Bizileku: bizikletentzako aparkaleku seguruen formatu berria VGBiziz sarean

Aparcamiento BiZiLeKu

Aurkezpena

Bizileku proiektuak bizikleta leku seguru batean aparkatzeko aukera ematen du, etxetik gertu.

Bederatzi hilabeteko iraupena duen proiektu bat da. Helburua du bizikletaren erabilera sustatzea etxean bizikleta gordetzeko leku aproposik (adibidez, ganbarak eta trastelekuak) ez duten erabiltzaile potentzialen artean, edo irisgarritasun-arazoak dituztenen artean (igogailurik ez izatea, oztopo arkitektonikoak izatea...).

Proiektu honetarako bi modulu jarriko dira, eta bakoitzean 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira. Gardenak izango dira, bandalismoaren aurkako materialez eginak, guztiz autonomoak, plaka fotovoltaikoa izango dute, eta barneko bideo-zaintzarako kamera ere bai.

Hiriguneko bi eremutan kokatuko dira:

  • Antso Jakitunaren kalean, 23-25 zenbakien artean, galtzadaren alboan. Plaza-kopurua: 10 plaza
  • Aiala Kantzilerraren kalea 1. Plaza-kopurua: 10 plaza

Guztira, Bizileku formatuko 20 aparkaleku seguru daude, aparkalekuen eraginpeko eremuren batean erroldatuta dauden adin nagusikoentzat.

Erabiltzaile bakoitzak 9 hilabetez erabil dezake esleitutako plaza.

Proiektuak tarifa-formatu berri bat du, Bizileku izenekoa. Tarifa berri hori hilean 15,99 €-koa izango da, baina berezitasun batekin: hobari handiak aplikatuko dira, bizikletaren erabilerari buruzko datuen arabera. Hilean zehar bizikleta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobari handiagoa eskuratuko da.

Baldin eta, proiektuaren lehen hilabetetik, esleitutako plazaren monitorizazio-datuek erakusten badute bizikleta ez dela erabili proiektu honek ezartzen dituen gutxienekoen arabera, erabiltzaile horiei baja emango zaie proiektu pilotutik, aurrez abisatuta. Hala, zerrendako hurrengo pertsonari eskainiko zaio proiektuan sartzeko aukera.

Plazak esleitzea

Izena emateko epea

2026ko martxoaren 5era, barne.

Zerrenda argitaratzea: 2006ko martxoaren 6an, udalaren web-orriaren azalean eta vitoria-gasteiz.org/bizikletan.

Baldintzak
  • 18 urtetik gora izatea.
  • BIZILEKU aparkaleku seguruak kokatuta dauden 2 eremuetako batean erroldatuta egotea.
  • Pertsona bakoitzak behin bakarrik parte har dezake.

Udalak egiaztatu egingo du adinari eta erroldari buruzko baldintzak betetzen direla.

Eraginpeko eremuak

Plaza eskatzeko urratsak

Plaza bat eskatzeko, jarraitu urrats hauei:

  1. Pverde plataforman aurrez erregistratzea. Ezarritako bi eremuetako batean bizi diren eta BIZILEKU proiektuan parte hartu nahi duten pertsonak Pverde(Beste leiho batean irekiko da) plataforman erregistratu behar dira.
  2. BIZILEKU plaza eskatzeko izena ematea. PVerde plataforman erregistratu ondoren, bete izena emateko inprimaki hau, hartara, eskabide-kopuruak eskaintzena gainditzen badu, zozketan parte hartzeko.

Erabileraren jarraipena

Gasteiz hirian egingo den proiektu honen funtsezko helburua aparkaleku-formatu berri bat probatzea eta ebaluatzea da. Bizikletaren erabilera sustatzen lagunduko du formatu berri horrek, modu jasangarrian, ekitatiboan, berritzailean eta erakargarrian. Eta, hortaz, mugikortasun osasungarria sustatzen jarraitzeko balioko du, eta mesede egingo dio Gasteizko garraio mota guztien deskarbonizazioari.

Proiektu pilotuak irauten duen bitartean hainbat elementu, funtsezkoa izango da plataforma eta gailuren bidez jasotako datuak eskuratzea proiektuaren eraginkortasuna ebaluatzeko eta, hala, Gasteizen bizikletaren erabilera, mugikortasun jasangarria, CO2aren murrizketa eta emisioen murrizketa sustatzeko eredu berriak bilatzeko. Hortaz, aipatutako emaitzak aztertzeak aukera emango du proiektuaren etorkizuneko faseetan Bizileku plazen erabilera-arauak, esleipena eta kudeaketa egokiago doitzeko eta zehazteko.

PVerde-ren bidez datuak eskuratzea

PVerde plataformaren bidez, bizikleta bakoitza Bizileku aparkalekura sartzen deneko eta hortik irteten deneko datuak eskuratuko ditugu, baita erabilera handieneko eta txikieneko ordu-tarteen eta aldien gaineko datuak ere.

Police-Bike gailuaren hautazko ezarpena

Plazen erabilera monitorizatu egin daiteke proiektu pilotu osoan zehar, guztiz berria den gailu baten bidez: Police-Bike (aurrerantzean, PB). Gailu hori ezartzea aukerakoa da, eta Bizileku plazaren aldi baterako erabiltzaileak berariaz eskatuz gero bakarrik ezarriko da. Haririk gabeko Bluetooth konexioaren bidez funtzionatzen duen aparatu txiki bat da, eta bizikleten leku guztiz ezkutuan jarriko zaie Bizileku proiektu pilotuan parte hartzen duten bizikletei, jarri nahi badute. Bizikletarekin lotuta dauden eta proiektu honekin kolaboratzen duten hiriko hainbat establezimendutan doan jarriko dute aparatua.

PB gailuak honakoei buruzko datuak emango dizkigu:

  • Bizikletak Bizileku aparkalekuaren barruan eta handik kanpo igarotako denbora.
  • PB gailua duen Bizileku bizikleta bakoitzak egindako kilometro kopurua.
  • Bizikleta-erabiltzaileen mugimenduaren bero-mapa. Hori lagungarria izango da bidegorri-sarea eta bidegurutzeak hobetzeko, bide berriak diseinatzeko...

Erabilera-arauak

Plazak eskuratzea

Eskabidea egiten duten pertsonek bakarrik eskura ditzakete aparkalekuak, eta izen-emate prozesu baten bidez aukeratuko dira. Funtsean, adinez nagusia izatea eta BIZILEKU aparkaleku seguruak jarriko diren bi eremuetako batean erroldatuta egotea izango dira aukeratzeko irizpideak.

Plazak esleitzea

Eskabide-kopuruak eskaintzena gainditzen badu, zozketa bidez esleituko dira plazak bi instalazioetan izena eman duten pertsonen artean, erroldatuta dauden eremuaren arabera. Zozketan sartu ahal izateko, biztanleek euren NANarekin erregistratu behar dute, eta helbidea eskatu den Bizilekuren kokapenarekin bat datorrela egiaztatuko da. Honakoak dira bi eremuak, atxikitako planoen arabera:

Plazak 9 hilabeterako esleituko dira. Bi Bizilekuetako batean plaza bat esleitu zaien erabiltzaileek plaza-zenbaki bera izango dute gordeta aipatutako denbora-tartean zehar.

Tarifak eta funtzionamendua

Esleitutako plazek VGBiziz Aparkaleku Seguruen Sarearen sisteman adierazitako egoiliar-tarifaren pean izango dira. Tarifa hori 15,99 €/ hilean ezartzen da jatorrian aparkatzeko, baina berezitasun batekin: hobari handiakaplikatuko dira, erabiltzaile bakoitzak hilabete bakoitzaren amaieran ematen dituen bizikletaren aldikatze-datuen arabera

Hilean zehar bizikleta maiz erabili duten erabiltzaileei aplikatuko zaie aipatutako hobaria. Hilean zehar bizikleta zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta hobari handiagoa, honako hobarien taularen arabera:

  • Egunean 1 erabilera, 2 ordutik beherakoa: 0,20 €/egunean
  • Egunean 1 erabilera edo gehiago (2 ordutik gora): 0,40 €/egunean
  • Hilean 4 erabilera edo gutxiago: Bizileku proiektuan baja ematea

Hobaridun tarifa honen bidez, eremu geografiko horretan bizi diren eta aurrez aipatu ditugun ezaugarriak dituzten erabiltzaileek izena ematea da helburua: etxean bizikleta gordetzeko lekurik ez dutenak, baina etxetik kanpoko espazio seguru batean uzteko aukera emanez gero, bizikleta eguneroko eta ohiko joan-etorrietarako erabiliko dutenak.

Uztea, sisteman baja ematea eta ordezkoak sartzea

Bizileku plaza bat esleituta duen edozein erabiltzailek edozein unetan utz dezake proiektua. Horretarako, 10 egun lehenago abisatu behar du, eta hasita dagoen hilabete osoa ordainduta utzi behar du.

Proiektu pilotu hau ez dago euren bizikletak aparkatu eta bertan uzteko asmoa duten erabiltzaileei bideratuta. Proiektuaren lehen hilabetetik, esleitutako plazaren monitorizazio-datuek erakusten badute bizikleta ez dela mugitu proiektu pilotu honek ezartzen dituen gutxienekoen arabera, erabiltzaile horiei baja emango zaie proiektu pilotutik, aurrez abisatuta. Hala, kanporatuaren lekuan Bizileku plaza bat eskuratzeko itxaron-zerrendan ordezko gisa geratu zen hurrengo pertsonari eskainiko zaio proiektuan sartzeko aukera.

Modu horretan, erabiltzaile mota horien erabileren eta mugimenduen gaineko ahalik eta datu gehien eskuratu nahi dira, dagokion ebaluazioa eta balorazioa egiteko. Horren arabera, etorkizunean proiektua hedatu edo garatu daitekeen erabakiko da, Bizileku formatuko bizikletentzako aparkaleku seguruen plaza gehiago ezartzeko.

Ikusi argitalpena Iragarki-Taulan

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.