FotoArte lehiaketaren oinarriak 2024 – 19. edizioa

1.-Gaia

FotoArte lehiaketaren bidez jarduera artistikoa irudikatzen duten argazkiak saritu nahi dira. Horretarako, gai bat aukeratzen da edizio bakoitzean. 2024koa ANTZERKIA izango da.

2.- Parte-Hartzaileak

Espainiako lurraldean bizi diren 18 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute lehiaketan.

3.- Argazkiak Aurkeztea

Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki aurkeztu ahal izango ditu; berak egindakoak eta beste lehiaketa edo proiektu batean saritu gabekoak. Bi argazki baino gehiago aurkeztuz gero, bakarrik azken biak hartuko dira kontuan.

Edozein teknika edo prozedura onartzen da: digitala nahiz laborategikoa, koloretan nahiz zuri-beltzean.

Argazkiak JPG formatuan eta 72 ppi-tan aurkeztu beharko dira. Alde handienak 2000 pixeleko neurria izango du.

Aurkeztutako proposamenek ezin izango dute egilearen izenik izan, ezta bestelako bereizgarri pertsonalik ere. Artxibo digitalaren IPTC metadatuetan ere ez da datu pertsonalik agertuko. Lanak ez dira onartuko, baldintza horiek guztiak betetzen ez badira.

Parte-hartzeko formularioa

4.- Argazki Hautatuak Eta Sarituak

Epaimahaiak 32 lan aukeratuko ditu jasotakoen artean. Horietatik hautatuko dira saridunak. Udalak talde-erakusketa bat antolatuko du argazki horiekin, 2024ko bigarren lauhilekoan, Gasteizko gizarte etxeetako erakusketa geletan eta udalaren webgunean.

Gasteizko Udala arduratuko da lan hautatuak argazki-paperean inprimatzeaz. Horretarako, antolatzaileek lanak fotoarte@vitoria-gasteiz.org e-postara bidaltzea eskatuko diete egileei, fitxategiak transferitzeko aplikazio baten bidez (adibidez: WeTransfer). Argazkiak 300 ppi-tan egongo dira eta, gehienez, GB bateko tamaina izango dute. Era berean, inprimatuko den irudiaren neurria aukeratu beharko dute, betiere jakinda gehieneko tamaina 40 x 50 cm-koa izan daitekeela.

5.- Lanak Jasotzeko Epea

Lanak onartzeko epea 2024ko otsailaren 16tik martxoaren 18ra izango da, biak barne.

6.- Sariak

Lehenengo saria: 1000 €

Bigarren saria: 700 €

Bertako artistaren saria: 400 €

2 akzesit: 150 eurokoa bakoitza

Sari bakoitzaren zenbatekoari zerga-legerian aurreikusitako atxikipenak ezarriko zaizkio.

Bertako artista saria Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten duten pertsonek aurkeztutako lanen artean hautatuko da. Saridunak egoera hori justifikatu beharko du.

Edozein sari eman gabe geratu ahalko da, epaimahaiaren iritziz lanek behar adinako kalitatetarik ez badute.

7.- Epaimahaia

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak epaimahaia izendatuko du, hiru pertsonek osatua. Argazkigintzari lotutako pertsonak izango dira. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

Epaimahaiak lanen kalitate artistikoa eta teknikoa balioztatuko du, bai eta lehiaketaren gaiarekin duten lotura ere.

8.- Epaia

2024ko apirilaren 12an argitaratuko da udalaren web-orrian (www.vitoria-gasteiz.org/fotoartelehiaketa). Bertan lan hautatuak, sarituak eta horien egileak emango dira jakitera.

9.- Sari-Banaketa Eta Erakusketa

Sariak banatzeko ekitaldia Pilarreko gizarte etxean izango da 2024ko maiatzaren 30ean, 19:00etan. Ondoren, lan hautatuen erakusketa inauguratuko da. Ondoren, erakusketa-ziklo bat antolatuko da Gasteizko hainbat gizarte etxetan.

10.- Lan Hautatuak Itzultzea

Gasteizen bizi diren parte-hartzaileen argazki hautatuak Pilarreko gizarte etxean berreskuratu ahalko dira, paperean inprimaturik, 2024ko irailaren 20tik aurrera.

Gainontzeko egileek postaz jasoko dituzte argazkiak, baldin eta kontrakorik adierazten ez badute. Lanak bidalitakoan, antolatzaileek ez dute euren gain hartzen lanak galdu edo hondatu izanaren ardura.

Saritutako argazkiak lehiaketa antolatu duen erakundearen esku geratuko dira, eta erabili ahal izango ditu bakarrik lehiaketaren sustapena eta difusioa egiteko edota horretarako antolatzen diren jardueretan, beti ere, egilearen izena aipatuz.

2024ko urriaren 20a baino lehen berreskuratu edo eskatu ez diren argazkien jabegoa hartuko du Gasteizko Udalak, eta eskubidea izango du egokien iruditzen zaion helbururako erabiltzeko, beti ere, egilearen izena aipatuz. FotoArte lehiaketarekin zerikusia ez duten beste jardueretarako erabili nahi izanez gero, egileari jakinaraziko zaio. Irudiak eta horiek erabiltzeko eskubideak ezin izango dira hirugarrenen esku utzi, ezta saldu edo irabazi-asmoetarako erabili ere.

11.- Oharrak

  • Lehiaketa honetan parte hartzeak berez dakar oinarriak oso-osorik onartzea.
  • Hori horrela, parte-hartzaileak berariaz adierazten du bera dela lehiaketara aurkezten dituen lanen egilea, eta bereak direla lan horien egile-eskubideak.
  • Egileek mantendu egingo dituzte Jabego Intelektualaren Legearen Testu Bateratuan adierazitako eskubideak. Hori horrela, haiek arduratuko dira Lege horretan jasotako xedapenak betetzeaz eta nork bere irudia izateko eskubidea bermatzeaz. Arduratuko dira, halaber, lanak editatzen eta zabaltzen direnean, horrek inoren eskubiderik ez kaltetzeaz. Hortaz, haiek izango dira erantzule, lege hori ez betetzeagatik gorabeherarik sortuz gero.
  • Oinarri hauetan ezarritako baldintza guztiak betetzen ez dituen lan oro automatikoki lehiaketatik kanpo geratuko da.
  • Lehiakide bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du.
  • Antolatzaileen edo, hala badagokio, epaimahaiaren ardura izango da oinarri hauek interpretatzea eta bertan aurreikusi gabeko edozein gorabehera ebaztea, lehiaketaren kalitatea eta gardentasuna bermatze aldera.

Kontaktua

fotoarte@vitoria-gasteiz.org

vitoria-gasteiz.org/fotoartelehiaketa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.