Luis Carlos Orduzen ‘Ha vuelto’ izango da 2022ko Andre Maria Zuriaren jaietako kartela

2022ko ekainaren 1ean argitaratua

Lehiaketara aurkeztutako 34 kartelak Iparralde eta Pilarreko gizarte-etxeetan uztailaren 8tik 25era bitartean jarriko dituzten bi erakusketatan egongo dira ikusgai.

Luis Carlos Orduzen ‘Ha vuelto’ lana izan da 2022ko Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko Kartelen Lehiaketako irabazlea. Jaiak abuztuaren 4tik 9ra bitartean egingo dira.

Gaur goizean aurkeztu du Estibaliz Cantok, Gasteizko Hezkuntza eta Kultura arloetako zinegotziak, diseinu irabazlea. “Kartel original honek Zeledonek Andre Maria Zuriaren plazara egindako itzulera erakusten du. Bere zain altxatuta dauden eskuen itsasoa ikus daiteke, aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiak erakutsiz”, adierazi du.

Jaietako irudiak 1.500 euroko saria jasoko du. Egilea, Luis Carlos Orduz, 31 urteko diseinatzaile eta ilustratzaile gasteiztarra da eta prentsaurrekoan bera ere izan da.

“Diseinatzaile gisa, beti egon naiz komediatik gertu; gainera, b serieko zinemaren zaletu handia naizenez, nire ilustrazioen bidez une eta momentuak gogora ekartzen saiatzen naiz. Horixe gertatzen zitzaidan Andre Maria Zuriaren plazatik igarotzen nintzen eta hutsik eta grisa ikusten nuen bakoitzean. Beti pentsatzen nuen oso epikoa litzatekeela hiri guztitik ikus daitekeen izaki erraldoi baten, Godzillaren filmen garai bateko kartelak gogora ekarriko lituzkeen jaietako kartel bat egitea kolorez betetako leherketa erakutsiz. Gozilla hiri osotik ikusi ahal izango litzatekeen izaki erraldoia litzateke, baina kutsu lagunkoia eman nahi nion, ospakizun bikain baten erdian hiri osoa bere zain dagoela”, adierazi du Orduzek.

Egilea

Luis Carlos Orduz Diseinu Grafikoan graduatu zen garai bateko Gasteizko Arte Eskolan eta gero, zentro berean, Ilustrazioko Goi mailako Gradua egin zuen.

Bere ibilbide profesionalari dagokionez, lehen urratsak Gasteizko Ibilbide Muralistikoan eman zituen. Bertan, brotxaren brigada gisa parte hartu zuen eta, handik urte batzuetara, zuzendaritzako laguntzailea izan zen ‘La noche más larga’ eta ‘Lince de Zaramaga" lanetan hurrenez hurren.

Gainera, Kirolak Zubiaurre taldearentzako argazkilari eta diseinatzaile gisa ere lan egin zuen eta, azken urteotan, Burman Comunicación agentzian diseinatzaile grafikoa eta Motion Graphic-a izan da. Hiriko bi taldetan gitarra jotzen du (Negra Cucaracha Terrorfolk eta Stupid Gallos) eta artea eta adierazkortasuna bere bizitzako alderdi guztietan aplikatzen saiatzen da.

Partaidetza

Kartelen lehiaketara 34 lan aurkeztu dituzte guztira. Lehen fasean, Arabako diseinu arloko hiru profesionalek osatutako epaimahaiak 4 diseinu finalista aukeratu zituen eta haietatik atera da irabazlea. Hirurek 250 euroko sari bana jasoko dute: ‘Volver a lo grande’, Paula Páezena; ‘Muestra por fin tu sonrisa’, Oskar Blancorena eta ‘Vuelve el color a la Blanca’, Markel San Martínena.

Bigarren fasearen epaimahaia Kultura eta Komunikazio arloetako bi udal-teknikarik eta Gasteizko Arte eta Diseinu Goi Eskola, Arte eta Ofizio Eskola eta Ekialdea BHI Arteen Batxilergoa hezkuntza-zentroek osatu dute. Ikastetxeek prozesu parte-hartzailearen bidez eman dute botoa.

Lehiaketara aurkeztutako artistei dagokienez, 18 Gasteizkoak dira, 2 Arabakoak eta gainerakoak Espainiako estatuko beste probintzia batzuetakoak. 21 gizonezkok eta 13 emakumezkok hartu dute parte, eta 9 lagunek 30 urte baino gehiago dituzte.

Lehiaketara aurkeztutako 34 kartelak Iparralde eta Pilarreko gizarte-etxeetan uztailaren 8tik 25era bitartean jarriko dituzten bi erakusketatan egongo dira ikusgai.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.