Gasteizek eta Baionak lankidetza hitzarmena sinatu dute

2021eko azaroaren 23an

Elkarlanean arituko dira hainbat arlotan, hala nola mugikortasun iraunkorrari, auzo zaharrak birgaitzeko politikei, hiri-azpiegitura berdeak ezartzeari eta euskara sustatzeari dagozkienetan.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteiz eta Baiona elkarlanean arituko dira hainbat arlotan, hala nola mugikortasun iraunkorrari, arkitektura-ondarea babesteari eta hirigintzari, auzo zaharrak birgaitzeko politikei, hiri-azpiegitura berdeak ezartzeari eta euskara eta kultura sustatzeari dagozkienetan.

Horiek dira hemendik aurrera bi hiriek lankidetzan jardungo duten lan ildo nagusiak, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Baionako alkate Jean-René Etchegarayk hiri horretako udaletxeko ohorezko aretoan gaur goizean sinatu duten lankidetza-agirian jasota geratu denez. Asmoen protokolo hori sinatu ondoren bi agintari lokalek azpimarratu dutenez, ezagutza eta esperientziak partekatuko dituzte Gasteizek eta Baionak, elkarlanari esker, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

 “Historiari, kulturari, hizkuntzari eta identitateari dagokienez elementu ugari partekatzen dituzten hiriak dira Gasteiz eta Baiona. Iragan eta orain komuna partekatzen ditugu, eta etorkizuna ere partekatu nahi genuke. Izan ere, proiektu eta ekimenetan elkarlanean jardunez, sendotu egingo dira gure hiriak, baita Euskal Herria bera ere. Egun historikoa da gaurkoa”, adierazi du Gorka Urtaranek bere mintzaldian.

Alkatearekin batera, bertan izan dira Ana Oregi —alkateordea eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzia—, Raimundo Ruiz de Escudero —Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia— eta Jonatan Moreno — Alkatetzako koordinatzailea—. Lankidetza-dokumentua sinatzeaz gain, bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu Gasteizko ordezkaritzak Baionan azken urteotan abian jarritako zenbait proiektu eta ekimen.

Hain zuzen ere, lankidetza-hitzarmena sinatu aurretik, lan-bilera tekniko batean parte hartu dute, eta mugikortasun iraunkorraren, azpiegitura berdeen eta ondare historikoaren arloko ekimenak aztertu. Argi geratu da etorkizunera begira antzeko erronkak dituztela bi hiriek, eta horretarako lana partekatu dezaketela.

Arratsaldean, berriz, proiektu horietako batzuk ikusiko dituzte. Besteak beste, Baiona eta Biarritz lotzen dituen BRT linea, zeinek Gasteizko BEIarenaren antzeko planteamendua baitu. Baionako arkitekturaren eta ondarearen interpretazio-zentroa eta Lapurdiko hiriburuko hirigune historikoa birgaitzeko hainbat lan ere bisitatuko ditu Gasteizko ordezkaritzak.

Aurreikuspenen arabera, hurrengo hilabeteetan bisitatuko dute Gasteiz Baionako Udalaren ordezkariek, ezagutza- eta esperientzia-truke horrekin jarraitzeko.

 

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.