Arabako Gurutze Gorriari Urrezko Domina eman dio hiriak, haren lan eskuzabala eskertzeko

2022ko abuztuaren 5ean argitaratua

'Laguntza edo elkarlan eske harengana jotzen dugun bakoitzean baiezkoa erantzuten digute, prestasun osoz', goraipatu du alkateak.

Jaien zaindaria den Andre Maria Zuriaren egunaren testuinguruan, Gasteizko Udaleko harrera-aretoak Arabako Gurutze Gorria jaso du gaur eguerdian, eta hiriaren Urrezko Domina eman dio. Alkateak proposatutako saria da, eta Udalbatzak aho batez adostua. Gasteizko hiritarrek talde honi dioten esker ona erakusten du sariak, hamarkadatan zehar egindako lan eskuzabal handiagatik.

Udalaren aitortzarik handienetakoa da Urrezko Domina. Gurutze Gorria Araban finkatu zeneko 150. urteurrena aukeratu du hiriak haren lana aitortzeko, erakunde humanitario gisa egiten duen lanagatik eta gehien behar duten kolektiboekin duen dedikazioagatik. Horren adibideak dira koronabirusaren pandemiaren harira egindako lana edota Ukrainatik etorritako errefuxiatuei eskainitako arreta.

Sari hau, azken aldiz, José María Sedanori eman zioten, hil ondoren, 2015eko maiatzaren 8an. Udalaren Ohore eta Sarien Araudiak aipatzen duen moduan, hiriaren Urrezko Dominak honakoak saritzen ditu: “pertsonen, erakundeen edo korporazioen aparteko merituak, hiriari zerbitzuak edo ohoreak eman izanagatik”.

Alkateak saria banatu aurretik, ohorezko aurresku batekin egin diete harrera Gurutze Gorriko ordezkariei. Ondoren, emandako adibideei beste asko ere gehitu behar zaizkiela esan du Gorka Urtaranek, hala nola etxerik gabeko pertsonekin, adinekoekin, bazterkeria-arriskuan dauden gazteekin… egiten duten lana. “Hortaz, baditugu nahikoa arrazoi Urrezko Domina emateko”, azaldu du alkateak, eta honela jarraitu du: “Gurutze Gorria balio seguruko entitatea da. Harengana laguntza eske jotzen dugun bakoitzean, erantzuna baiezkoa izaten da eta, prestasuna, osoa. Hiriaren DNAren eta gure gizarte-kapital aberatsaren parte dira”.

Bestetik, Arabako Gurutze Gorriko ordezkaritzako presidenteak, Jesus Canterok, kolektiboaren poza eta esker ona adierazi ditu domina jaso izanagatik, eta azaldu du aretoan zeuden pertsonak erakunde honekin modu altruistan lan egin duten edo lankidetzan aritu diren milaka gasteiztarren ordezkaritza txiki bat baino ez direla. Bertan izan da Estibaliz Arnaiz Euskadiko presidentea ere. Era berean, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia eta Pedro Elosegi Batzar Orokorretako presidentea ere joan dira aitortza-ekitaldira, eta ez dira falta izan aurreko urteetan domina jaso zutenak. Haietako batzuek ekitaldian parte hartu dute –esaterako, Amelia Baldeónek, Andre Mari Zuriaren Kofradiak edo Iñaki Añuaren familiak–.

Erakundearen jatorria

Gurutze Gorria Araban sortu zen Hirugarren Gerra Karlistan eta une horretan zeregin nagusia gerran zauritutako pertsonak artatzea izan zen. Erakundeak garaira eta herritarren beharretara egokitu du bere jarduna une bakoitzean, eta, batez ere, gizarte-politikei eta gehien behar duten pertsonei lotuta egon da: adinekoei, istripuei, immigrazioari, errefuxiatuei, baztertutako herritarrei, desgaitasuna dutenei, hondamendiei, droga mendekotasunei, nazioarteko kooperazioari…

Iaz bakarrik, Arabako Gurutze Gorriak 13.081 pertsona artatu zituen 2.020 boluntarioren (1.207 emakume eta 813 gizon) lanari eta 1.520 enpresa eta bazkideri esker, baita erakunde eta instituzioei esker ere. Hala ere, 2020an izan zen pertsona gehien artatu ziren urtea, pandemiaren ondorioz; 33.713 pertsona artatu ziren.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.