Langileak hautatzeko eta aldi baterako kontratazioetarako zerrendak kudeatzeko prozesuetan datuak babesteko udal protokoloa

2018ko martzoaren 9ko ebazpenaren bidez protokolo hau Funtzio Publikoko Zinegotziak onartu zuen. (2021/01/18an eguneratua)

Imprimatzeko bertsioa

Funtzio publikoan sartzeko edo lanbide-sustapenerako hautaketa-prozesuetan parte hartzen dutenek, baita Gasteizko Udalaren aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan sartzen direnek ere, berariaz adierazten dute, eta baieztatzen, prozesu horietan parte hartzen dutelarik oinarriak onartzen dituztela, baita deialdiak arautzen dituzten gainerako araudiak ere, eta, kasua bada, Aldi Baterako Kontratazioetarako Zerrendak Kudeatzeko Araudia. Horrela, bada, beren datuak Gasteizko Udalaren ardurapeko fitxategietan sar daitezela baimentzen dute, harremanetarako balia daitezen, eta orobat hautaketa-prozesuei eta, kasua bada, aldi baterako kontratazio-zerrendak kudeatzeari dagozkienetarako.

Publikotasun-, gardentasun- eta konkurrentzia-printzipioek arautzen dituzte hautaketa-prozesuak, eta, horrenbestez, ez dira onartuko klausula honetan adierazten diren datuak tratatu eta komunika daitezela onartzen ez dutenen eskabiderik, eskatzen diren datuak eta horien tratamendua beharrezko baitira hautaketa-prozesua eta lan-eskaintzak kudeatzeko.

Alde horretatik:

- Gorago adierazi diren helburuekin eskatzaileekin egiten diren telefono-elkarrizketak grabatu egin ahal izango dira, hautaketa-prozesuaren kontrola eta gardentasuna errazte aldera.

- Hautaketa-prozesu aktiboen epaimahaiari dagozkion argitalpenak udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, Nire hautaketa-prozesuak atalean, eta prozesu horretan interesa duten pertsonek soilik izango dute bertara sartzeko aukera

- Beste administrazio batzuen nahiz horien erregistroen informazioa eskuratu edo eskatu ahal izango du Udalak, gorago adierazi diren helburuetarako beharrezko den informazioa osatzeko edo erkatzeko beharrezkoa bada.

- Kontratazio-zerrendetan eta prozesuko txostenetan biltzen diren datuak zerrenden kudeaketaren jarraipen-batzorde mistoari komunikatu ahal izango zaizkio, hautaketa-prozesuaren kontrol eta jarraipenerako, eta horren inguruan izan litezkeen eztabaidak ebazteko.

- Kontratazio-zerrendak kudeatzeko prozesuetan gardentasuna bermatze aldera, norberaren eta kontratazio-zerrendan dauden gainerako pertsonen egoerari buruzko informazio eguneratura —zerrenda osatzen duten pertsonen identifikazioa, puntuazioa, zerrendako hurrenkera, egoera administratiboa eta egiaztatutako euskara-maila— sarbidea emango du Gasteiz Udalak, modu seguruan, identifikazio digitalaren bitartez.

- Erakundeen arteko lankidetzaren esparruan, beste administrazioren batek Gasteizko Udalari laguntza eskatzen badio aldi batez hutsik dituen lanpostuak betetzeko, eta dena delako hautaketa-prozesuan parte hartu dutenek banaka horretarako baimena ematen dutelarik, prozesu horretatik sortutako kontratazio-zerrendako kideen izen-deiturak, telefonoak, euskara-mailak eta hurrenkera komunikatuko dizkio Udalak, hark hautagai bat proposatu ahal izateko eta ez bestetarako. Horretarako, hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidean laukitxo bat izango da, lagapen hori baimendu ala ukatzeko.

- Datuak ikusi, zuzendu eta ezeztatu ahal izango dira, baita datuen babesari buruzko araudian aitortzen diren gainerako eskubideak baliatu ere —eramangarritasuna eta tratamenduaren mugapena—, Gasteizko Udalari eskabidea eginez —Teodoro Dublang Margolariaren kalea, 25; 10008 Vitoria-Gasteiz—. Orobat egin ahal izango da kontratazio-zerrenden web-orriaren bitartez edo 945 161653 telefonora deituz —identifikazio-gakoa beharko da—. Datuak aldatuz gero, bitarteko horietakoren bat baliatuz jakinarazi beharko dute titularrek, horien erantzukizuna izango baita eguneratuta edukitzea.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.