Plakak estreinatu ditu Florida parkeak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ berreskuratu, bigarren mendeurrena dela eta

2020ko uztailaren 30ean

Alkateak jakinarazi duenez, bihar onetsiko du Gobernu Batzarrak haitzuloaren egitura konpontzeko lanen kontratazio-dosierra.

Plakak estreinatu ditu gaur Florida parkeak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ berreskuratu. Udalak eta Eusko Legebiltzarrak batera antolatutako ekitaldi xume eta hunkigarrian, omenaldia egin zaie 200 urte bete dituen Gasteizko birika berde horri eta 40 urte bete dituen legebiltzarrari.  

Gorka Urtaran alkateak eta Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak kendu dizkiete estalkiak Florida parkeko eta Eusko Legebiltzarreko plaka berriei, eta ‘maitasunaren zuhaitz’ berria landatu. Gainera, alkateak jakinarazi duenez, bihar onetsiko du Tokiko Gobernu Batzarrak haitzuloaren egitura konpontzeko lanen kontratazio-dosierra.

 

Udalbatzako eta Legebiltzarreko Mahaiko hainbat kide ere izan dira ekitaldian. Lehenik eta behin, plaka bana desestali da, bata ‘Florida pasealekua, 1820’ idazkunarekin eta bestea, berriz, ‘Eusko Legebiltzarra, 1980’ idazkunarekin. Florida pasealekuko plakaren kasuan, duela bi mende jarritako jatorrizkoen kopiak egin dira. Aparteko bi lekuko izan ditu plakak desestaltzeko ekitaldiak: garai bateko Ramiro de Maeztu institutuko irakasle eta Hiriko Seme kutun Eduardo Madinabeitia, batetik, eta Ensanche XIX elkartearen ordezkari bat, Andrés Iturralde, bestetik.  

Aurreskuaren ondoren, Legebiltzarraren 40 urteen errepasoa egiten duen argazki-erakusketa bisitatu du segizioak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ —Cercys siliquastrum bat— landatzera jo du gero. Alkateak eta legebiltzarreko presidenteak landatu dute zuhaitz berria, zeinek 1930ean desagertu zen jatorrizko ‘maitasunaren zuhaitzaren’ lekua hartu baitu. "Amodioaren zuhaitz berri honek adierazi behar du hemen bizi garen pertsonen arteko harremanak errespetuan, elkartasunean eta maitasunean oinarritu behar direla", esan du Gorka Urtaran alkateak.

 

Zuhaitz horrek ospea lortu zuen, usadioak zioenez bikotekidea lortzen laguntzen baitzuen. Horretarako, nahikoa omen zen enborrari zazpi bira ematea. Tamaina handiko zuhaitza da, eta lore arrosa ikusgarriak ematen ditu. Orain, gainera, interesa duen edonork QR kode bat aurkituko du plaka txiki batean, eta aukera emango dion horrek gailu mugikorrean zuhaitzaren historiari buruzko informazioa jasotzeko, baita zuhaitz-espezie horri buruzko ere.

 

EGITARAUA

 

Florida parkeak —Gasteizko birika berde nagusietako bat— 200 urte beteko ditu. Eta Udalak askotariko egitaraua prestatu du espazio horren bi mendeak ospatzeko, balio historiko, ondare-balio eta balio sozial handia baitu hiriarentzat. Gainera, inguru guztia apainduko du. Izan ere, Arabako hiriburuko harribitxietako bat da Florida parkea. Bi mendetan, era guztietako bilera eta ospakizunen leku izan da: jaialdiak, dantzaldiak, musika-ikuskizunak, belopizedo-lasterketak, tonbolak, udaberri hasierako zuhaitz-festa, eta erritu eta ohiturak, ‘maitasunaren zuhaitzarena’, kasu.

 

#LaFlorida200 egitarauko egitarauko proposamen nagusiak berariazko URL honetan aurki daitezke: www.vitoria-gasteiz.org/laflorida200

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.