitzek erakutsi dute oinezkoen joan-etorriak % 14 igo direla eta, aldiz, % 50 jaitsi dela ibilgailuen trafikoa aldameneko Benito Ginea kalean, eta abiaduraren % 13,6 murrizketa globala izan dela. Bidenabar, hainbat puntutan egindako neurketek erakutsi dute % 16 murriztu dela zarata, batez beste.

Inkestak

Azterlan horien barruan, galdeketak egin zitzaizkien bi zona horietan barrena zebiltzan oinezkoei. Herritarrek eraberritze-lanak ontzat ematen dituzten jakin nahi izan zen inkesta horien bitartez. Eta egiaztatu ahal izan da balorazioak hobera egin duela obrak bukatu ondoren.

Tornay Medikuaren kalearen kasuan, lanak egin aurretik 5,74ko balorazioa eman zieten bizilagunek; aldiz, orain, 7,10 ingurukoa da eman dieten nota. Arkupeetako esku-hartzearen balorazioak ere antzeko gorakada izan du, 5,85etik 7,21era igaro baita.

ReVeAL proiektu europarraren(Beste leiho batean irekiko da) funtsei esker egin dira neurketa eta inkesta guztiak.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.