Huerta La Esmeralda, Siteco eta Zayer, Itun Berdea sarien irabazleak

2021eko azaroaren 19an

Gasteizko Udalak 2020an bertan behera utzitako edizioko irabazleak ere saritu ditu, hau da, Ideolab, Nabla Wind Power eta Electra Vitoria-Orona.

Gaur arratsaldean, ingurumen-arloko enpresa-erreferente berriak ezagutarazi ditu Gasteizek. Eta gaur gauean, Huerta La Esmeralda, Siteco eta Zayer enpresek jaso dituzte 2021eko Itun Berdea sariak, Europa jauregian, honako kategoria hauetan, hurrenez hurren: mikroenpresak (1-9 langile), enpresa txikiak (10-49 langile) eta enpresa ertain eta handiak (50 pertsona baino gehiago). Sari horien VII. edizioan 2020ko aitorpenak ere eman dira, pandemiaren ondorioz eman gabe geratu baitziren. Ideolab, Nabla Wind Power eta Electra Vitoria Orona izan ziren sarituak.

Alkate Gorka Urtaranek, lehenengo alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak eta Enplegu eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek banatu dituzte sari horiek Itun Berdearen X. Topaketan. Ekonomia berde eta zirkularrarekin —hori funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokaren erronkari aurre egiteko— konprometitutako enpresek gehien espero duten ekitaldietako bat da hori.

2020ko edizioari dagokionez, Ideolab enpresak paketatzearen arloan egindako ekarpenagatik saritu dute, Añanako gatzerako ontzi jasangarri bat diseinatu baitu. Nabla Wind Power enpresa, berriz, enpresa txikien kategorian saritu dute, haize-parkeen bizitza baliagarria luzatzeko proiektuagatik; Electra Gasteiz-Oronak, azkenik, bere igogailuen diseinuan ingurumen-ikuspegia txertatzeagatik jaso du saria.

2021eko edizioari dagokionez, Huerta La Esmeraldak mikroenpresentzako saria lortu du Gamarrako Ostalaritza Eskolako ekoizpen ekologikoagatik. Sitecok enpresa txikientzako 2021eko Itun Berdea saria lortu du, birmanufakturan oinarritutako lan egiteko modu berriagatik. Azken saria Zayer enpresak lortu du, ekodiseinuaren bidez makinen optimizazio termikorako planagatik.

Topaketan, halaber, sei akzesit eman dira (Andrómeda Top Sport, Vulcanizados Algor, Aratubo, La Jabonería Almendra, Taller de Pinchos y Tapas (La Cocina de Senén) eta Herdit) eta bi aipamen berezi (Euskal Herriko Unibertsitatearentzat eta Arabako Teknologia Parkearentzat)

Itun Berdea sarien azken edizioan, 2019koan, Goxaki, Luznor eta Exercicle (BH) enpresak izan ziren irabazleak.

 

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.