Aurrera doaz SmartEncity proiektuaren barruan Koroatzearen auzoan bero-sarea ezartzeko obrak, Eulogio Serdan kalean barrena

2020ko irailaren 7an

Errei bakarretik bideratuko du trafikoa, kanalizazio berria egin bitartean.

Gaurtik aurrera, Eulogio Serdan kalean barrena jarraituko du Koroatzearen auzoko SmartENcity proiektuko bero-sarearen hedapenak.  Giroa enpresa arduratuko da kanalizazio berria instalatzeaz, hilabete luze iraungo duten obrak direla medio. Zirkulazio-lerro bakarra izango da —alboko aparkalekuetako bat baliatuko da horretarako— eta 40 aparkaleku baino gehiago kenduko dira aldi batez, ahal den neurrian, pixkanaka, atzera zabalduko badira ere.

Astelehenean hasiko dira eremua hesiekin ixten, lanerako zona seguru bat prestatu eta inguratzen, bizilagunengandik bereizita gera dadin.

Bi aparkaleku-ilarak kenduko dira, lanek irauten duten bitartean trafikoa eten ez dadin, ezkerreko aparkalekuan barrena desbideratuko baita.

Hodien ‘ferraria’

Tarte horretan, sarearen bi hodi nagusiak instalatuko ditu enpresak, joaneko eta itzulerakoa, argot profesionalean mota horretako hodien ‘ferrari’tzat jotzen diren instalazioak. Hoditeria zurruna da, 12 metroko barretan; isolamendu termikoa dentsitate handiko PUR aparrezkoa, 0,027 W/mK-ko lamdarekin, hodiari eta inguratzaileari gogor atxikitzen zaiona, erresistentzia mekanikoa eta, aldi berean, galera termiko minimoak dituen material konposatua eratuz, eta ihesak antzemateko sistema bat du, +/- 1 m-eko zehaztasunarekin.

Bidegorria baliogabetu egingo da tarte horretan, bi noranzkoetan, harrapatzeko arriskua dela eta; 3,5 metroko arauzko espazioa baino ez baita geratuko, ibilgailuentzat.

Joan den uztailean hasi ziren Koroatzearen auzoan energia berriztagarria darabilen bero-sarea ezartzeko lanak, SmartEncity proiektuari atxikitako auzokoak ur beroz eta berokuntzaz hornitzeko. Aldabe gizarte-etxeko aparkalekuaren inguruan hasi zituen obrak instalazioa eraikitzeaz arduratzen ari den Giroa Veolia enpresak, bertan egongo baita galdara-gela, eta Eulogio Serdan pasabidean.

Obrek 12-14 hilabete irautea aurreikusten da. Une horretatik aurrera hasiko dira auzokoei zerbitzu ematen. Oraingoz, 28 bizilagun-komunitatek egin dute bat bero-sarearen proiektuarekin, Domingo Beltran de Otazu kaleko gimnasio batek, Eulogio Serdan kaleko Koroatzearen parrokiak eta Aldabeko gizarte-etxeak.

“Energia berriztagarria baliatzen duen bero-sareak etxebizitzak energetikoki birgaitzeko proiektua osatzen du. Proiektua oro har aukera paregabea da Koroatzeko auzokoen bizi-kalitatea hobetzeko, eta etxebizitzen energia-eskaria % 50 inguru murriztea lortzeko, dagoeneko eraberritu diren etxeetako emaitzek erakusten dutenez; horri esker, gainera, CO2 emisioak nabarmen gutxitzen dira. Gaur egun, eraikin gehienek ez dute isolamendurik ez fatxadetan ez estalietan, beraz, elementu horiek energetikoki birgaitzeak nabarmen hobetuko ditu etxebizitzen baldintza termikoak eta barruko erosotasuna”, azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.

Koroatzearen auzoko bero-sareak energia termikoa (ur beroa) banatuko du bide publikoan barrena, sarera konektatzen diren etxebizitza eta eraikin pribatu guztiak ur bero sanitarioz eta berokuntzaz hornitzeko. Zehazki, ur beroa auzoko espaloietatik banatuko da, lurpetik doazen hodi aurreisolatuen bitartez, eraikin bakoitzaren hartuneraino.

Gasarekin bezala, hodi batek ur beroa igoko du eraikinean gora, etxebizitza bakoitzaren trukagailuetaraino, zeinek oraingo galdarak ordeztuko baitituzte. Energia termikoa (ur beroa) Aldabeko gizarte etxearen atzealdean jarritako galdara-gelan sortuko da. Auzoko galdara horrek biomasa erabiliko du erregai nagusitzat.

Udalak Europako sei herrialdetako beste 34 bazkiderekin batera hartzen du parte H2020 I+G+B europar programaren barruko “Hiri eta komunitate adimentsuak” proiektuan; Gasteiz ereduzko hiria da horretan, eta energia-eraginkortasunaren, garraioaren eta IKTen inguruko irtenbideak modu integratuan aplikatuko dira bertan. Proiektua 2016ko otsailaren 1ean abiarazi zen, eta bost urte eta erdi iraungo du.

Energia-eraginkortasunaren arloan, Gasteizko Udalak orain hasitako bero-sareak Visesa sozietate publikoa (Etxebizitza Sailburuordetza) eraikinetan egiten ari den birgaikuntza-lanen osagarri da.

Koroatze auzoaren birgaikuntza energetikorako proiektu hau izan zen Europar Batasunak aukeratutako lau proiektuetako bat —guztira 42 proiektu aurkeztu zituzten 100 hirik baino gehiagok—, eta biomasa baliatuko duen hiri-berokuntzako sistema bat instalatzea aurreikusten du.

Aldi berean, Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, beste 2 milioi jarrita. Auzokoek egindako partaidetza-prozesuan erabakitakoari jarraituz, obra hauek egingo dira: Aldabe kalea oinezkoentzat izango da zati batean, eta modernoagoa; Aldabe plaza egoteko eta elkartzeko lekua bihurtuko da, eta Ziudadela plaza, parterreak kenduta, oinezkoak igarotzeko errazagoa izango da. Inguruko argiztapena ere hobetuko da.

Hiriko bero-sarearen ezaugarriak

Koroatzeko Plan Berezian zedarritutako esparruan ezarriko da sarea: iparraldetik, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleraino eta Ziudadela plazaraino iritsiko da; ekialdetik, Arriagako ateraino eta Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kaleraino; hegoaldetik, Badaia kaleraino eta Aldabe plazatxoraino; mendebaldetik, azkenik, Domingo Beltran de Otazu kaleraino. Era berean, bero-sarea alboko kaleetara hedatzeko aukera aurreikusten da.

Giroa enpresaren ordezkari Juanma Taracenak nabarmendu duenez, “azpiegitura honen onura nagusiak dira energia-kontsumoa gutxitzea, auzoko galdara eraginkorragoa erabiliz; atmosferara isuritako CO2 emisioak murriztea; energia berriztagarriak erabiltzea, eta erregai fosilak erabiltzeak dakarren kanpoko energiarekiko mendekotasuna ere apaltzea. Gainera, baliabide propioen balioa nabarmentzen da, Gasteiztik gertuko basoetako ustiapen jasangarrietatik datorren biomasa erabiliko baita”.

Galdara-gela Aldabeko gizarte etxean jarriko da. Biomasa eta gas naturaleko galdarek osatuko dute, eta biomasa gordetzeko silo bat ere izango da, gero beroa sortzeko.

Antzeko instalazioetan esperientzia duten teknikari kualifikatuak arduratuko dira galdara-gelaz, eta azken belaunaldiko kontrol-sistema bat baliatuko da zerbitzua bermatzeko.

Bestalde, birgaitutako eta sarera konektatutako etxebizitzen kalifikazio energetikoa hobetuko da. OHZren murrizketa eskatu ahalko dute horri esker. Etxebizitzen segurtasuna ere handituko da, kendu egingo baitira horietan lehendik dauden tximiniak.

Auzoko berokuntza-sistema zentralera konektatuta dagoen etxebizitza bakoitzari dagokion faktura egingo zaio, eta gutxienez kontzeptu finkoa edo eskuragarritasuna ordaindu beharko ditu, gehi erregistratutako kontsumoari dagokion kontzeptu aldakorra. Etxebizitza hutsik badago, kontzeptu finkoa edo eskuragarritasuna ordaindu beharko ditu, ez zati aldakorra, ur, argi edo gas gastuekin gertatu ohi den bezala.

Sistema berria auzoko etxebizitzetan orain dauden gainerako guztiak —gas naturaleko galdara zentrala, gas naturaleko banakako galdara, butanoko galdara, berogailu elektrikoak— baino merkeagoa izango da. Kontuan izan behar da, gainera, etxebizitzen jabeek ez dutela oraingo instalazioaren mantentze-gasturik ordaindu beharko, ezta etorkizunean berritzeko gasturik ere.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: