Hiri Antolakuntzarako Plangintza Orokorra berrikustea - Glosategia

Revisión del Plan General de Ordenación Urbana

Glosategia
Hitzak Azalpena
Jarduketa bakana Jarduketa hauek hiri-lurzoruan bakarrik egiten dira eta ez daudenez plan berezi edo egikaritze unitate baten barruan mugatuta, jabeak banaka ekin diezaieke. Horretarako, jarduketa honetarako planteatzen diren laga beharreko eskubideak eta urbanizazio beharrizanak bakarrik bete behar ditu.
Jarduketa integratua Jarduketa hauek bai hiri-lurzoruan eta baita lurzoru urbanizagarrian ere egiten dira. Hiri-lurzoruan plan berezi eta egikaritze unitateen bidez mugatzen dira garatu beharreko areak; lurzoru urbanizagarrian, berriz, sektoreen bitartez. Lurzoru horren jabe multzoak mugatutako lurzoru hori garatu dezake. Horretarako, HAPOak derrigorrez ezarritakoa eman beharko dute, onura eta kargak banatu denen artean eta urbanizatu.
Kalifikazioa Kalifikazioak definitzen ditu udalerriko lursail bakoitzean egin daitezkeen erabilerak. Modu horretan, jakingo dugu zein jarduera gara dezakegun leku bakoitzean.
Lurzoruaren sailkapena Lurzorua hiru motatan sailkatzen da hirigintzari begira: hiri-lurzorua, lurzoru urbanizagarria eta lurzoru urbanizaezina.
Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak LAG Haien bidez lurraldearen antolamendurako eredu sozio-ekonomiko-ekologiko zehatza ezartzen da. Lurraldea oro har, eta udalerriak bereziki, garatzeko nahitaezko ildo nagusiak dira.
Eraikigarritasuna Eraikigarritasuna da lurzoru metro koadro bakoitzeko zenbat eraikin metro koadro eraiki daitekeen. EAEko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 legeak eraikigarritasun motak ezartzen ditu: eraikigarritasun fisikoa, hirigintzakoa, haztatua eta batez bestekoa.
Eraikigarritasun gordin edo fisikoa Lur gainean eta lur azpian, sotoan, eraikiko diren metro guztien batuketa da.
Batez besteko eraikigarritasuna Azalera baten gaineko batez besteko eraikigarritasuna kalkulatzeko aurretik existitzen ziren eta mantentzen diren sistema orokorren azalera kendu behar da. Ondoren, eraikitako metro guztiak azalera berri horren artean banatzen da.
Hirigintza-eraikigarritasuna Eraikigarritasun mota hau kalkulatzeko, ez ditugu kontuan izango ekipamendu diren eraikinak. Merkatuan balio ekonomiko bat duten eraikitako metroak izango ditugu kontuan. Adibidez: bulegoak, etxebizitzak, merkataritza zentroak, aparkaleku pribatuak, ikastetxe pribatuak...
Gentrifikazioa Hirigintza planen bitartez hiriko auzo edo zona bat zaharberritu nahi denean, bertako biztanleek zenbait gasturi aurre egitera behartuta daude. Hori posible ez dutenean, euren jabegokoa saldu eta hiriko beste zona batera alde egin behar izaten dute. Hori gertatzen da, esate baterako, hirigune historikoen berritze turistikoa egiterakoan.
Hitzarmen-batzarra (aurreko konpentsazio batzarra) Lurzoru urbanizagarri baten jabeek legez hitzarmen-batzarra sortu behar dute lurzoru hori erabiltzeko.Jabeen %50ek gutxienez osatu behar du batzarra. Horren konpromisoetariko bat onurak eta kargak hainbanatzea da.
Garrantzi komunitarioko lekuak (GKL) Babestutako ekosistemak dira. Biodibertsitatea bermatzea da helburua, habitat naturalen kontserbazio eta lurraldean lehentasunezkotzat hartutako basa fauna eta floraren bitartez. Leku horiek herrialde ezberdinek aukeratu dituzte ikerketa zientifikoetan oinarriturik eta Natura 2000 europar sareko Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) izango dira.
Barne eraberritzeko plan berezia Plan honek aspaldi eraikita dagoen baina eraldatu nahi den auzo bat nolakoa izango den definitzen du. Hiri lurzoru finkatuan -guk herri edo hiri bezala ezagutzen duguna- esku hartzeko eta lurzoru hori eraldatzeko erabiltzen den tresnetariko bat da.
Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra Herri eta hiriak antolatzeko erabiltzen den tresna da. Tresna honekin herria edo hiria nolakoa izango den erabakitzen da eraiki aurretik, helburu edo estrategia batzuen arabera. Udalerri guztiari zerbitzua ematen dien egiturazko gaiak zehazten ditu; hiriko ardatzak, ze partzelatan kokatzen diren ospitale, estazio, hiriko parke... Baita non kokatuko diren etxebizitzak, non industria, non ekipamenduak... Horri lehen erabilera xehatua deitzen diogu. Birgaitzeko zonak zeintzuk diren, zer zonatan ez den birgaitzerik behar etab. ere esango digu
Hiri Antolakuntzarako Plan Berezia Plan orokorraren egiturazko antolamendua garatzeko helburua duen plana; horretarako, plan orokorrak egiturazko antolamendua atzeratzea baimentzen duen hiri-lurzoruetan antolamendu xehatua ezartzen du. Plan orokorrean hiri-lurzoruarentzat zehaztutako antolamendu xehatua aldatzeko ere erabil daiteke.
Hiri Berrikuntzarako Plan Berezia Plan hauen helburua honako hauek dira: hiri-lurzoruaren kongestioa arintzea, zuzkidura publikoak eta ekipamendu kolektibo pribatuak sortzea, auzoak saneatzea, hiria berroneratzea eta birgaitzea, barne-erreforma, mugikortasun-arazoak edo estetika-arazoak konpontzea, ingurumena edo zerbitzu publikoak hobetzea, eta antzeko beste batzuk. Helburu horiek betetzeko, jarduketa zehatzak egingo dira, eta jarduketa horiek aurreko antolamenduaren funtsezko egitura gordeko dute.
Plan Partziala Dokumentu honetan HAPOak urbanizatzeko mugatu duen zona bat xehetasun gehiagorekin definitzen da. Bertan HAPOaren aholkuei jarraituz honako hauek antolatzen dira: bigarren mailako kaleak, plazak, etxebizitzak, neurri txikiagoko erabilera publikoak... . Esan daiteke auzo berriak nolakoak izango diren definitzen duela.
Lurraldearen Plan Partziala EAEko eskualde (hamabost eskualde) bakoitzerako pentsatutako planak dira. Gure kasuan Araba Erdialdekoa da eta bertan eskualde guztiari eragiten dioten gaiak definitzen dira. Gai sektorial guztiak biltzen saiatzen da. Babestu beharreko eremuak, teknologi enpresak ezartzeko eremuak, eskualdearentzako beharrezkoak diren azpiegiturak... finkatzen ditu.
Lurraldearen Plan Sektoriala Sektore edo gai baten lurraldeko ezarpena nolakoa izango den agintzen du, gure kasuan EAEko lurraldean. Hezeguneen, ibai eta erreka ertzen, ekonomia jardueretarako... plan sektorialak dauzkagu.
Egiturazko ordenamendu planak Egiturazko planak hiru dira: hiri antolamenduko plan orokorrak, bateragarritze planak eta sektorizatze planak
Antolamendu xehatuko plana Plan xehatuak edozein motatako plan partzial eta plan bereziak dira.
Urbanizatzeko jarduketa-programak Programa hauen helburua jarduketa integratuak antolatzea da. (Jarduketa integratuak hiri-lurzoru finkatugabean eta lurzoru urbanizagarrian egiten dira, batera garatzen dira eta onuren eta kargen banaketa inplikatzen dute.)Programa hauek urbanizazioetako obrak definitzen dituzte, urbanizazioa pribatua ala publikoa izango den, kostuaren aurreikuspena, epeak etapa bakoitzerako baita partzeletan eraikitzeko epeak ere.
Lurzoruaren birsailkapena Birsailkapena lurzoru motaren aldaketa da. Lurzoru urbanizaezina ezin daiteke zuzenean hiri-lurzoru izatera pasatu. Hiri-lurzorua izateko baldintza jakin batzuk bete behar dira. Lehenengo lurzoru urbanizagarri izatera pasatu behar du.Hiri-lurzoru izatetik lurzoru urbanizaezin izatera pasatu nahi baldin bada, hiri-lurzoruak berez dauzkan erabilerak kendu beharko dira, berriz ere eraldatu gabeko bat izan dadin, lurzoru natural bat, alegia.
Onura eta kargen banaketa Sektore bat garatzean, hau da, lurzoru urbanizagarri zati bat garatzean, kostu batzuei aurre egin behar zaie, baina onura batzuk ere badaude. Onura horiek hiri-lurzoruan kokatutako partzelak dira. Banaketa jabe bakoitzari kostu eta partzela edo partzeletako eskubideak ematea da, garapenean bakoitzak jarri duen lurzoruari dagokion heinean.
Birprogramatzea edo desprogramatzea. Lurzorua birprogramatzea hau da: urbanizazio-obrak eta eraikuntza-lanak egiteko epeak aldatzea. Lurzoru bat desprogamatzen denean, berriz, lan horiek egiteko epeak zehaztu gabe geratzen dira.
Jarduketa-sistema Jarduketa sistemen bidez arautzen da nola garatu daitekeen lurzoru urbanizagarriko sektore bat edota hiri-lurzoruko area bat modu bateratuan.Jarduketa sistemak publiko eta pribatuak izan daitezke.Bi sistema publiko daude: desjabetze sistema eta lankidetza sistema.Sistema pribatuak ere bi dira: eragile urbanizatzailea eta hitzarmen-sistema.
Sistema orokorrak Sistema hauek udalerri guztiari ematen diote zerbitzua, adibidez: kale nagusiak, erdialdeko plazak, garraio geltokiak, ospitaleak, hiriko parkeak, ikastetxeak...
Tokiko sistemak Sistema hauek kokatuta dauden eremuari ematen diote zerbitzua, adibidez: anbulatorio bat, bigarren mailako kale bat, auzoko plaza edo jolas parke bat.
Lurzoru urbanizaezina Lurzoru mota honetan hiri-erabilerak debekatuta daude. Nekazaritza, basogintza eta abeltzaintza dira lurzoru honen erabilera nagusiak. Erabilera horiei lotuta ez badago, ezin da urbanizatu, bai eraikitzeko egokiak ez direlako bai babestu nahi direlako.
Lurzoru urbanizagarria Lurzoru mota hau aurreko HAPOan lurzoru urbanizaezina zen baina HAPO berriak etorkizunean hiri-lurzorua izango dela jasotzen du. Beraz, lehen ezin zen bertan eraiki, komenigarria ez izateagatik edo ingurunea babesteagatik, baina orain bai.Lurzoru urbanizagarriaren barruan bi mota dago: sektorizatua eta sektorizatugabea. Sektorizatua zatituta dago zehatzago antolatzen hasteko. Sektorizatugabeak sistema orokorrak diseinatu behar ditu, zer sektoretan zatituko den antolatzeko.
Hiri-lurzoru finkatua eta finkatugabea Lurzoru mota hau lurraldea eraldatuta dagoen lekuetakoa da: eraikitako auzoak, alde zaharrak, herrixkak...Hiri-lurzoruaren barruan bi mota dago: finkatua eta finkatugabea. Finkatua erabat eraldatuta dago, ez da aldaketarik aurreikusten. Finkatugabean, berriz, aldaketak egon daitezke. Finkatutako hiri-lurzorua, finkatugabe bihur daiteke, baldin eta HAPO berriak horrela jasotzen badu.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: