Gomendioak umeei covid-19ari aurre egiten laguntzeko

Nola azaldu diezaiekegu zer den COVID delakoa, nola ema diezaiekegu horri buruzko informazioa?

Modurik egokiena beren zalantzak argitzea da, betiere haurren eskubideak errespetatuta, batez ere babestua izateko eta osasun fisiko zein psikologikoa zaintzeko eskubideak.

Gure seme-alabek jakin behar dute COVID-19 erraz kutsatzen den birus arriskutsua dela, eta, horrexegatik, haren aurrean babestu beharra dugula. Jakin behar dute zeintzuk diren sintoma ohikoenak (eztula, sukarra, aire-ezaren sentsazioa...), beraiek erraz identifika ditzaten, hartara autobabesaren eta prebentzioaren aldetik beren autonomia sustatzeko. Esan behar diegu kasu gehienetan gaixoak beren onera itzultzen direla, adinekoak direla birusetik gehien babestu behar direnak, eta guzti-guztiok -haur eta heldu- laguntzen dugula maite dugun jendearen osasunaren eta ongizatearen alde.

Garrantzitsua da haurrei segurtasuna eta konfiantza eskaintzea, jakinaraztea osasun alorreko profesional asko dihardutela egunero lanean, birusa ulertzeko, haren arriskuak murrizteko, eta gure eguneroko errutinetara itzultzea (esaterako eskolara edo lanera itzultzea, berriro ere aitona-amona besarkatzea, eta abar) ahalbidetu digun tratamendu egokia eta txertoa bilatzeko.

Zer izango dugu kontuan INFORMATZEKO

  • Informazio-iturri ofizialetara jo dezakegu, eta adituek osatu eta kontrastatutako dokumentazioa eskuratu: Osasunaren Mundu Erakundea (OME), osasun elkargo profesionalak, etab...
  • Heldutasun-mailaren arabera prozesatu ezin duten eta, ziurgabetasunaren ondorioz antsietatea edo beldurra eragin diezaiekeen informazio guztietatik babestuko ditugu.
  • Seme-alabei egoera honek eta birusak zer nolako beldur eta zalantza sortzen dizkien galdetu behar diegu. Aukeran hobe da guk geuk aurrera hartzea, beraien galderen zain egon beharrean.
  • Egiazko informazioa jarri behar genuke beren eskura, uler dezaketena, beren garapen psiko-emozionalera eta ulermen-mailara egokitua.
  • "Gaininformaziotik" babesten saiatu behar gara, gure seme-alabek berezkoa dutelako jakin-mina berria den ororen aurrean.
  • Material egokituak baliatu ahalko ditugu (asmo horrekin prestatu diren marrazkiak, abestiak eta jolasak), egoerak irudimenaren bitartez sor dezakeen inpaktu emozionala prozesatzen eta osatzen laguntzen dutelako. Baina beren sormena ere sustatu dezakegu, adierazpide artistikoaren bitartez, eta baita nekez komunika ditzaketen beldur eta pentsamenduak adieraztearen bitartez.
Estekak, informazioa ematen laguntzen duten ipuinetara

Zer izango dugu kontuan AZALTZEKO

  • Haurrek entzunak eta argituak behar izaten dituzte beren zalantzak, betiere beren ulermen-mailara egokitutako hizkera batekin, argi eta labur.
  • Etxean koronabirusari buruz hitz egitea normalizatu egin behar da, tabu bihurtu gabe. Alabaina, hobe da oso gaixo dagoen edo hil den jendeari buruz hitz egitea saihestea, ez bada haurra bera horretaz hitz egin nahi duena; horrela izanez gero, berari entzuten saiatuko gara, barruak arintzeko tarte bat eskainiz, eta bere heldutasun-mailara egokitutako egiazko informazioa emanez erantzungo ditugu bere zalantzak.
  • Haurren adierazpen emozionala erraztuko duten guneak sortu behar ditugu, sentitzen dutena modu egokian bideratzen irakatsi, komunikazio ireki eta natural baten bidez, elkarrizketaren eta bere emozioen entzumen aktiboaren bitartez.
  • Gure seme-alabek maitasuna jaso beharra dute une hauetan zaintzen ditugun erreferentziazko helduengandik, gure denbora eta babesa behar dute, bai eta ohi baino pazientzia "dosi" bat gehiago ere.
  • Segurtasuna eman behar diegu beren inguruko helduen (esaterako aitona-amonen) osasun egoerari buruz, jakinarazi behar diegu badakitela babesten eta beren burua zaintzen. Beste senide batzuk sarri bisitatzera ohituta bazeuden, baina birusaren ondorioz orain gutxiago, beraiekin kontaktu birtualak eta komunikazioa izan dezatela sustatuko dugu.
  • Haurrek behar dute beren zaintzaileek beren sentimendu eta emozioak entzutea, kontuan hartu ditzatela eta lagun izan ditzatela. Hori dela eta, kontuan izan behar dugu beren erreferenteak garela eta, horrenbestez, gure ongizate emozionala zaindu behar dugula, prozesu honetan lagundu eta zainduko baditugu.
  • Arbuio soziala eta indarkeria pizten duten sinesmen, pentsamendu eta jarrerak prebentzioan jarriko dugu gure arreta. Izan ere, haurrei tolerantziaren arabera jokatzen erakutsi behar diegu. Ez dezagun ahaztu gure seme-alabentzako "eredua" garela, hots, "informazioa ematen eta azaltzen diegun modua zein den -lasaitasunetik eta normaltasunetik-", eta era berean hauteman eta barneratuko dutela beraiek.

Zer izango dugu kontuan beren osasuna BABESTEKO.

Gure ardura da haurrei beren osasun fisikoa zaintzen laguntzea. Hori dela eta, haurrei egunero beren burua babesteko neurriak hartzearen garrantzia jakinarazi behar diegu, euren beraien autoefikaziaren eta beren buruekiko segurtasunaren zentzua garatzen lagunduko diena.

  • Higiene-gomendioetan hezi behar ditugu.
  • Eskuak ur eta xaboiaz garbitzea, eskuaren kanpoaldea, barrua eta alboak ondo igurtzita, aldi berean birusari buruzko abesti bat kantatu, biderkatzeko taula errezitatu edo 20an hasi eta 0raino kontatu bitartean.
  • Eztul edo doministiku egiterakoan, ahoa eta sudurra estaltzea, ukondoarekin edo gero zakarrontzira botako dugun erabilera bakarreko zapi batekin, "birus gaiztoetatik babesteko karateko giltza magiko bat balitz bezala".
  • Begiak, sudurra eta ahora ez ukitzea, "jolasa balitz bezala, non halakorik egiten duenak puntu bat galduko duen, egiten duen aldiko".
  • Ez beste inorekin -haur edo heldu- harreman fisikorik izan, nahiz eta harekin jolasteko edo hura ukitzeko gogo handia izan. Egoera hau denbora labur baterako izango da; oso laster izan ahalko dugu berriro kontatu fisikoa adiskideekin.
  • Haurrek jakin behar dute helduren bat izango duelako beti alboan, gaizki sentitzen bada edo zerbaitek kezkatzen badu.
  • Zaindu egin behar da gainerakoekin harremanetan jartzeko modua, arbuio edo bazterkeria keinu oro baztertuz. Beldurrak modu desegokian aritzera eraman gaitzake, beste pertsona batzuk arbuiatu edo baztertzera.
  • Haurrei eguneko bizitzako egoera edo testuinguru jakin batzuk identifikatzen irakatsi behar zaie, zeinetan zikinarekin harremanetan edo birusaren menpe egon baitaitezke, prebentzio-neurriak har ditzaten, bai eta beste pertsona batzuk eta ingurua bera babesteko higiene-neurriak ere. Gure seme-alabak etengabe daude guri begira, gugandik ikasten, egoera honi aurre egiteko dugun moduari; horrenbestez, beren eredua izango gara higiene eta osasun alorreko prebentzio mailan.
Erabilitako iturriak
  • "Recomendaciones psicológicas para explicar a niños y niñas el brote de Coronavirus COVID-19" . COP (Colegio Oficial de Psicólogos de Madrid), INFOCOP.
  • "Recomendaciones psicológicas para explicar a niños y niñas el brote de Coronavirus-COVID-19. Afrontamiento psicosaludable ante la alerta sanitaria por el covid-19". COP (Colegio Oficial de Psicólogos de Madrid), INFOCOP.
  • "Coronavirus (COVID19) Lo que madres, padres y educadores deben saber: cómo proteger a sus hijas, hijos y alumnos" . Unicef.
  • Gasteizko Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak eginiko materialak.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: