Olarizuko Lorategi Botanikoak landare erabilgarrien eta apaingarrien gune berria izango du
2024ko azaroaren 6an argitaratua
Espezie bereziak izango dituen gune berri hau Jauregilandako garai bateko baserriaren inguruan jarriko da eta horrek Olarizu bisitatzearen erakargarritasuna hobetuko du.
Proiektu honen bidez, landare erabilgarriak eta apaingarriak jasoko dituen gunea jartzeko azpiegitura eraikiko da Jauregilandan garai batean zegoen baserriaren lursailean. Espazio berezi hori konfiguratzeko, baserriaren hondakinak zaharberritu, parterreak jarri, bideak egokitu eta ureztapeneko sistema eta itxiturak instalatuko dira.
Hortus Olarizuko esparrura sartzeko, Jauregilanda kaleko sarrera nagusia erabili beharko da (baserri zaharraren hondakinekin integratuta dago).
Egin beharreko lanek, gainera, garai bateko baserriaren hondakinak kareharri naturalarekin birgaitzea ere jasotzen dute. Hondakin horietan, garai bateko iturri baten eta putzu baten hondakinak ere badaude. Hain zuzen ere, putzu hori izango da plaza baten elementu nagusia. Lorategiak hainbat bide izango ditu, eta bertatik oinez ibiltzeko eta parterreak eta landaketak ikusteko erabili ahal izango dira. Gainera, atsedenleku txikiak izango ditu, bankuekin.
Egokitzapen-lan horiek amaitu ondoren, bigarren fase bat egongo da eta lorategi berrian bilduma botanikoa jarriko dute.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.