Udalak industrialdeetako mugikortasun plana zehaztuko du bertako enpresa eta agenteekin

2020ko irailaren 18an

Planaren prestaketaren kontratazioan CEAk, Ekonomia Sustapenaren Sailak, GILSAk eta TUVISAk hartu dute parte.

Mercedes lantegiaren aparkalekuetako bat

Datozen hilabetetan, udalak udalerriko industrialdeetako mugikortasun plana zehaztuko du industrialdeetako enpresa, industria eta agenteekin, iraunkortasunean oinarrituta hainbat alderdi hobetzeko: joan-etorriak, sarbideak eta aparkalekuen kudeaketa, besteak beste, enpresek berek eta industrialdeetara egunero joaten diren langileek adierazitako beste zenbait erronka eta beharren artetik.

“Lantoki handi hauei lotutako mugikortasuna iraunkortasun irizpideen bitartez optimizatzea da xede; izan ere, langileen % 87 Gasteizen bizi da, eta gehienek ibilgailu pribatuz egiten dituzte joan-etorriak bere lantokietara. Kontuan hartuta ia 250.000 biztanleko udalerri batean 30.000 pertsona baino gehiagok egiten dutela industrialdeetan lan, lan-mugikortasun horrek pisu handia du hiriko mugikortasun orokorrean. Adierazten dizkiguten beharrei eta eskakizunei erantzun nahi diegu, eta trantsizio ekologikoaren erronkek, klima-aldaketaren kontrako borrokak edo Garapen Jasangarriaren Helburuek markatutako hiri-estrategia partekatuen barruan egin nahi dugu” azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Ildo horretatik, “industria azken eraldaketa sozial eta ekonomikoaren babesgunea izan zen. Industria-sarea Gasteizko eraldaketaren eragilera izan zen 60ko hamarkadan eta, zalantzarik gabe, zeregin garrantzitsua izaten jarraitu behar du, hiriak egungo eredu ekonomiko eta sozialean ondo kokatuta egoteko behar duen bultzadan. Gasteizek enpresen eskutik joan nahi du eta horrela joan behar du, kasu honetan, mugikortasun iraunkorraren erronkei elkarlanean konponbideak emateko” ekarri du gogora.

Gasteizek izaera industrial nabarmena izaten jarraitzen du. 1.500 Ha-ko industria-lurra du, trinkoa eta egoitza-eremuetatik hurbil gehiena, eta zortzi industrialdetan banatuta: Jundizko enpresa parkea, Ehari-Gobeu, Arriaga, Armentia, Gamarra-Betoñu, Betoñu-Larragana, Oreitiasolo-Ansoleta-Jauregilanda, Arabako Teknologia Parkea.

Jundizko Enpresa Parkea da, alde handiarekin, industria eremu zabalena; guztizko azalera produktiboaren % 43a du eta, horretaz gain, Jundizen dago enpresa berriak jartzeko lurzoru-erreserba handiena, eraiki gabeko orubeen % 59 bertan baitago.

Udalerriko industrialde handienek –Ehari-Gobeu, Jundizko Enpresa Parkea, Arriaga, Gamarra, Betoñu eta Oreitiasolo– izaera industrial edo misto handia izaten jarraitzen dute; Armentiak formatu handiko merkataritza-jarduerak ditu espezialitate, eta Arabako Teknologia Parkea eduki teknologiko handiko sektore erdiproduktiboa izateagatik nabarmentzen da, parke teknologiko izaerarekin bat.

Hauek izan dira industrialdeetako mugikortasun plangintzaren aurrekariak: Arabako Teknologia Parkeko Mugikortasun Iraunkor eta Segururako Plana (2008), Gasteizko Industrialdeetako Mugikortasun Plana (2011) EHUren Arabako Campuseko Mugikortasunaren Azterketa (2013) eta Jundizko Industrialdeko Mugikortasun Iraunkorrerako Plana (2016).

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: