Esleitu da Memoriaren plaza berriaren obrarako kontratua, zeinari esker oinezkoentzako kalitatezko beste topaketa-espazio bat sortuko baita Gasteiz erdi-erdian

2021eko azaroaren 19an

Esku-hartzea Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egingo da, eta orotara 1,6 milioiko inbertsioa izango du.

 

proiektuaren memoria

Memoriaren plaza berriak, zeina Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egongo baita, aukera emango oinezkoentzako kalitatezko beste topaketa-espazio bat edukitzeko Gasteiz erdi-erdian. Urtaranen gobernuak Opacua enpresari esleitu dizkio horri dagozkion lanak. Obra egiteko inbertsioa 1.658.236,04 eurokoa izango da (BEZa barne), eta lanak burutzeko epea 8 hilabetekoa izango da. Esku-hartzerako lizitazio-aurrekontua 2.103.826,50 euro izan zen. Udalak 1,1 milioi euroko kanpoko finantzaketa lortu du (800.000 euro Espainiako Gobernuarenak, eta 300.000 Eusko Jaurlaritzarenak).

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu duen proiektuak Arkupeen eremuan egindako eraberritzearekiko koherentzia estetikoari eutsiko dio, eta ingurua erabat birbanatzea ekarriko du berekin. Plaza berria espazio publiko moderno eta kalitatekoa izateagatik nabarmenduko da, eta oinezkoentzako eta herritarrak elkartzeko balioko du bereziki. Halaber, inguruneko zuhaitzak mantenduko dira, eta altzari guztiak aldatuko. “Gure hiriaren bihotzean plaza berri bat sortuko duen proiektu bati ekingo diogu“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Udalean horrelako proiektuak sustatzen jarraitzen dugu, oso ideia argiarekin: espazio publiko adeitsuagoa edukitzea, oinezkoen mugikortasuna ahalbidetzeko eta gasteiztarrei bertako kale-plazez gozatzeko bide emateko xedez. Egun hauetan, azterlan baten bidez egiaztatu dugu oinezkoen zirkulazioa nabarmen handitu dela iaz Arkupeen inguruan egindako erreformaren lehen fasean. Eta herritarrek esku-hartzea nola baloratzen duten“.

 

Birbanatzea

Mateo Morazatik datorren trafikoa desbideratu izanari esker egin ahal izango da Memoriaren plaza berria, eraberritzearen lehenengo fasearen ondoren Oroimenezko Zentroaren atzean baitoa. Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen artean libre utzi den espazioan sortu da inguru berri horretan eraikitzeko aukera. Halaber, jarduketak aukera ematen du oinezkoentzako beste ardatz batzuk sortzeko: Posta kaletik Aizkora plazaraino (Plaza Berrian, Postetxean, Espainiako Bankuan eta Arkupeetan zehar), eta eskailera mekanikoen eta igogailuaren bidez San Vicente aldaparen hasieran amaitzen den pasealeku irisgarri berri bat.

 

Plaza

Proiektua plaza berri bat eraikitzean datza: Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen arteko kota-aldea konpontzen duen plataforma moduko bat izango da. Plaza berri horren azpian egongo da bizikletetarako aparkaleku handia, 200 bat plazakoa.

Mendebaldeko alboan, plazaren mugan, tarte txiki batean eskaileren bidez konponduko da plataforma horren eta oinezkoentzako ibilbidearen arteko desnibela. Bizikletak aparkatzeko eraikinaren parean, beste eskailera-maila batzuk jarriko dira, eta jendea eseri ahal izango da haietan (gaur egun San Frantzisko aldapa berrian bezala).

Hegoaldean, berriz, arrapala batek aparkalekura sartzeko bidea emango du.

Eta, ekialdeko alboan, Corten altzairuzko jardinera batek itxiko du plaza Olagibel aldera, eta trafikotik babestuko du.

 

Berdeguneak

Ikuspegi arkitektonikotik, zuhaitzak elementu gako eta zentral bihurtuko dira, eta esparru berria antolatzeko aukera emango dute. Dauden platanoak kalitatekoak dira eta geriza ematen diote plazari, eta haien inguruan banku berriak jarriko dira, haietan jendeak atseden hartu ahal izateko.  Halaber, bizikleta-aparkalekuaren gainean parterre bat egingo da, kolorea emango duten zuhaixkekin, eta, hirugarren parterre bat egingo da heskaiekin, ekialdeko alboan, Olagibel kaletik isolatzeko.

 

Koherentzia estetikoa

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren diseinuak Andre Maria Zuriaren plazako eta azken urteotan egindako beste esku-hartze batzuetako hizkera berari eusten dio, eta granito horiko zoruak egongo dira zoladura gehienetan, eta beste batzuetan, grisa. Eskaileretako harmailak, aldiz, Aldapa aldekoen modukoak dira.

Jardinerak eta bankuak, Corten altzairuzkoak, Andre Maria Zuriaren plazan eta beste jarduketa batzuetan erabilitakoen tipologia bera izango dute.

 

Bizikleta-aparkalekua

Bizikleta-aparkalekua hiriko handiena izango da, eta aukera emango du 200 ibilgailu aparkatzeko bi alturako bizikleta-aparkalekuetan. Azpiegitura VGBiziz sarean txertatuko da, eta bertan sartzeko kudeaketa-sistema bera erabiliko da. Horrez gain, espazio bat gordeko da zama-bizikletetarako, eta beste bat, bizikleta elektrikoetarako, bi sistema haien aldeko apustua egiten baitu Udalak, bereziki. Lonja berriaren akaberak ageriko hormigoizkoak izango dira.

 

Altzariak eta instalazioak

Horrelako esku-hartzeetan ohikoa den bezala, Udalak hainbat gauza berritzeko aprobetxatuko du: zoladura, instalazioak, drainatze-sarea, ureztaketa, argiteria…

Ildo horretan, led-teknologiadun argi-puntu berri batzuk, iturri apaingarri bat, Gasteiz estilo bankuak, banku luzeak, barandak eta saretak jarriko dira.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.