Gaueko aisialdian sexu-erasoei aurre egiteko Protokoloa

2024ko urriaren 24an argitaratua

Gasteizko Udalak parte-hartze prozesu bat bultzatu zuen 2023ko abenduan gaueko aisialdi pribatuko testuinguruetan gertatzen diren sexu-izaeradun erasoak, jazarpenak, diskriminazioak eta jokabide gogaikarriak jorratzeko Protokolo bat aplikatzeko helburuarekin.

Gaur egun, badugu protokolo hori, eta hasierako fase honetan proiektu pilotu formatean ezarriko da, Gasteizko gaueko aisialdiko bost lokalekin batera: Jimmy Jazz, La Comarca, Glass, Gasteiz Bi eta Carajo.

Protokoloa ikusi (pdf)

Gizartea eraldatu eta aldatzeko erreminta

Epe ertain eta luzera begira, eta proiektu pilotuaren fase honetan parte hartzen duten lokal horien laguntzarekin, gizartea eraldatu eta aldatzeko erreminta izan nahi du protokolo honek, eta ez aisiaguneetan gertatzen diren egoera partikularrei bakarrik dagokienez, baita justizia feminista eraldatzailearen inguruko ideiak bultzatzeko tresna kultural gisa ere.

Ikuspegi feminista

Beraz, Protokoloaren dokumentua eta materialak ikuspegi feministatik egin dira, biktimari edo erasotua izan den pertsonari babesa eta erreparazioa emateko oinarrizko printzipioan oinarrituz.

Erasotua erdigunean jartzeak berekin dakar haren bizipena eta jasotako mina baloratzea eta haren pertzepzioa edo gertaerei ematen dien esanahia entzutea.

Prestakuntza espezifikoa lokalentzat

Gure ustez, ikuspegi hori oso garrantzitsua da eta, horregatik, lokalek prestakuntza espezifiko batean parte hartzea ezinbesteko baldintza izango da Protokoloarekin bat egiteko.

Izan ere, fase pilotuan parte hartuko duten lokalek prestakuntza espezifiko teoriko-praktiko batean parte hartu dute dagoeneko. Lokal horietako gainerako langileek 2024ko abenduaren 2rako aurreikusita dagoen hurrengo prestakuntzan parte hartuko dute.

Prestakuntza abenduaren 2an

Prestakuntza horretan parte hartzeko gonbidapena (hiru orduko iraupena izango duena) gaueko aisialdiaren arloko beste lokal batzuetara ere zabalduko da, proiektu honetan parte hartzeko interesa badute.

Hala ere, fase pilotuan atxikitako lokalen arduradunek eta Berdintasun Zerbitzuak osatutako Jarraipen-Batzordeak erabakiko du atxikitze-eskaerei zein erantzun eman.

Bat egin

Beraz, Protokoloarekin bat egiteko eta materialak eskura izateko (informazio-liburuxkak, biktimei laguntzeko orientabideak, kartelak eta pegatinak), nahitaezkoa da lokalen arduradunek eta gutxiengo langile batzuek Berdintasun Zerbitzuak eskaintzen duen gutxieneko prestakuntza izatea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Berdintasun Zerbitzuarekin: 945 16 13 45 / igualdad.adm@vitoria-gasteiz.org

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.